Ikergazte 2025-27 beka deialdi berria martxan

Ikertzaile gazteei zuzendutako diziplinarteko ikerketa-proiektuen deialdia 2023an jarri genuen abian UEUk eta Badalabek. Haren helburuak dira ikertzaile euskaldun gazteen arteko harremanak sendotzea eta ezagutza-arlo ezberdinetako ikertzaileak elkarlanean aritzea.

Joan den astean aurkeztu genituen 2023ko lehen deialdiaren emaitzak, baita 2025-27 deialdi berria zabaldu ere.

Ikertzaile askorentzat hau izango da aurkeztu eta autonomiaz garatuko duten lehen ikerketa-proiektua eta horrek balio erantsia du ikertzaile gazteentzat, beren ikertzaile-ibilbide profesionalean aritzeko lehen aukera emango baitie. Hori guztia euskaraz, eta euskara komunikazio-tresna nagusi dela.

2023tik hona «Pottoka: Euskal Herriko poniaren jatorri eta ondareari jarraika» ikerketa gauzatu du Oihane Mendizabal Sandonisek (Aranzadi Zientzia Elkartea), Sofia Marcos Basagoitik (EHU) eta Miren Iraeta Orbegozok (Kopenhageko Unibertsitatea) osatutako taldeak.

Deialdi berrirako proposamenak aurkezteko epea irailaren 22ra arte luzatuko da eta ebazpena, berriz, azaroaren 14an jakinaraziko da.

Hemen deialdi berriaren zehaztapenak

Etorkisuneku soinuen kapsula, Etorkisuneku 01 itxiera ekitaldia

Etorkisuneku 01 erakusketaren itxiera astea ospatuko dugu Badalaben ekainaren 10etik 14ra bitartean. Etorkizuneko iruditeria elikatu eta euskararen agertoki berriak elikatzea helburu duen programa publikoaren baitan hiru ekintza publiko antolatu ditu laborategiak, hirurak izango dira doakoak eta irekiak.

Etorkisuneku soinuen kapsula itxiera ekitaldiak Errenteriari gorazarre egin nahi dio, iragana, oraina eta etorkizuna soinuaren bitartez lotuta. Ekainaren 14ean azken bisita gidatua eskainiko da espazioan 10:00etan. Horren ondoren, 10:30ean parte-hartzaileek ibilbidea egingo dute Errenteria herriaren historiari lotuta dauden hainbat leku esanguratsu bisitatu eta bertako soinuak grabatzeko. Ondoren, 12:00etan Badalaben egoitzan, zitarako berariaz prestatutako emanaldi berezia eskainiko du Amorantek eta hark eskainiko dion sokari helduta, Iraitz Mateok, Etorkisuneku 01 erakusketan parte hartu duen artistak, Aitor Galdosekin batera, herriko soinuak, irudiak eta bertsoak bilduko dituen performance musikatua eskainiko dute. Azkenik, Mateoren obraren helburua bete egingo da itxiera ekitaldian eta bertaratutakoek 2073. urtean irekia izateko denbora kapsula bat bete egingo dute etorkizuneko euskararen agertoki berriak irudikatzeko testu, argazki, soinu edota ametsekin.

Lau hilabete eta erdi iraun dituen Etorkisuneku 01 erakusketaren programa publikoari amaiera emango dio Amorante, Iraitz Mateo eta Aitor Galdos artistak, besteak beste, bilduko dituen ekitaldiak. Etorkizuneko euskararen agertoki berriak irudikatzeko prototipo artistikoak biltzen ditu erakusketak eta xede bertsukoa da iragana, oraina eta etorkizuna ahokatu dituen programa publikoak. Hemen agenda osoa:

Etorkisuneku 01 erakusketaren itxiera asteko agenda

Ekainak 10, asteartea

17:00 – 18:30
Maddi Sara artistarekin, etorkizuneko abatarrak sortzeko laborategia.

Ekainak 11, asteazkena

18:00 – 20:00
Nerea Arrien idazlearekin, bisita gidatua.

Ekainak 14, larunbata (Eman izena hemen)

10:00 – 14:00

Etorkisueko soinuen kapsula, itxiera ekitaldia
Amorante, Iraitz Mateo eta Aitor Galdos

Sormen eta mediazio bekek badituzte onuradunak


Laborategiaren jarduna gidatuko duen lemari ekarpena egingo dioten eta bere programa publikoa zabaldu eta aberastuko duten sormen eta mediazio beka deialdia itxi genuen pasa den hilaren bukaeran eta dagoeneko badugu deialdiaren ebazpena eta baditugu onuradunak.

Hizkuntza batek bizirauteko beharrezkoa du transmisioa, eta hizkuntza osasuntsu baten kasuan, normalena da gurasoek haurrei transmititzea. Euskararen kasuan, ordea, etxeko transmisioa galtzen joan da azken mendeetan zehar. Horregatik, haur askok eskolan ikasten dute euskara eta hor soilik erabiltzen dute. Euskarak osasuntsu bizitzeko espazio berriak behar ditu.

Deialdi honek, zehazki, “Transmisioa, Transizioa, Transgresioa. Irtenbidea kolektiboa da” lemari ekarpena egin nahi dioten disziplina anitzeko egitasmo esperimentalak laguntzeko helburua izan du. Hiru beka independiente dira, bakoitzak 10.000 euro jasoko dituelarik.

Transmisio eredu berriak

2073 urtean euskaratik eta euskaraz bizitzeko hautua egingo duen komunitate bat izateko transmisio eredu berriak sortu behar dira. Euren proiektu esperimentalaren bidez horiek irudikatzeko eta probatzeko gogoz datoz Ainhoa Iruretagoiena eta Ainara Hernandez.

Hegoa Alvarez eta Garazi Albizua idazketak batu izan ditu orain arte, eta sormenak elikatu. “Xantza” jolasa aurkeztu dute deialdira, zeinarekin, irudimena bide, izan daitezkeen etorkizun edota aukeren narratibak sortu nahi dituzten, bakoitzaren erabakiaz baliatuta, narratiba horren parte izateko. Horretarako, irudi eta poemak abstraktuak sortuko dituzte, emozioak piztuz, eta barneratuta ditugun kanonak apurtuz, zati horietatik bestelako kontakizunak eraikitzeko.

“Hegan egiteko gogoa” izeneko egitasmoa proposatu dute Mikel Ayllonek, Irati Agirreazkuenagak, Amaia Garatek eta Iñaki Ziarrustak.  Orain arte jorratu duten bidean beste pauso bat eman nahi dute eta, ikerketa artistiko komunitario baten bidez, etorkizuneko komunikazio-sistema multisentsorial bat aztertu eta proposatu: Euskara hedatu bat, ahozkotasuna eta soinutasuna (orality/aurality) oinarri hartuta, beste zentzumenen bidez ere hedatuko dena. Izan ere, etorkizuneko hizkuntzak (baita euskara ere) esateaz eta entzuteaz gain, usaindu, ukitu eta sentitu egingo dira.

Eta etorkizuneko euskararen bilaketa hori dibergentziatik proposatu nahi dute. Dibergentzia neurologiko eta fisikotik. Etorkizuna eta euskara dibergenteak izango direlako edo ez direlako izango.

Orain hasita, urte amaiera bitarte ariko dira euren ekimenetan lanean. Adi egon, Badalaben programa publikoan txertatuko diren ekintzak ere proposatuko baitituzte!

Hemen ikus dezakezu ebazpena: