Lan deialdia: Berrikuntza eragilea

Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategian lan deialdia zabaldu dugu.

Aurkezteko epea: urriak 22.

Deialdi honen bidez diseinuari, bitartekaritzari eta gizarte berrikuntzari lotutako ezagutza duten profilak bilatzen dira batez ere. Lanpostuaren funtzio nagusia zuzendariari laborategiaren jarduna garatzen laguntzea izango da.

  • EZINBESTEKOA: Unibertsitate gradua edo Doktoretza, Lizentzia, Ingeniaritza, Arkitektura edo baliokidea izatea. Euskara C1 eta Ingelesa B2, egiaztapen-tituluak aurkeztu beharko dira.
  • BALORAZIO FASEA: Lanpostua hautaketa prozesu baten bidez ebatziko da. Prozedurak hiru fase izango ditu: azterketa teoriko-praktikoa, elkarrizketa eta merezimenduen balorazioa (IKUS ERANTSITAKO DOKUMENTUA).
  • ESKAINTZEN DA: 18 hilabeteko ordezkapen kontratua jardun osoan. 3.300 euroko gutxi gorabeherako hileko soldata. Aurreikusitako hasiera data 2026/01/01

Informazio gehiago, HEMEN.

Jolastuko dugu?

Zaila izaten da gure egunerokoan gelditu eta pentsatzea. Are zailago gelditu eta jolasean hastea. Baina ludikotasunak bideratu ditzake hainbat hausnarketa eta lagun dezake bestela helduko ez ginatekeen egoeratara iristen.

Fikzio Fabrika kolektiboak eta Badalab Hizkuntza Berrikuntzarako Laborategiak Kutxaz Kanpo zikloa antolatu genuen 2024an zehar mahai, karta eta rol jokoen bidez euskararen eta euskal hiztunen etorkizunak landu eta pentsamendu eta hausnarketa bide berriak sustatzeko.

Eta bide horretatik, pasa den urriaren 3an Kutxaz Kanpo proposamena egun osoko ahalduntze ludikorako saio bihurtu genuen Eibarko Markeskoa jauregian, euskalgintzaren ertz eta bektore ezberdinetako eragileekin batera maizter eskola* moduko bat antolatzeko. Asmoa parte-hartzaileei mahai jokoak erabiliz marko ludiko eta esperientzial eraldatzaileak sortzeko formakuntza eskaintzea zen. Izan ere, Euskal Herriko eragile ezberdinei tresnak eta heldulekuak eskaini nahi dizkiegu ludikotasunetik euskararen eta euskal hiztunen etorkizun egingarri, desegingarri, desiragarri eta arbuiagarrien gaineko espekulazio estrategikoak burutu, diseinatu eta martxan jartzeko, nork bere errealitatetik abiatuta.

* Maizter deitzen dio Atopia rol jokoak jokoaren gidari, zuzendari edo narratzailearen ardura hartzen duen pertsonari. Maizter eskola deitzen diogu jolas eta jokoen gidaritzarako formakuntza saioei.

Saioak bi helburu nagusi zituen:

  • Kutxaz Kanporen esperientzia teoriko eta praktikoa ezagutzera ematea euskalgintzako eragileei.
  • Euskalgintzen kokapen anitzetan “kutxaz kanpo” berriak sor daitezen baldintzak sortzea.

Baina, batez ere, ondo pasatzea.

Konplizitateak sortzeko eta sinergia berriak lortzeko aukera eman ziguten jolasek. Aurrez ezagutzen ez ginenen artean problematika berriei erantzuteko modu berriak eta ordura arte ezezagunak zitzaizkigunak bilatu genituen. Gure roletatik atera eta ume bilakatu ginen, eta bandido, artzain, robot, sasijakintsu, exoeskeletodun gerlari…

Bi jolasetan aritu ginen goizean:

  • ZEINUA: “Sign” jokoaren moldaketa bat erabili genuen, Nicaragauako ume gor talde baten esperientzia oinarri hartuta, hizkuntza konpartiturik ez duen (eta sortuko duen) giza talde bat bihurtzeko. Hitzez komunikatu ezinak zeinuen hizkuntza berri bat sortzeko beharra ekarri zigun eta konturatu ginen posible dela. Kode partekatu bat sortu genuen eta jerarkiak desagertzeko balio izan zuen.
  • URTE LASAIA (“A quiet year”): Komunitate baten etorkizuna irudikatu, marraztu, negoziatu eta esperimentatu genuen fikzio kolaboratiboaren bidez. Mapak marraztuz, istorio bat kontatu, komunitate bat eta gure burua imajinatu…

Joku hauek sarean eskuratu ditzakezue:

Bazkal ostean, mahai joko mordo bat eskaini zitzaizkien parte-hartzaileei, haien kezka, itxaropen eta arduretatik abiatuta kutxaz kanpo saio berri bat diseinatu zezaten taldean. Talde bakoitzak bere proposamena eskaini zion besteari, eta balio izan zigun estres egoeretan erabaki kolaboratiboak hartzeko, kooperatiben baloreetan sakontzeko eta gure aurreiritzien inguruko hausnarketa bat egiteko ere.

Argazkietan (Badass) ikus daiteke zeinen ondo pasa genuen.

Hegan egiteko gogoa da

Bertigoa zela usteko zenuen, baina, beharbada, hegan egiteko gogoa baino ez zen.

Piszifaktoria ideien laborategiak, lankidetza zabal batek lagunduta, “Hegan egiteko gogoa da” proiektuaren hurrengo urratsak emango ditu udazken honetan zehar, Badalaben. Bidaia horretan zehar, ikerketa artistiko komunitario baten bidez, etorkizuneko komunikazio-sistema multisentsorial bat aztertu eta proposatu nahi dute: Euskara hedatu bat, ahozkotasuna eta soinutasuna (orality/aurality) oinarri hartuta, beste zentzumenen bidez ere hedatuko dena. Izan ere, etorkizuneko hizkuntzak (baita euskara ere), esateaz eta entzuteaz gain, usaindu, ukitu eta sentitu egingo dira.

Proiektuaren ardatz nagusia instalazio performatibo bat izango da. Euskara hedatu baten bidez, parte-hartzaileek neurodibergentziari buruzko istorio oniriko bat entzun, ukitu, usaindu eta sentitu ahal izango dute. Ezen ez ikusi. Izan ere, esan bezala, argiari (eta, beraz, ikusmenari) uko egingo baitiogu instalazio honetan.

Sormen lan honen sorburua Etxepare Euskal Institutuak Bartzelonako Udalarekin egindako hitzarmen batean dago. Bartzelona Literatur Hiria izeneko deialdian aukeratua izan ostean, 3 asteko egonaldi literarioa egin zuen Mikel Ayllon idazleak 2024 urtean, dramaturgia proiektua lantzeko.

Antzezlanaren eta instalazio artistikoaren arteko hibridazio honek lehen urratsak Gasteizko Nazioarteko antzerki jaialdian eman zituen, eta Badalab du hurrengo geltokia. Hauek dituzu hitzorduak:

  • BERTIGOAK TAILERRA: Urriak 22, 19:00 – 20:15. Nola ikusi begiratu beharrik gabe? Nola atxiki inguruko errealitatea begiak horren nekatuta ditugunean? Irudiak gure gizartean daukan hegemoniaren aurrean, praktika artistikoen bidez beste zentzumenak erdigunera ekartzeko tailerra. Begiak itxi nahi dituzu hizkuntza berri bat sortzeko?
  • AMETSAK PROTOTIPOA: Azaroak 28. Tailerretik ateratako lorratzek elikatuta, ikuskizunaren entsegu irekia (Gehienez 40 pertsonentzat pase irekia).
  • HEGOAK INSTALAZIO PERFORMATIBOA. Abenduak 18 eta 19. Bertigoa zela usteko zenuen, baina, beharbada, hegan egiteko gogoa baino ez zen.

Los Volubleren bertsio hackeatu bat Atlantikaldian

Amaitu berri den Atlantikaldia jaialdian, Los Voluble bikote andaluziarraren bisita izan genuen, besteak beste. Bertarako, Bordehack emanaldiaren bertsio hackeatu bat sortu genuen Badalaben, Maddi Goikoetxea artista errenteriarraren laguntzarekin. Horretarako, bestela elkartuko ez liratekeen jatorri eta kultura ezberdineko 10 pertsonek “Mugak eta identi(t)arteak” izeneko saio artistikoetan parte hartu zuten, helburu izanik Atlantikaldiaren lema izan den “zeharkaldia” ideiari lotuta bizikidetzan, egunerokotasunean, ematen diren oztopo eta aukeren inguruan hausnartzea eta, batez ere, Los Voluble-rekin lankidetzan, herriari kontatzea.

