Elkarrizketa batek badakigu bi alderen inplikazioa behar duela, hitz egiten duenarena eta entzuten duenarena, eta, aldi berean, rol horiek aldatzen doazela, orain entzuten duenak gero hitz egin egingo du, eta alderantziz. Guztiz agerikoa dirudien arren, euskararen erabileraz ari garenean, oso gutxitan erreparatu izan diegu, euskara-ikasleak uler dezan, euskal hiztunak bere hizkeran egin beharreko egokitzapenei. Hain justu Errenterian abiatu dugun « Euskaraldi indartua Errenteria-Orereta » proposamenak horretan jarri du fokua.
Izan ere, 2023ko urritik, Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategian, Soziolinguistika Klusterrarekin eta herriko hainbat eragilerekin batera, Aldahitz ikerketak bere baitan dituen tresnak esperimentatzen ari gara: Ulersaioak eta Ulerrizketak, hain zuzen.
- Ulersaioak: Belarriprest izango direnak trebatzen. Saio horien bidez, euskaratik urruti dauden pertsonek ahozko ulermen maila ertaina eta elkarrizketa elebidunak izateko gaitasun komunikatiboak garatzen dituzte. Errenteria-Oreretan 10 pertsonek amaitu dituzte ulersaioak aurtengo otsailean eta beste hainbatek abiatu dute bidea.
- Ulerrizketak: Belarriprestak eta Ahobiziak elkarrizketa egokituan. Gela batean ematen diren saio gidatuetatik at, beraien egunerokotasunean euskararekin harremanetan jarraitu dezaten, Ulerrizketak izeneko bigarren tresnarekin esperimentatzea proposatu zaie. Bertan konfiantzazko pertsona batekin lotzea da helburua, egunerokotasunean euskaraz arituko zaiona eta horretarako euskara ulerterrezagoa erabiliko duena, edota ohiko elkarrizketetan baino lasaiago hitz egingo diona.
Ahozko gaitasun altua duten pertsonek beraien euskara egokituz
Ulerrizketak metodoan, beraz, beharrezkoak dira “euskara errazean” eta ohikoan baina modu lasaiagoan ariko diren pertsonak. Ariketa erraza dirudien arren, ez da. Horregatik, lagungarriak izan daitezkeen hainbat gako eta praktika partekatzeko, eta baita hizkuntzaren erabileraren aspektu komunitarioa indartzeko ere, lehen aldiz Badalabek eta Klusterrak saio teoriko-praktiko bat egin genuen, maiatzaren 8an, Euskaraldiaren hasierarako egun gutxi falta zirela.
Hainbat helburu jarri genizkion saio horri. Hasteko, hizkuntzan ardazturik herritarren arteko konplizitate berriak sustatzea, “honetan elkarrekin gaude” bat. Bigarrenik, haien arteko harremana euskaraz (edo elebitan) izan dadin bermatzeko tresnak eta gakoak eskaintzea. Azkenik, erronka bat proposatzea: Gaur entzun, ikusi eta sentitutakoaren ondoren, “Euskaraldi indartua Errenteria-Oreretan”, egingo dugu?
Pausoz pauso
Badalaben egindako saio horretan 26 pertsonek hartu zuten parte: Ulersaioetako lehen promozioko 7 belarriprest, eta Koldo Mitxelena hezkuntza komunitateko, udal langile eta ordezkaritzako zein euskararen normalizazioan aliatuak diren herriko agenteetako 19 pertsona. Eta guztiek eman dute izena “Euskaraldi Indartua Errenteria-Orereta” proposamenean parte hartzeko.
Saioan bertan herritar eta euskaldun tipologia ezberdinen arteko aitortza eta erabilerara begirako konplizitateak sortu ziren eta, Ahobizien aldetik, kuriositate handia piztu zuen ekimenak. Praktikara eramanda, Ahobizi eta Belarriprest-en arteko elkarrizketa interesgarriak eta normalean desorosoak direnak eman ziren, agerian utziz alde bakoitzak euskaraz bizitzeko dituen zailtasunak, erronkak eta kezkak. Saioan zehar argi ikusi genuen Belarriprest batzuek jada egiten dituztela euskaraz hitz egiteko saiakera txikiak ere.
Saioaren amaieran, parte-hartzaileek nabarmendu zuten baliagarria izan zela komunikazioaren eta elkar ulertzearen ideiaren inguruan hausnartzeko eta ardurak banatzeko: « euskaldunek ere ikasi behar dute euskara maila ezberdina dutenekin nola egokitu hizkuntza ». Izan ere, Ahobizi asko konturatu dira ez dela erraza euskara egokitzea eta errazagoa izaten dela gaztelaniara pasatzea askotan.
“Euskaraldi Indartua Errenteria-Orereta” hilabetez luzatuko da eta ekainaren 19an egingo dugu balorazio saioa. Badalaben, gure aldetik, esperimentuaren jarraipena egiten eta ikasketak ateratzen jarraituko dugu. Esperimentutik ateratako ikasketak helduen ohiko alfabetatze tresnak eta kanalak osagarritzeko izango dira eta Gipuzkoa Arigune proiektuaren baitan ere antzeko esperientziak martxan jartzea da asmoa.




