Gipuzkoa arigune izateko gaurtik eragiten

Argazkia: Taupa

Etorkizuneko eszenatokietan eragiteko bokazioa du Badalabek eta edonork, edonorekin eta edonoiz euskaraz eroso egingo duen, eta euskara gizarte kohesionatuago bat lortzeko bide izango den Gipuzkoa arigune egitasmoan murgilduta gabiltza lankidetzan, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Taupa euskaltzaleen mugimenduarekin, eta Soziolinguistika Klusterrarekin batera.

Proiektu honekin, irudikatzen dugu, besteak beste, gipuzkoar gehien-gehienak euskara ulertzeko gai izango direla, eta jendartean euskal hiztunek euskaraz egitearen aldeko kultura eta adostasuna nagusituko direla.

Datuen arabera, euskara ulertzeko gai da 16 urtetik gorako hamar gipuzkoarretik zazpi. Gazteen artean dago zabalduen euskararen ezagutza: 24 urtetik beherakoen artean ulermena praktikoki unibertsala da, beraz, orain arteko joera mantentzen bada, eta bertara bizitzera etorriko direnei ere ikasteko bitartekoak bermatzen badizkiegu, 2050ean, 50 urtetik beherako gipuzkoar gehien-gehienak euskara ulertzeko gai izango dira. Baikortasunez begiratzeko eszenatokia da.

Egitasmo honen bidez, hiztun bakoitza, norbere gaitasunetik abiatuta, urrats bat egitera animatu nahi dugu: euskara gutxienez ulertzera iristeko beharra eta gogoa sorrarazi nahi dugu oraingoz ulertzen ez duten horiengan, eta horretarako aukera berriak eskaini; eta ulermena oinarri gisa hartuz, jarrera eta praktika linguistiko berriak aktibarazi nahi ditugu.

Momentuz, Aian, Antzuolan eta AƱorgan abiatu ditugu proba pilotuak. Azpimarratzekoa da egitasmoa antolatuko duen foroa askotarikoa izateko ahalegin berezi bat egiten dela: Udala, udalbatzarra osatzen duten alderdi politikoak, euskalgintza eta herritarrak ordezkatzen dituen talde txiki bat biltzen da eta, mapeo bat egin ondoren, jendea aurkezpenera banan-banan gonbidatzeko ardura hartzen du. Gertuko harremanei garrantzia handia ematen zaie, orain arte euskararen aldeko ekimenetan ibili izan ez den jendearengana ere iritsi ahal izateko.

Ondoren, tokian tokiko komunitateak berak aztertzen eta adosten du eraldaketa bultzatzeko non eta nola eragin behar den. Udalerriko erronka eta aukerei erreparatzen zaie, bai euskararen ezagutza eta erabilerari dagokienez, baita hizkuntzatik haragoko bestelako aldagaiei begira ere.

Behin azterketa komunitarioa eginda, dinamika gune antolatuetan abiatzen da, alegia, herri edo auzoko talde eta elkarteetan. Hizkuntzen gaia mahai-gaineratu, eta euskararen erabileran aurrerapausoak emateko modua adosten da, betiere, kide guztien ulermena bermatzeko bitartekoak jarriz.

Gune antolatutako lanketaren ondoren zabaltzen da dinamika herrira, eta azterketa komunitarioan identifikatutako beharrei erantzuteko ekintza plan bat adostu eta garatzen da. Ulermena eta erabilera jartzen dira jomugan, hiztunen prestakuntza eta ahalduntzeari begirako tresnen bidez edota hizkuntza ohiturak aldatzera bideratutako dinamiken eskutik. Esan bezala, Aldahitz metodologiak oinarri garrantzitsu bat izango dira, baina mota askotako tresna eta dinamikak izan litezke; kasu askotan, dagoeneko abian direnak. Adibidez, herri batean dagoeneko egiten den zerbait beste herri batera eraman liteke.

Eta azkenik, dispositiboak antolatzen dira jendearen pasabide naturaletan, alegia, ahalik eta herritar gehien ibiliko den egitura publiko eta sozialetan. Horrela, abian jarritako tresna eta dinamikak sistematizatzeko eta iraunkortzeko modua bilatzen da. Gure hipotesia da, horrela lor litekeela egitasmoa denboran zehar ahalik eta modu autonomoenean mantentzea eta jende gehiagorengana iristea.