Bertan ondorengo manifestua irakurri zuten parte-hartzaileek:

Eta hemen duzu Badalab-en osatutako ikus-entzunezkoa:

Eraldaketarako teoriak zorrozten jarraitzeko

Gehien gustatzen zaigun moduan eman genion amaiera pasa den ikasturteari: lankidetzan eta pentsamendu garaikidetik praktika berriak irudikatzeko espazio berriak sortuz. “Eraldaketarako teoriak zorrozten: Pentsamenduaren bidez praktikak berritzen” jardunaldia egin genuen uztailean, UEU eta TEKS sarearekin elkarlanean.

Bideo honetan laburbildu ditugu bertan bizi eta hausnartutakoak:

Badass

Jardunaldiak prentsa idatzian ere izan zuen oihartzuna. Hemen bildu ditugu bertan jasotakoak:

GAUR 8 astekarian, Mikel Urdangarinek egindako kronikak:

Berria egunkariak elkarrizketa egin zion Ibai Atutxari: “Hizkuntza borroka herri mugimenduetara eraman behar da berriz”

Eta hemen daukazue UEUko Xabier Landabideak etzi.pm atarian egindako kontaketa: Arraroa lagun

Argazkiak: Badass

Etorkisuneku 01: Prototipoen museoa, iruditeria eta kontakizuna elikatzeko ekimena

Etorkisuneku 01 ekimenak aukera eman du etorkizuneko agertoki posibleen inguruan hausnartzeko. Artelan prototipoek eta haiei lotutako programa publikoak irudimena eta eztabaida sustatu dituzte pentsamendu jardunaldien, laborategien eta emanaldi performatiboen bidez.

Etorkisuneku lan ildoak 2023an hasi zuen bidea. Helburua argia da: Interakzio sistema desberdinetan euskararen erabilera bermatzeko ekarpena egitea. Horretarako, iragana ezagutu, oraina esploratu eta etorkizuna irudikatzeko grina uztartu izan ditu. Euskararen biziraupena eta etorkizuneko gizarte iruditeria elikatzea ditu xede, komunitatearekin batera etorkizuneko agertoki posibleak asmatuz.

Etorkisuneku 01en oinarrian “Itzultzeko Eskubidea” fabula dago, Euskal Herriko gazteekin diseinu espekulatiboa baliatuz sortua eta Nerea Arrienek letretara ekarria. Hazi horretatik abiatu dira Etorkisuneku sormen bekak. Hauek hiru prototipo ekarri dituzte: Nora Goialdek isiltasunaren lekua aztertu du hizkuntzen etorkizuneko aniztasunean; Iraitz Mateok etorkizuneko eguneroko bizitzaren agertokiak eraiki ditu; eta Naiara de la Puentek hizkuntzen arteko sonoritatearen irakurketa performatiboa proposatu du. Horiekin batera, “Itzultzeko Eskubidea” fabularen instalazio sonoroak osatu du Jon Uriartek komisariatutako erakusketa.

Lau hilabetez, Badalabek programa publikoa antolatu du erakusketari jarraipena emanez. Helburua izan da prototipoen museoak hizkuntzari lotutako narratibetan eragiteko gaitasuna aztertzea.

Horretarako, programa publikoak Kataluniako eta Euskal Herriko pentsalari, sortzaile eta ikerlari ugari bildu ditu: Helen Torres, Alba Garmendia, Arrate Hidalgo, Elisabet Roselló, Aitzpea Leizaola, Maite Darceles, Mikel Alvarez, Ines Osinaga, Mikel Ayllon, Oier Arantzabal, Garazi Albizua, Jon Juarez, Katixa Agirre eta Iban Urizar (Amorante), besteak beste.

Horretaz gain, Scavengers Reign HBOko zientzia fikziozko telesailaren Europako estreinaldia ekarri du. Eta etorkizuneko agertokiekin esperimentatzeko aukera ere eman du, Play(u)sible edo Kutxaz Kanpo bezalako eredu ludikoen bidez. Proiektuak hainbat bidelagun izan ditu, esaterako: TEKS elkartea, IES Koldo Mitxelena, Herri Arte Eskola, UEU, Kutxa Fundazioa.

