- Etorkisuneku 01 erakusketak etorkizuneko euskararen agertoki berriak irudikatu eta horien inguruan hausnartu ahal izateko hiru artelan eta soinu-instalakuntza bat biltzen ditu.
- Nora Goyalde, Iraitz Mateo eta Naiara de la Puente artista parte-hartzaileek iaz jaso zuten Etorkisuneku sormen bekarekin sortutako lanen erakusketa da. Dirulaguntzaren helburua zen euskaratik eta euskaraz biziko den hiztun komunitate sortzaile, berdinzale eta justua elikatzeko, gaurtik proposamenak gauzatzen hastea.
- Erakusketa otsailetik ekainera bitarteko programa publiko batekin osatuko da. Jardunaldiak, Laborategiak eta deialdiak bilduko ditu, etorkizuneko agertoki osagarriak elikatzen jarraitzeko.
- Etorkisuneku 01 erakusketa urtarrilaren 30etik ekainaren 15a arte irekiko da. Bisitatu ahal izateko, eta bisita gidatuetan parte hartzeko, hitzordua lotu beharko da.
Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategian Etorkisuneku 01 izeneko erakusketa ireki dugu. Etorkisuneku 01 erakusketak etorkizuneko euskararen agertoki berriak irudikatzeko artelanak biltzen ditu. Hizkuntzaren iruditegi kolektiboa berritzen lagundu nahi duten hiru artelan eta soinu-instalazio baten bidez, etorkizuneko euskaradun gizartearen iruditeria aberasteko bokazioa du erakusketak. Sormen piezak prototipo gisa funtzionatzeko sortu dira, hau da, eszenario berriak proposatu eta horien inguruko eztabaida elikatu nahi dute.
Etorkisuneku 01 erakusketa urtarrilan 30etik ekainaren 15a bitarte bisitatu ahalko da, aldez aurretik hitzordua hartuta.
Etorkisuneku sormen bekatik sortutako lanak
Nora Goyalde, Iraitz Mateo eta Naiara de la Puente dira Etorkisuneku 01 erakusketan parte hartu duten sortzaileak eta Etorkisuneku sormen bekaren irabazleak. Nerea Arrien idazlearen “Itzultzeko eskubidea” fabulatik abiatuta, artista parte-hartzaileek metodologia espekulatiboak erabili dituzte eztabaidaren abiapuntu izan daitezkeen sormen prototipoak proposatzeko.
Hiru artelan, performance bat eta soinu-instalazioa
Nerea Arrienen “Itzultzeko eskubidea” fabulak krisi klimatikoak eraginda egungo ur mailatik gora irudikatzen du etorkizuna. Aintzane Gamiz, Marga Altolagirre, Mikele Arizkorreta eta Arkaitz Gartziandia aktoreen laguntzarekin soinu-instalazio gisa egokitu da erakusketarako, Haimar Olaskoaga teknikariaren gidaritzapean. Fabulan, Obabel izeneko hiri bertikalean, euskara mainstream bihurtu da, gailu teknologikoek emozioak murriztu dituzte, eta gazteek hizkuntzak kontrolpean dituzten behin-behineko itzultzaileen kontrako errebolta hasi dute, etorkizun heze, teknokratiko eta itogarriaren erdigunean.
Bide horretatik, Nora Goyalderen “Isiltasun eskubidea” artelanak, hizkuntzaren etorkizuna irudikatzeko, ingurune zalapartatsuan kokatzea proposatzen du. Zarata ardatz, isiltasunaren etorkizun larriari begiratzen dio soinu, eskultura eta interaktibitatearen bitartez. Gizakiek sortzen dituzten soinu-hotsak, musikak eta zaratak aztertzen ditu gorputzarekin duten harremanari so eginda.
Naiara de la Puente eta José Miguel Baenaren “Euskaldun elektronikoekin amets egiten duen akordeoiak” performanceak eta haren arrastoarekin sortutako instalazioak euskararen etorkizunari buruz hausnartzeko musika, dramaturgia eta inprobisazioa erabiltzen ditu. Kultura eta arteak iruditegiak elikatu, aberastu, zabaldu eta hedatzeko duten gaitasunarekin esperimentatu dute, prozesuan sortutako musika idatzien edota aztarna artistikoen bidez galderak eta kezkak islatu ahal izateko.
Iraitz Mateok 2051. urtean kokatutako “Kapsulak” artelanean etorkizuneko egunerokotasunean hizkuntzak izan ditzakeen erabilera anitz posibleak hausnartu ditu. Horretarako, ikuspegi zabal edo makroaren ordez, ohiko eta errutinazko ekintza xumeetan hizkuntza erabilera prototipoak irudikatu ditu.
Etorkisuneku 01: Programa Publikoa
Etorkisuneku 01 erakusketaren markoan ekintzen programa publikoa abiatuko du Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiak. Helburua izango da, zientzia fikzioa ardatz eta erakusketa osatzen duten prototipoen laguntzarekin, euskararen agertoki berrien inguruan hausnartzea; iraganaz, orainaz eta etorkizunaz.
Zer nolako ekarpena egin dezake zientzia fikzioak iruditegi berria elikatzeko bidean eta utopia kolektiboaren eraikitze gaitasunean? Nahikoa al da irudikatzearekin? Galderaz hausnartu nahi duen jardunaldia egingo da martxoan, hitzaldi eta tailer formatuetan. Horrekin batera, denboraren ardatza oinarrian izango duten laborategiek osatuko dituzte bestelako proposamenetako batzuk. Zein dira etorkizuna “iragartzeko” euskal metodologia anzestralak? Galderaren bueltan laborategia jarriko da martxan, eta itzulpenarekin esperimentatzeko aukera ireki nahi du laborategiak ere. Bisita gidatuak egongo dira komisariotza eta artista taldearen eskutik. Erakusketa bisitatu zein bisitetan parte hartzeko izen-ematea laster irekiko da.
Proposamenak, orokorrean, publiko orokorrari zuzenduak izango dira, eta zehaztasunak webgune honetan argitaratuko ditugu. Era berean, Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiak, haren esperimentazio izaerari jarraiki, gonbidapena luzatu nahi du programaren baitan txerta daitezkeen proposamenak egiteko; helburu argi batekin, kolektiboan eraikitzea euskarari eta hizkuntza komunitateari lotutako kontakizunak, sinesmenak edota diskurtsoak elikatzeko bidea.