MUGAK eta identiTARTEAK: Atlantikaldiaren baitan Los Voluble-ren kontzertuko ikus-entzunezkoetan ekarpena egiteko sormen saioak

Errenteria laborategi lan-ildoaren baitan, Badalabek bere ekarpena egin nahi du Atlantikaldia jaialdian, herrian eragile eta pertsona ezberdinen arteko sareak sortzen. Horretarako, Los Voluble musika taldearen kontzertu bat eskainiko dugu eta herritarrak musika taldearen bereizgarri diren ikus-entzunezkoen sorrera prozesuaren parte izan daitezen nahi dugu!

Gauzak honela, MUGAK eta identiTARTEAK sormen tailer gidatuak eskainiko ditugu nahi duten herritarrek beraien ekarpenak egin ditzaten. 3 sormen saio izango dira, eta bi gai nagusiren baitan arituko gara: mugak eta identitateak. Zeintzuk dira zeharkatzen gaituzten mugak? Fisikoak al dira, geografikoak? Sinbolikoak, ikusezinak? Nola eragiten dute gure identitateetan?

Hainbat ariketa artistikoren bitartez, irudimena askatu eta hausnarketa kolektiboa egingo dugu; Errenteriako aniztasunaren erakusleihoa izan nahi duen komunitatean geure ikuspuntuak elkarbanatuz.

Sormen saioen datak:

  • Maiatzak 15, maiatzak 29 eta ekainak 12.
  • 17:30etik 19:30era.

Tokia: Badalab-eko Plazan (Joxepa Antoni Aranberri Anitzenea eraikineko 3. solairua. Errenteria)

Nori zuzendua: Errenteriako herriarekin nolabaiteko harremana duen eta identitateen eta mugen inguruan hausnartzeko, baina batez ere ongi pasatzeko gogoa duen edonori. Umeek ere parte har dezakete.

Zientzia Fikzioa, usadio zaharrak eta hitz sormena

Zientzia Fikziozko «Scavengers Reign» (HBO) animaziozko telesaila estreinatuko da lehendabizikoz Europan eta estreinaldi hori euskaraz izango da, Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiaren eskutik. Kutxa Fundazioaren Hitzetatik Ekintzetara egitasmoarekin elkarlanean, Etorkizuneko naturaren izendegia ekintza antolatu dugu maiatzaren 21ean, arratsaldeko 17:30ean, Donostiako Aquariumean. Emanaldi berezian, «Scavengers Reign» telesailaren sortzaileetako batek, Jon Juarez artistak, parte hartuko du. Berarekin batera, Katixa Agirre idazleak ere zientzia fikzioaren sormen prozesuaz eta generoak hizkuntzarekin duen harremanaz arituko da.

Scavengers Reign animaziozko telesail laudatua lehenengo aldiz proiektatuko da Europan, Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategia eta Kutxa Fundazioaren eskutik

Jarduna amaitzeko, Jon Juarezek berariaz sortutako maparekin izendegia sortuko dute bertaratutakoek. Mapak bilduko ditu etorkizuneko geografiak eta elementu naturalak, hala nola, mendiak, ibaiak, landareak edota animaliak. Irudimena erabiliz, euskarazko hitz zaharrak berreskuratu eta berriak sortuko dira euskarari ekarpena egingo dion ekintza kolektiboan.

Euskal usadio zaharrek, tarotak, naturak eta ludikotasunak, zer diote etorkizunaz?

Natura eta etorkizuna bitasunari jarraiki, bestelako zita proposatzen du Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiak, egun batzuk aurretik, maiatzaren 17an, egun osoko jardunaldian. Larunbatarekin bat bilduko dira Aitzpea Leizaiola Antropologian doktorea, Garazi Arano astrologoa eta Xabier Landabidea Euskal Gaien Institutuko ikerlari eta irakaslea. Iragana, oraina eta etorkizuna ardatz, denboraren hiru parametroei so egingo diete parte-hartzaileek.

Euskal Herrian, uzta ondo joateko, goseterik ez pairatzeko, osasuna bermatzeko, edota haurrak ekartzeko zein horiek bizirauteko, adibidez, jarraitu izan dira erritualak. Guztiak dira etorkizuna ezagutzeko, edota etorkizuna kontrolagarria dela antzemateko ohiturak eta usadio zaharrak. Gaur egun ere badira xede bertsuko metodologia zientifikoak eta ez zientifikoak. Laborategi izaera duen jardunaldi honetan, ohitura anzestralak eta modernoak ezagutuko dira etorkizuna irudikatzeko.

Horiekin batera, ludikotasuna ere esploratuko da jardunaldiaren bigarren zatian. Kutxaz kanpo mahai, karta eta rol jokoen bidez pentsamendu eta hausnarketa bide berriak sustatzeko marko ludiko eta esperientziala da. Etorkisuneku 01 erakusketaren markoan, eta “Itzultzeko eskubidea” fabula abiapuntu, sormena baliatuko dugu zientzia fikziozko narrazio kolektibo bat sortzeko.

Nolakoa izango da etorkizuneko euskal gizartea?

Nola erabil daiteke jolasa sormen prozesuak aberasteko?

Zein iragarpen mota egiteko prest gaude?

–> Informazio gehiago eta izen-ematea