Ikusi hemen itxiera egunean Badass-ek egindako argazkiak:

Euskara egokituz, ulerrizketan

Euskaraldi Indartua Errenteria-Oreretan proposamenari itxiera eman genion pasa den astean. Euskal hiztunak bere hizkeran egin beharreko egokitzapenei arreta jarri diogu, ikasten ari direnak ulertzeko gai izan daitezen. 2023ko urritik, Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategian, Soziolinguistika Klusterrarekin eta herriko hainbat eragilerekin batera, Aldahitz ikerketak bere baitan dituen tresnak esperimentatzen ari gara, eta Ulersaio eta Ulerrizketa horietatik jaio da Euskaraldi Indartua.

Hilabetez aritu dira 26 lagun Euskaraldi Indartuan, Ulersaioetako lehen promozioko 7 belarriprest, eta Koldo Mitxelena hezkuntza komunitateko, udal langile eta ordezkaritzako zein euskararen normalizazioan aliatuak diren herriko agenteetako 19 pertsona. 

Oraindik goiz da ondorio konkretuak ateratzeko. Aurrerago zehaztuko ditugu jarraitu beharreko pausoak. Bitartean, hemen daukazue Oarsoaldeko Hitzak egindako kronika.

Argazkia: Oarsoaldeko Hitza

Ikergazte 2025-27 beka deialdi berria martxan

Ikertzaile gazteei zuzendutako diziplinarteko ikerketa-proiektuen deialdia 2023an jarri genuen abian UEUk eta Badalabek. Haren helburuak dira ikertzaile euskaldun gazteen arteko harremanak sendotzea eta ezagutza-arlo ezberdinetako ikertzaileak elkarlanean aritzea.

Joan den astean aurkeztu genituen 2023ko lehen deialdiaren emaitzak, baita 2025-27 deialdi berria zabaldu ere.

Ikertzaile askorentzat hau izango da aurkeztu eta autonomiaz garatuko duten lehen ikerketa-proiektua eta horrek balio erantsia du ikertzaile gazteentzat, beren ikertzaile-ibilbide profesionalean aritzeko lehen aukera emango baitie. Hori guztia euskaraz, eta euskara komunikazio-tresna nagusi dela.

2023tik hona “Pottoka: Euskal Herriko poniaren jatorri eta ondareari jarraika” ikerketa gauzatu du Oihane Mendizabal Sandonisek (Aranzadi Zientzia Elkartea), Sofia Marcos Basagoitik (EHU) eta Miren Iraeta Orbegozok (Kopenhageko Unibertsitatea) osatutako taldeak.

Deialdi berrirako proposamenak aurkezteko epea irailaren 22ra arte luzatuko da eta ebazpena, berriz, azaroaren 14an jakinaraziko da.

Hemen deialdi berriaren zehaztapenak

Etorkisuneku soinuen kapsula, Etorkisuneku 01 itxiera ekitaldia

Etorkisuneku 01 erakusketaren itxiera astea ospatuko dugu Badalaben ekainaren 10etik 14ra bitartean. Etorkizuneko iruditeria elikatu eta euskararen agertoki berriak elikatzea helburu duen programa publikoaren baitan bi ekintza publiko antolatu ditu laborategiak, biak izango dira doakoak eta irekiak.

Etorkisuneku soinuen kapsula itxiera ekitaldiak Errenteriari gorazarre egin nahi dio, iragana, oraina eta etorkizuna soinuaren bitartez lotuta. Ekainaren 14ean azken bisita gidatua eskainiko da espazioan 10:00etan. Horren ondoren, 10:30ean parte-hartzaileek ibilbidea egingo dute Errenteria herriaren historiari lotuta dauden hainbat leku esanguratsu bisitatu eta bertako soinuak grabatzeko. Ondoren, 12:00etan Badalaben egoitzan, zitarako berariaz prestatutako emanaldi berezia eskainiko du Amorantek eta hark eskainiko dion sokari helduta, Iraitz Mateok, Etorkisuneku 01 erakusketan parte hartu duen artistak, Aitor Galdosekin batera, herriko soinuak, irudiak eta bertsoak bilduko dituen performance musikatua eskainiko dute. Azkenik, Mateoren obraren helburua bete egingo da itxiera ekitaldian eta bertaratutakoek 2073. urtean irekia izateko denbora kapsula bat bete egingo dute etorkizuneko euskararen agertoki berriak irudikatzeko testu, argazki, soinu edota ametsekin.

