01
Zer Da

Hizkuntza berrikuntzako laborategia. Bere egitekoa da laborategi izaeratik ekarpena egitea etorkizunean euskara, ere, erabilia izan dadin. Hiztun komunitatea, bere aniztasuna eta justizia soziala ditu muinean, aukera berdintasuna eskubide kontua delako (hizkuntza) komunitate gutxitu bateko kide izanagatik ere.

Egungo mundu homogeneizatzailean aniztasuna balio positibo gisa aldarrikatu nahi dugu, eta elkarren artean lotu menpeko gorputzak, non euskal hiztunak, emakumeak, transak, migratuak, gizarte-maila apalenekoak… aurkitzen diren.

ZER-
GATIK

NOLA

02
LAN ESPARRUAK

“Etorkisuneku”: Egungo testuinguruan, erraza zaigu hizkuntzaren desagerpena irudikatzea. Ez hain erreza, ordea, komunitate eta hizkuntza biziak etortzeko dauden agertokietan kokatzea. Etorkizuneko teorietatik abiatuta, espazio seguruak zainduz eta dinamizatuz, eta askotariko arte disziplinak lanabes hartuta, euskaratik, eta euskaraz ere, bizi den hiztun komunitatea 2073 urtean irudikatu nahi dugu, ez hainbeste jomuga gisa, oraina arrakalatzeko baliabide gisa baizik.

Pentsamendua eta pedagogia. Euskarak eta hiztun komunitateak egun bizi duten testuingurua eta horrek irekitzen dituen paradigma desberdinak auzitan jartzeari deitzen diogu pentsamendu, pedagogia, sentsibilizazio edota kontzientzia hartzea.

Laborategiak. Bertan ekintzak hartzen du nagusitasuna. Abiapuntuko hipotesi bat ahalik eta azkarren eta baliabide gutxienarekin probatzeko, ikasketak ateratzeko eta kasuan kasuko ondorioak eta aurrerabideak lantzeko.

Gaur egun, lan ildo bakoitzak badu bere laborategi propioa martxan.

03
GOBER-
NANTZA

PARTZUERGOA

Badalab Hizkuntza Berrikuntzako partzuergoa 2021ean eratu zen, euskararen hainbat erakunde publiko, eragile sozial eta bidelagun barne hartzen zituela. Puntu horretara iristeko beharrezkoa izan zen paraleloan eta igurtzi gutxirekin garatzen ari ziren bi ibilbide elkartzea:

  • Euskalgintzaren Palankak izeneko deliberazio prozesu publiko-soziala eta,
  • Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz (EE) izeneko berrikuntza ekimena.

Lehen prozesuak 2018rako emana zuen ondorio argia: euskara biziberritzeko beharrezkoa zen berrikuntza sistematikoki landuko zuen erreferentzia zentro egonkor bat. Bere aldetik, Etorkizuna Eraikiz esperimentatzeko erreferentzia zentroak sortzen hasia zen, lankidetzazko gobernantza ardatz hartuta.

Bi urteko lan sendoaren ondoren, 2021eko uztailean eratu zen Badalab, partzuergo misto gisa, eta GFAri atxikia, Etorkizuna Eraikizen baitako erreferentzia zentro bezala. Lankidetza publiko-sozialetik sortua eta gobernantza partekatua eraikiz.

Estatutuen arabera, Gobernu Batzordeak hamabost kide ditu:

  • GFAk lau izendatzeko eskubidea du.
  • Erakunde publikoei dagokien bosgarrena Errenteriako Udalaren ordezkaria da.
  • Beste bost kide eragile sozialek izendatzen dituzte.
  • Azken bostak bidelagunak dira.

Partzuergoa eratu zuten kideak hauek dira:

  • Gipuzkoako Foru Aldundia
  • Errenteriako Udala
  • Soziolinguistika Klusterra
  • Euskalgintzaren Kontseilua
  • Langune
  • ArantzazuLab laborategia
  • Euskal Herriko Unibertsitatea
  • Euskal Irrati Telebista
  • Euskaltzaindia

Eta Gobernu Batzordeko kide dira, aurrekoez gain:

  • Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza
  • Ikastolen Elkartea
  • Elhuyar
  • Aek

Gobernantza partekatu honek erantzuten dio Badalabek bere egin duen konbentzimendu sendo bati: gizartearen ekimena eta erakundeen ahalmena uztartuta bakarrik izango du euskal komunitateak herri garapenerako aukera.

04
taldea

Orbitan metodologia berritzaileetan eragileak, ingurune digitaleko adituak, ikertzaileak, kultur eragileak, disziplina anitzetako sortzaileak, diseinatzaileak, kazetariak, gidoilariak, ikus-entzunezkoetan arituak eta ideiak bor-bor dituzten lagunak.

Goiatz Oiartzabal Lakarra

Zuzendari Nagusia

Leire Palacios Egiguren

Berrikuntza Eragilea eta Komunikazio arduraduna

Izaro Arruti Agirreurreta

Berrikuntza Eragilea

NOLA?

Testuinguru honetan, Badalabek ulertzen du bere egiteko nagusia dela askotariko ekosistema bat katalizatzea, honek elika dezan helburu duen hiztun komunitatea. Horretarako, galderak probokatuko ditu, ez-ohiko aliantzak sustatu, eta hauen zerbitzura jarriko espazioak, tresnak eta esperientziak.