Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategian lan deialdia zabaldu dugu.
Aurkezteko epea: urriak 22.
Deialdi honen bidez diseinuari, bitartekaritzari eta gizarte berrikuntzari lotutako ezagutza duten profilak bilatzen dira batez ere. Lanpostuaren funtzio nagusia zuzendariari laborategiaren jarduna garatzen laguntzea izango da.
EZINBESTEKOA: Unibertsitate gradua edo Doktoretza, Lizentzia, Ingeniaritza, Arkitektura edo baliokidea izatea. Euskara C1 eta Ingelesa B2, egiaztapen-tituluak aurkeztu beharko dira.
BALORAZIO FASEA: Lanpostua hautaketa prozesu baten bidez ebatziko da. Prozedurak hiru fase izango ditu: azterketa teoriko-praktikoa, elkarrizketa eta merezimenduen balorazioa (IKUS ERANTSITAKO DOKUMENTUA).
ESKAINTZEN DA: 18 hilabeteko ordezkapen kontratua jardun osoan. 3.300 euroko gutxi gorabeherako hileko soldata. Aurreikusitako hasiera data 2026/01/01
Zaila izaten da gure egunerokoan gelditu eta pentsatzea. Are zailago gelditu eta jolasean hastea. Baina ludikotasunak bideratu ditzake hainbat hausnarketa eta lagun dezake bestela helduko ez ginatekeen egoeratara iristen.
Fikzio Fabrika kolektiboak eta Badalab Hizkuntza Berrikuntzarako Laborategiak Kutxaz Kanpo zikloa antolatu genuen 2024an zehar mahai, karta eta rol jokoen bidez euskararen eta euskal hiztunen etorkizunak landu eta pentsamendu eta hausnarketa bide berriak sustatzeko.
Eta bide horretatik, pasa den urriaren 3an Kutxaz Kanpo proposamena egun osoko ahalduntze ludikorako saio bihurtu genuen Eibarko Markeskoa jauregian, euskalgintzaren ertz eta bektore ezberdinetako eragileekin batera maizter eskola* moduko bat antolatzeko. Asmoa parte-hartzaileei mahai jokoak erabiliz marko ludiko eta esperientzial eraldatzaileak sortzeko formakuntza eskaintzea zen. Izan ere, Euskal Herriko eragile ezberdinei tresnak eta heldulekuak eskaini nahi dizkiegu ludikotasunetik euskararen eta euskal hiztunen etorkizun egingarri, desegingarri, desiragarri eta arbuiagarrien gaineko espekulazio estrategikoak burutu, diseinatu eta martxan jartzeko, nork bere errealitatetik abiatuta.
* Maizter deitzen dio Atopia rol jokoak jokoaren gidari, zuzendari edo narratzailearen ardura hartzen duen pertsonari. Maizter eskola deitzen diogu jolas eta jokoen gidaritzarako formakuntza saioei.
Saioak bi helburu nagusi zituen:
Kutxaz Kanporen esperientzia teoriko eta praktikoa ezagutzera ematea euskalgintzako eragileei.
Euskalgintzen kokapen anitzetan “kutxaz kanpo” berriak sor daitezen baldintzak sortzea.
Baina, batez ere, ondo pasatzea.
Konplizitateak sortzeko eta sinergia berriak lortzeko aukera eman ziguten jolasek. Aurrez ezagutzen ez ginenen artean problematika berriei erantzuteko modu berriak eta ordura arte ezezagunak zitzaizkigunak bilatu genituen. Gure roletatik atera eta ume bilakatu ginen, eta bandido, artzain, robot, sasijakintsu, exoeskeletodun gerlari…
Bi jolasetan aritu ginen goizean:
ZEINUA: « Sign » jokoaren moldaketa bat erabili genuen, Nicaragauako ume gor talde baten esperientzia oinarri hartuta, hizkuntza konpartiturik ez duen (eta sortuko duen) giza talde bat bihurtzeko. Hitzez komunikatu ezinak zeinuen hizkuntza berri bat sortzeko beharra ekarri zigun eta konturatu ginen posible dela. Kode partekatu bat sortu genuen eta jerarkiak desagertzeko balio izan zuen.
URTE LASAIA (« A quiet year »): Komunitate baten etorkizuna irudikatu, marraztu, negoziatu eta esperimentatu genuen fikzio kolaboratiboaren bidez. Mapak marraztuz, istorio bat kontatu, komunitate bat eta gure burua imajinatu…
Bazkal ostean, mahai joko mordo bat eskaini zitzaizkien parte-hartzaileei, haien kezka, itxaropen eta arduretatik abiatuta kutxaz kanpo saio berri bat diseinatu zezaten taldean. Talde bakoitzak bere proposamena eskaini zion besteari, eta balio izan zigun estres egoeretan erabaki kolaboratiboak hartzeko, kooperatiben baloreetan sakontzeko eta gure aurreiritzien inguruko hausnarketa bat egiteko ere.
Argazkietan (Badass) ikus daiteke zeinen ondo pasa genuen.
Bertigoa zela usteko zenuen, baina, beharbada,hegan egiteko gogoa baino ez zen.
Piszifaktoria ideien laborategiak, lankidetza zabal batek lagunduta, « Hegan egiteko gogoa da » proiektuaren hurrengo urratsak emango ditu udazken honetan zehar, Badalaben. Bidaia horretan zehar, ikerketa artistiko komunitario baten bidez, etorkizuneko komunikazio-sistema multisentsorial bat aztertu eta proposatu nahi dute: Euskara hedatu bat, ahozkotasuna eta soinutasuna (orality/aurality) oinarri hartuta, beste zentzumenen bidez ere hedatuko dena. Izan ere, etorkizuneko hizkuntzak (baita euskara ere), esateaz eta entzuteaz gain, usaindu, ukitu eta sentitu egingo dira.
Proiektuaren ardatz nagusia instalazio performatibo bat izango da. Euskara hedatu baten bidez, parte-hartzaileek neurodibergentziari buruzko istorio oniriko bat entzun, ukitu, usaindu eta sentitu ahal izango dute. Ezen ez ikusi. Izan ere, esan bezala, argiari (eta, beraz, ikusmenari) uko egingo baitiogu instalazio honetan.
Sormen lan honen sorburua Etxepare Euskal Institutuak Bartzelonako Udalarekin egindako hitzarmen batean dago. Bartzelona Literatur Hiria izeneko deialdian aukeratua izan ostean, 3 asteko egonaldi literarioa egin zuen Mikel Ayllon idazleak 2024 urtean, dramaturgia proiektua lantzeko.
Antzezlanaren eta instalazio artistikoaren arteko hibridazio honek lehen urratsak Gasteizko Nazioarteko antzerki jaialdian eman zituen, eta Badalab du hurrengo geltokia. Hauek dituzu hitzorduak:
BERTIGOAK TAILERRA: Urriak 22, 19:00 – 20:15. Nola ikusi begiratu beharrik gabe? Nola atxiki inguruko errealitatea begiak horren nekatuta ditugunean? Irudiak gure gizartean daukan hegemoniaren aurrean, praktika artistikoen bidez beste zentzumenak erdigunera ekartzeko tailerra. Begiak itxi nahi dituzu hizkuntza berri bat sortzeko?