Lau hilabete eta erdi iraun dituen Etorkisuneku 01 erakusketaren programa publikoari amaiera emango dio Amorante, Iraitz Mateo eta Aitor Galdos artistak, besteak beste, bilduko dituen ekitaldiak. Etorkizuneko euskararen agertoki berriak irudikatzeko prototipo artistikoak biltzen ditu erakusketak eta xede bertsukoa da iragana, oraina eta etorkizuna ahokatu dituen programa publikoak. Hemen agenda osoa:

Etorkisuneku 01 erakusketaren itxiera asteko agenda

Ekainak 10, asteartea

17:00 – 18:30
Maddi Sara artistarekin, etorkizuneko abatarrak sortzeko laborategia.

Ekainak 14, larunbata (Eman izena hemen)

10:00 – 14:00

Etorkisueko soinuen kapsula, itxiera ekitaldia
Amorante, Iraitz Mateo eta Aitor Galdos

Sormen eta mediazio bekek badituzte onuradunak


Laborategiaren jarduna gidatuko duen lemari ekarpena egingo dioten eta bere programa publikoa zabaldu eta aberastuko duten sormen eta mediazio beka deialdia itxi genuen pasa den hilaren bukaeran eta dagoeneko badugu deialdiaren ebazpena eta baditugu onuradunak.

Hizkuntza batek bizirauteko beharrezkoa du transmisioa, eta hizkuntza osasuntsu baten kasuan, normalena da gurasoek haurrei transmititzea. Euskararen kasuan, ordea, etxeko transmisioa galtzen joan da azken mendeetan zehar. Horregatik, haur askok eskolan ikasten dute euskara eta hor soilik erabiltzen dute. Euskarak osasuntsu bizitzeko espazio berriak behar ditu.

Deialdi honek, zehazki, “Transmisioa, Transizioa, Transgresioa. Irtenbidea kolektiboa da” lemari ekarpena egin nahi dioten disziplina anitzeko egitasmo esperimentalak laguntzeko helburua izan du. Hiru beka independiente dira, bakoitzak 10.000 euro jasoko dituelarik.

Transmisio eredu berriak

2073 urtean euskaratik eta euskaraz bizitzeko hautua egingo duen komunitate bat izateko transmisio eredu berriak sortu behar dira. Euren proiektu esperimentalaren bidez horiek irudikatzeko eta probatzeko gogoz datoz Ainhoa Iruretagoiena eta Ainara Hernandez.

Hegoa Alvarez eta Garazi Albizua idazketak batu izan ditu orain arte, eta sormenak elikatu. “Xantza” jolasa aurkeztu dute deialdira, zeinarekin, irudimena bide, izan daitezkeen etorkizun edota aukeren narratibak sortu nahi dituzten, bakoitzaren erabakiaz baliatuta, narratiba horren parte izateko. Horretarako, irudi eta poemak abstraktuak sortuko dituzte, emozioak piztuz, eta barneratuta ditugun kanonak apurtuz, zati horietatik bestelako kontakizunak eraikitzeko.

“Hegan egiteko gogoa” izeneko egitasmoa proposatu dute Mikel Ayllonek, Irati Agirreazkuenagak, Amaia Garatek eta Iñaki Ziarrustak.  Orain arte jorratu duten bidean beste pauso bat eman nahi dute eta, ikerketa artistiko komunitario baten bidez, etorkizuneko komunikazio-sistema multisentsorial bat aztertu eta proposatu: Euskara hedatu bat, ahozkotasuna eta soinutasuna (orality/aurality) oinarri hartuta, beste zentzumenen bidez ere hedatuko dena. Izan ere, etorkizuneko hizkuntzak (baita euskara ere) esateaz eta entzuteaz gain, usaindu, ukitu eta sentitu egingo dira.

Eta etorkizuneko euskararen bilaketa hori dibergentziatik proposatu nahi dute. Dibergentzia neurologiko eta fisikotik. Etorkizuna eta euskara dibergenteak izango direlako edo ez direlako izango.

Orain hasita, urte amaiera bitarte ariko dira euren ekimenetan lanean. Adi egon, Badalaben programa publikoan txertatuko diren ekintzak ere proposatuko baitituzte!

Hemen ikus dezakezu ebazpena: