Ikergazte 2025-27 beka deialdi berria martxan

Ikertzaile gazteei zuzendutako diziplinarteko ikerketa-proiektuen deialdia 2023an jarri genuen abian UEUk eta Badalabek. Haren helburuak dira ikertzaile euskaldun gazteen arteko harremanak sendotzea eta ezagutza-arlo ezberdinetako ikertzaileak elkarlanean aritzea.

Joan den astean aurkeztu genituen 2023ko lehen deialdiaren emaitzak, baita 2025-27 deialdi berria zabaldu ere.

Ikertzaile askorentzat hau izango da aurkeztu eta autonomiaz garatuko duten lehen ikerketa-proiektua eta horrek balio erantsia du ikertzaile gazteentzat, beren ikertzaile-ibilbide profesionalean aritzeko lehen aukera emango baitie. Hori guztia euskaraz, eta euskara komunikazio-tresna nagusi dela.

2023tik hona «Pottoka: Euskal Herriko poniaren jatorri eta ondareari jarraika» ikerketa gauzatu du Oihane Mendizabal Sandonisek (Aranzadi Zientzia Elkartea), Sofia Marcos Basagoitik (EHU) eta Miren Iraeta Orbegozok (Kopenhageko Unibertsitatea) osatutako taldeak.

Deialdi berrirako proposamenak aurkezteko epea irailaren 22ra arte luzatuko da eta ebazpena, berriz, azaroaren 14an jakinaraziko da.

Hemen deialdi berriaren zehaztapenak

Etorkisuneku soinuen kapsula, Etorkisuneku 01 itxiera ekitaldia

Etorkisuneku 01 erakusketaren itxiera astea ospatuko dugu Badalaben ekainaren 10etik 14ra bitartean. Etorkizuneko iruditeria elikatu eta euskararen agertoki berriak elikatzea helburu duen programa publikoaren baitan bi ekintza publiko antolatu ditu laborategiak, biak izango dira doakoak eta irekiak.

Etorkisuneku soinuen kapsula itxiera ekitaldiak Errenteriari gorazarre egin nahi dio, iragana, oraina eta etorkizuna soinuaren bitartez lotuta. Ekainaren 14ean azken bisita gidatua eskainiko da espazioan 10:00etan. Horren ondoren, 10:30ean parte-hartzaileek ibilbidea egingo dute Errenteria herriaren historiari lotuta dauden hainbat leku esanguratsu bisitatu eta bertako soinuak grabatzeko. Ondoren, 12:00etan Badalaben egoitzan, zitarako berariaz prestatutako emanaldi berezia eskainiko du Amorantek eta hark eskainiko dion sokari helduta, Iraitz Mateok, Etorkisuneku 01 erakusketan parte hartu duen artistak, Aitor Galdosekin batera, herriko soinuak, irudiak eta bertsoak bilduko dituen performance musikatua eskainiko dute. Azkenik, Mateoren obraren helburua bete egingo da itxiera ekitaldian eta bertaratutakoek 2073. urtean irekia izateko denbora kapsula bat bete egingo dute etorkizuneko euskararen agertoki berriak irudikatzeko testu, argazki, soinu edota ametsekin.

Lau hilabete eta erdi iraun dituen Etorkisuneku 01 erakusketaren programa publikoari amaiera emango dio Amorante, Iraitz Mateo eta Aitor Galdos artistak, besteak beste, bilduko dituen ekitaldiak. Etorkizuneko euskararen agertoki berriak irudikatzeko prototipo artistikoak biltzen ditu erakusketak eta xede bertsukoa da iragana, oraina eta etorkizuna ahokatu dituen programa publikoak. Hemen agenda osoa:

Etorkisuneku 01 erakusketaren itxiera asteko agenda

Ekainak 10, asteartea

17:00 – 18:30
Maddi Sara artistarekin, etorkizuneko abatarrak sortzeko laborategia.

Ekainak 14, larunbata (Eman izena hemen)

10:00 – 14:00

Etorkisueko soinuen kapsula, itxiera ekitaldia
Amorante, Iraitz Mateo eta Aitor Galdos

Sormen eta mediazio bekek badituzte onuradunak


Laborategiaren jarduna gidatuko duen lemari ekarpena egingo dioten eta bere programa publikoa zabaldu eta aberastuko duten sormen eta mediazio beka deialdia itxi genuen pasa den hilaren bukaeran eta dagoeneko badugu deialdiaren ebazpena eta baditugu onuradunak.

Hizkuntza batek bizirauteko beharrezkoa du transmisioa, eta hizkuntza osasuntsu baten kasuan, normalena da gurasoek haurrei transmititzea. Euskararen kasuan, ordea, etxeko transmisioa galtzen joan da azken mendeetan zehar. Horregatik, haur askok eskolan ikasten dute euskara eta hor soilik erabiltzen dute. Euskarak osasuntsu bizitzeko espazio berriak behar ditu.

Deialdi honek, zehazki, “Transmisioa, Transizioa, Transgresioa. Irtenbidea kolektiboa da” lemari ekarpena egin nahi dioten disziplina anitzeko egitasmo esperimentalak laguntzeko helburua izan du. Hiru beka independiente dira, bakoitzak 10.000 euro jasoko dituelarik.

Transmisio eredu berriak

2073 urtean euskaratik eta euskaraz bizitzeko hautua egingo duen komunitate bat izateko transmisio eredu berriak sortu behar dira. Euren proiektu esperimentalaren bidez horiek irudikatzeko eta probatzeko gogoz datoz Ainhoa Iruretagoiena eta Ainara Hernandez.

Hegoa Alvarez eta Garazi Albizua idazketak batu izan ditu orain arte, eta sormenak elikatu. “Xantza” jolasa aurkeztu dute deialdira, zeinarekin, irudimena bide, izan daitezkeen etorkizun edota aukeren narratibak sortu nahi dituzten, bakoitzaren erabakiaz baliatuta, narratiba horren parte izateko. Horretarako, irudi eta poemak abstraktuak sortuko dituzte, emozioak piztuz, eta barneratuta ditugun kanonak apurtuz, zati horietatik bestelako kontakizunak eraikitzeko.

“Hegan egiteko gogoa” izeneko egitasmoa proposatu dute Mikel Ayllonek, Irati Agirreazkuenagak, Amaia Garatek eta Iñaki Ziarrustak.  Orain arte jorratu duten bidean beste pauso bat eman nahi dute eta, ikerketa artistiko komunitario baten bidez, etorkizuneko komunikazio-sistema multisentsorial bat aztertu eta proposatu: Euskara hedatu bat, ahozkotasuna eta soinutasuna (orality/aurality) oinarri hartuta, beste zentzumenen bidez ere hedatuko dena. Izan ere, etorkizuneko hizkuntzak (baita euskara ere) esateaz eta entzuteaz gain, usaindu, ukitu eta sentitu egingo dira.

Eta etorkizuneko euskararen bilaketa hori dibergentziatik proposatu nahi dute. Dibergentzia neurologiko eta fisikotik. Etorkizuna eta euskara dibergenteak izango direlako edo ez direlako izango.

Orain hasita, urte amaiera bitarte ariko dira euren ekimenetan lanean. Adi egon, Badalaben programa publikoan txertatuko diren ekintzak ere proposatuko baitituzte!

Hemen ikus dezakezu ebazpena:

Euskaraldi indartua: ulersaioetatik ulerrizketetara

Elkarrizketa batek badakigu bi alderen inplikazioa behar duela, hitz egiten duenarena eta entzuten duenarena, eta, aldi berean, rol horiek aldatzen doazela, orain entzuten duenak gero hitz egin egingo du, eta alderantziz. Guztiz agerikoa dirudien arren, euskararen erabileraz ari garenean, oso gutxitan erreparatu izan diegu, euskara-ikasleak uler dezan, euskal hiztunak bere hizkeran egin beharreko egokitzapenei. Hain justu Errenterian abiatu dugun «Euskaraldi indartua Errenteria-Orereta» proposamenak horretan jarri du fokua.

Izan ere, 2023ko urritik, Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategian, Soziolinguistika Klusterrarekin eta herriko hainbat eragilerekin batera, Aldahitz ikerketak bere baitan dituen tresnak esperimentatzen ari gara: Ulersaioak eta Ulerrizketak, hain zuzen.

  • Ulersaioak: Belarriprest izango direnak trebatzen. Saio horien bidez, euskaratik urruti dauden pertsonek ahozko ulermen maila ertaina eta elkarrizketa elebidunak izateko gaitasun komunikatiboak garatzen dituzte. Errenteria-Oreretan 10 pertsonek amaitu dituzte ulersaioak aurtengo otsailean eta beste hainbatek abiatu dute bidea.
  • Ulerrizketak: Belarriprestak eta Ahobiziak elkarrizketa egokituan. Gela batean ematen diren saio gidatuetatik at, beraien egunerokotasunean euskararekin harremanetan jarraitu dezaten, Ulerrizketak izeneko bigarren tresnarekin esperimentatzea proposatu zaie. Bertan konfiantzazko pertsona batekin lotzea da helburua, egunerokotasunean euskaraz arituko zaiona eta horretarako euskara ulerterrezagoa erabiliko duena, edota ohiko elkarrizketetan baino lasaiago hitz egingo diona.

Ahozko gaitasun altua duten pertsonek beraien euskara egokituz

Ulerrizketak metodoan, beraz, beharrezkoak dira “euskara errazean” eta ohikoan baina modu lasaiagoan ariko diren pertsonak. Ariketa erraza dirudien arren, ez da. Horregatik, lagungarriak izan daitezkeen hainbat gako eta praktika partekatzeko, eta baita hizkuntzaren erabileraren aspektu komunitarioa indartzeko ere, lehen aldiz Badalabek eta Klusterrak saio teoriko-praktiko bat egin genuen, maiatzaren 8an, Euskaraldiaren hasierarako egun gutxi falta zirela.

Hainbat helburu jarri genizkion saio horri. Hasteko, hizkuntzan ardazturik herritarren arteko konplizitate berriak sustatzea, “honetan elkarrekin gaude” bat. Bigarrenik, haien arteko harremana euskaraz (edo elebitan) izan dadin bermatzeko tresnak eta gakoak eskaintzea. Azkenik, erronka bat proposatzea: Gaur entzun, ikusi eta sentitutakoaren ondoren, “Euskaraldi indartua Errenteria-Oreretan”, egingo dugu?

Pausoz pauso

Badalaben egindako saio horretan 26 pertsonek hartu zuten parte: Ulersaioetako lehen promozioko 7 belarriprest, eta Koldo Mitxelena hezkuntza komunitateko, udal langile eta ordezkaritzako zein euskararen normalizazioan aliatuak diren herriko agenteetako 19 pertsona. Eta guztiek eman dute izena “Euskaraldi Indartua Errenteria-Orereta” proposamenean parte hartzeko.

Saioan bertan herritar eta euskaldun tipologia ezberdinen arteko aitortza eta erabilerara begirako konplizitateak sortu ziren eta, Ahobizien aldetik, kuriositate handia piztu zuen ekimenak. Praktikara eramanda, Ahobizi eta Belarriprest-en arteko elkarrizketa interesgarriak eta normalean desorosoak direnak eman ziren, agerian utziz alde bakoitzak euskaraz bizitzeko dituen zailtasunak, erronkak eta kezkak. Saioan zehar argi ikusi genuen Belarriprest batzuek jada egiten dituztela euskaraz hitz egiteko saiakera txikiak ere.

Saioaren amaieran, parte-hartzaileek nabarmendu zuten baliagarria izan zela komunikazioaren eta elkar ulertzearen ideiaren inguruan hausnartzeko eta ardurak banatzeko: «euskaldunek ere ikasi behar dute euskara maila ezberdina dutenekin nola egokitu hizkuntza». Izan ere, Ahobizi asko konturatu dira ez dela erraza euskara egokitzea eta errazagoa izaten dela gaztelaniara pasatzea askotan.

“Euskaraldi Indartua Errenteria-Orereta” hilabetez luzatuko da eta ekainaren 19an egingo dugu balorazio saioa. Badalaben, gure aldetik, esperimentuaren jarraipena egiten eta ikasketak ateratzen jarraituko dugu. Esperimentutik ateratako ikasketak helduen ohiko alfabetatze tresnak eta kanalak osagarritzeko izango dira eta Gipuzkoa Arigune proiektuaren baitan ere antzeko esperientziak martxan jartzea da asmoa.

MUGAK eta identiTARTEAK: Atlantikaldiaren baitan Los Voluble-ren kontzertuko ikus-entzunezkoetan ekarpena egiteko sormen saioak

Errenteria laborategi lan-ildoaren baitan, Badalabek bere ekarpena egin nahi du Atlantikaldia jaialdian, herrian eragile eta pertsona ezberdinen arteko sareak sortzen. Horretarako, Los Voluble musika taldearen kontzertu bat eskainiko dugu eta herritarrak musika taldearen bereizgarri diren ikus-entzunezkoen sorrera prozesuaren parte izan daitezen nahi dugu!

Gauzak honela, MUGAK eta identiTARTEAK sormen tailer gidatuak eskainiko ditugu nahi duten herritarrek beraien ekarpenak egin ditzaten. 3 sormen saio izango dira, eta bi gai nagusiren baitan arituko gara: mugak eta identitateak. Zeintzuk dira zeharkatzen gaituzten mugak? Fisikoak al dira, geografikoak? Sinbolikoak, ikusezinak? Nola eragiten dute gure identitateetan?

Hainbat ariketa artistikoren bitartez, irudimena askatu eta hausnarketa kolektiboa egingo dugu; Errenteriako aniztasunaren erakusleihoa izan nahi duen komunitatean geure ikuspuntuak elkarbanatuz.

Sormen saioen datak:

  • Maiatzak 15, maiatzak 29 eta ekainak 12.
  • 17:30etik 19:30era.

Tokia: Badalab-eko Plazan (Joxepa Antoni Aranberri Anitzenea eraikineko 3. solairua. Errenteria)

Nori zuzendua: Errenteriako herriarekin nolabaiteko harremana duen eta identitateen eta mugen inguruan hausnartzeko, baina batez ere ongi pasatzeko gogoa duen edonori. Umeek ere parte har dezakete.

Zientzia Fikzioa, usadio zaharrak eta hitz sormena

Zientzia Fikziozko «Scavengers Reign» (HBO) animaziozko telesaila estreinatuko da lehendabizikoz Europan eta estreinaldi hori euskaraz izango da, Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiaren eskutik. Kutxa Fundazioaren Hitzetatik Ekintzetara egitasmoarekin elkarlanean, Etorkizuneko naturaren izendegia ekintza antolatu dugu maiatzaren 21ean, arratsaldeko 17:30ean, Donostiako Aquariumean. Emanaldi berezian, «Scavengers Reign» telesailaren sortzaileetako batek, Jon Juarez artistak, parte hartuko du. Berarekin batera, Katixa Agirre idazleak ere zientzia fikzioaren sormen prozesuaz eta generoak hizkuntzarekin duen harremanaz arituko da.

Scavengers Reign animaziozko telesail laudatua lehenengo aldiz proiektatuko da Europan, Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategia eta Kutxa Fundazioaren eskutik

Jarduna amaitzeko, Jon Juarezek berariaz sortutako maparekin izendegia sortuko dute bertaratutakoek. Mapak bilduko ditu etorkizuneko geografiak eta elementu naturalak, hala nola, mendiak, ibaiak, landareak edota animaliak. Irudimena erabiliz, euskarazko hitz zaharrak berreskuratu eta berriak sortuko dira euskarari ekarpena egingo dion ekintza kolektiboan.

Euskal usadio zaharrek, tarotak, naturak eta ludikotasunak, zer diote etorkizunaz?

Natura eta etorkizuna bitasunari jarraiki, bestelako zita proposatzen du Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiak, egun batzuk aurretik, maiatzaren 17an, egun osoko jardunaldian. Larunbatarekin bat bilduko dira Aitzpea Leizaiola Antropologian doktorea, Garazi Arano astrologoa eta Xabier Landabidea Euskal Gaien Institutuko ikerlari eta irakaslea. Iragana, oraina eta etorkizuna ardatz, denboraren hiru parametroei so egingo diete parte-hartzaileek.

Euskal Herrian, uzta ondo joateko, goseterik ez pairatzeko, osasuna bermatzeko, edota haurrak ekartzeko zein horiek bizirauteko, adibidez, jarraitu izan dira erritualak. Guztiak dira etorkizuna ezagutzeko, edota etorkizuna kontrolagarria dela antzemateko ohiturak eta usadio zaharrak. Gaur egun ere badira xede bertsuko metodologia zientifikoak eta ez zientifikoak. Laborategi izaera duen jardunaldi honetan, ohitura anzestralak eta modernoak ezagutuko dira etorkizuna irudikatzeko.

Horiekin batera, ludikotasuna ere esploratuko da jardunaldiaren bigarren zatian. Kutxaz kanpo mahai, karta eta rol jokoen bidez pentsamendu eta hausnarketa bide berriak sustatzeko marko ludiko eta esperientziala da. Etorkisuneku 01 erakusketaren markoan, eta “Itzultzeko eskubidea” fabula abiapuntu, sormena baliatuko dugu zientzia fikziozko narrazio kolektibo bat sortzeko.

Nolakoa izango da etorkizuneko euskal gizartea?

Nola erabil daiteke jolasa sormen prozesuak aberasteko?

Zein iragarpen mota egiteko prest gaude?

–> Informazio gehiago eta izen-ematea

Zientzia fikzioaz eta utopiez

Hizkuntzari eta komunitateari lotutako iruditeria eta diskurtsoak berritzeko proposamen bat osatzen aritu ginen Badalaben, UEU eta TEKSekin batera antolatutako jardunaldian. «Etorkisuneku 01. Hizkuntzari eta komunitateari lotutako iruditeria eta diskurtsoak berritzeko proposamen bat» izena jarri genion eta aritu ginen utopiez, zientzia fikzioaz, plausibilitateaz, euskararen etorkizunez…

Jardunaldi hori Etorkisuneku 01 erakusketaren baitan antolatu dugun programa publikoaren barruan kokatzen da. Hizkuntzari eta hiztun komunitate minorizatu bati lotutako diskurtsoetan ekarpena egin nahi dugu eta jardunaldi honekin helburua izan da zientzia fikzioaz pentsatzea, fantasiaz, errealismo magikoaz… Eta, sorkuntzaren bitartez, tresna gisa erabiltzea errelato berriak sortzeko, euskaratik eta euskaraz.

Bideo honetan jaso dugu jardunaldiak eman zuenaren laburpen bat.

The Badass project

HTML Poesia Lantegia

Abiadura handiko aro globalizatuan etengabe ari gara eduki digitala kontsumitzen. Eszenario horretan, web diseinua eta sormena uztartuta bestelako Internet bat irudikatu eta eraikitzen hasteko lantegia proposatu nahi du Badalabek Etorkisuneku 01 programa publikoaren baitan; HTML Poesia Lantegia.

Apirilaren 12an, larunbatarekin, goizeko 9:00etatik arratsaldeko 19:00ak bitartean, Badalaben egoitzan egingo den lantegiak euskarazko sormen digitala sustatu nahi du eta, modu horretan, kontsumitzaile digitalak izatetik, sortzaile digitalak izateko tresnak eskaini nahi ditu.

Lantegiak Hackatoiaren formula erabiliko du eta helburua euskarazko web orri poetikoak eraikitzen ikastea izango da. Programazio jakintza mailaren araberako taldeak osatuko dira, horregatik, ez da beharrezkoa izango web orriak egiten jakitea edota programazio lengoaien inguruko jakintza zabala izatea ere. Martxan jartzeko, dagoeneko existitzen diren web poetikoen adibideak ezagutuko ditugu. Esate baterako, webguneak diseinatzeko HTML, CSS eta Javascript tresna erraz eta sinpleek nola funtzionatzen duten ezagutuko dugu. Horren ondoren, parte-hartzaile bakoitzak, irakasleen laguntzarekin, ikusitako gaiak praktikan jarri ahalko ditu proposatuko diren ariketen bidez web orri poetiko propioa sortzeko. Prozesua gidatua izango da eta sorkuntza zein ikasketa kolektiboan ardaztuko da.

Beraz, literatura eta sormen digitala atsegin badituzu, zuretzat egina da HTML lantegia. Parte hartzeko ordenagailua ekarri behar da. Nahi izanez gero, gai poetikoak eta ideia estetikoak ere ekar daitezke. Baina, ideia zehatzik izan ezean, lasai, beharrezkoak izango diren baliabideak Badalabek eskainiko ditu-eta, hala nola, webgune ereduak, plantillak edota euskarazko literatura eta poesiaren corpusak.

Izena emateko sartu hemen.

Data: Apirilaren 12a, larunbata.
Lekua: Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiaren egoitza, Errenteria.
Ordutegia: 9:00 -19:00.

,.-~´¨¯¨*·~-.¸-(_EGITARAUA_)-,.-~*´¨¯¨·~-.¸
9:00 – 9:15 Harrera
9:15 – 10:45 html poesiari sarrera
10:45 – 11:15 Atsedenaldia
11:15 – 12:30 Html / CSS/ Javascript tresnei sarrera
12:30 – 14:00 Webguneen aurrelanketa egiteko ariketak
14:00 – 15:00 Bazkaria
15:00 – 18:15 Web orrien garapena irakasleen laguntzarekin.
18:15 – 19:00 Landutako web orrien aurkezpena eta aurrera begirako gakoak

,.-~´¨¯¨*·~-.¸-(_Nola har dezaket parte?_)-,.-~*´¨¯¨·~-.¸

  • Html, CSS edota Javascript ezagutza izatea ez da beharrezkoa izango. Ezagutza mailaren araberako taldeak egingo dira.
  • Euskarazko edukien tresna kutxa bat sortu dugu hainbat euskal corpus elkartuta ideiarik gabe geratu ez geratzeko.
  • Ordenagailua ekarri behar da.
  • Ikasteko gogoa ekartzearekin aski da: gai poetikoak ekar daitezke, baita ideia estetikoak ere. Baina horrelakorik ez baduzu ekartzen, lantegian corpus poetikoak partekatuko dira, baita ideiak eta eredu estetikoak ere.

,.-~´¨¯¨*·~-.¸-(_Norentzat da ikastaroa?_)-,.-~*´¨¯¨·~-.¸

  • Irakasleentzat.
  • Poesian eta literaturan oro har interesa dutenentzat.
  • Idazleentzat.
  • Edozein disziplinetako sortzaileentzat.
  • Diseinatzaileentzat.
  • Web diseinatzaileentzat.
  • Arte sormen digitalean interesa dutenentzat.
  • Hizkuntzan interesa dutenentzat.

Sormen eta mediazio beka deialdia

Argitaratu da Badalaben jarduna gidatuko duen lemari ekarpena egingo dioten eta bere programa publikoa zabaldu eta aberastuko duten sormen eta mediazio bekak emateko 2025 urteko deialdia.

Deialdi honek, zehazki, “Transmisioa, Transizioa, Transgresioa. Irtenbidea kolektiboa da” lemari ekarpena egin nahi dioten disziplina anitzeko egitasmo esperimentalak laguntzeko helburua du. 

Hautatuko diren ekimenei aurreikusten zaie 2073 urtean euskaratik eta euskaraz bizitzeko hautua egingo duen komunitatea egon dadin, oraina arrakalatzeko potentziala. Ohiko moldeetatik irteten diren proposamenak bilatzen ditugu, aldi berean, Badalaben programa publikoa aberastuko dutenak.

Hiru beka independiente dira, bakoitzak 10.000€ jasoko dituelarik.

Proposamenak bidaltzeko epea zabalik egongo da maiatzaren 9a bitarte.

Euskaraz ulertzen hasteko saioak

Posible al da 120 ordutan euskara ulertzeko gai izatea?

Erantzuna baiezkoa da. Bai, posible da, Badalaben 2023ko urritik hona martxan jarri dugun metodologia berri bati esker. Uler Saioen bitartez, Errenteria euskarara gerturatzeko metodologia berrien probaleku izan da. Eragile ezberdinen arteko lankidetzari esker, hala nola, Badalab, Soziolinguistika Klusterra, Koldo Kide guraso elkartea, Orereta Ikastola, Sos Arrazakeria, Familia Laguna programa eta Errenteriako Udala, proiektu berritzaile honek zenbait herrikide euskarara gerturatzeko modu berrietan trebatu ditu.

Zehazki 13 herritarrek euskarara gerturatzeko modu berriak garatu dituzte lehenengo promozioan eta orain, beste 15 pertsona ere trebakuntza hori jasotzen ari dira dagoeneko herriko Udal Euskaltegiaren eskutik.

Uler Saioek euskarara gerturatzeko beste modu bat eskaintzen dute, malguagoa, eta erdigunean euskararen ulermen gaitasuna trebatzea kokatzen duena. Horrela, denbora gutxian, 120 ordutan, euskara ulertzeko tresnak eskuratu ditzakete herritarrek, zeinak herri bizitzan parte hartzeko leiho eta aukera berriak zabaltzen dizkien, besteak beste.

Probaldi honetatik ateratako ondorioak hizkuntza-ohituren aldaketa-prozesuak aztergai dituen Soziolinguistika Klusterraren Aldahitz ikerketarako baliatu dituzte.

Parte-hartzaileen profilak

Proba pilotu honetan eta bigarren promozioan guztira 28 pertsonek hartu dute parte. Aipagarria da 28 horietatik 25 emakumezkoak izan direla. Horrez gain, parte-hartzaileen % 64 Euskal Herritik kanpo jaiotako pertsonak izan dira eta % 82ren ama hizkuntza gaztelania da. Guztira 57 pertsonek adierazi dute parte hartzeko interesa, eta horietako askok hiru bloketakoren batean ere parte hartu dute.

Tresna iraunkorrak sortzeko beharra

Proba honek utzitako ondorioak eta irakaspenak kontuan hartuta, Errenteriako Udalak eskaintza hau iraunkor bihurtzeko pausoa eman du. Horretarako Udal Euskaltegian eskaintza hau txertatzeko lanean ari dira dagoeneko eta Uler Saioen bigarren promozioa bertan ari da garatzen. Errenterian euskara hedatzeko neurri estrategikoa izan daitekeela uste du Udalak. Horrela, bide honetan egin bezala eragileak, herritarrak eta erakundeak elkarlanean jarduteko premia nabarmendu dute.

Ulersaioetatik ulerrizketetara

Orain, proban parte hartu duten pertsonek euskararen ulermen maila trebatzen jarraitzeko helburuarekin, Ulerrizketak jarriko ditugu martxan Badalabetik. Uler Saioetan parte hartu duen pertsona bakoitzak bere egunerokoan euskararekin harremanetan jarrai dezan, konfiantzazko pertsona batekin lotzea da helburua. Egunerokotasunean euskaraz arituko zaiona eta horretarako euskara ulerterrezagoa erabiliko duena edota ohiko elkarrizketetan baino lasaiago hitz egingo diona. Mintzatzaileak trebatzeko formakuntza bat ere prestatzen ari gara dagoeneko.

Eskertza

Egin duten ibilbidea aitortu eta eskertza moduan, ekitaldia egin genuen Badalabeko egoitzan eta parte-hartzaile bakoitzak bere diploma jaso zuen.

Hemen aurkituko duzu albistea agerkari digital ezberdinetan jasota: