Ikergazte 2025-27 beka deialdi berria martxan

Ikertzaile gazteei zuzendutako diziplinarteko ikerketa-proiektuen deialdia 2023an jarri genuen abian UEUk eta Badalabek. Haren helburuak dira ikertzaile euskaldun gazteen arteko harremanak sendotzea eta ezagutza-arlo ezberdinetako ikertzaileak elkarlanean aritzea.

Joan den astean aurkeztu genituen 2023ko lehen deialdiaren emaitzak, baita 2025-27 deialdi berria zabaldu ere.

Ikertzaile askorentzat hau izango da aurkeztu eta autonomiaz garatuko duten lehen ikerketa-proiektua eta horrek balio erantsia du ikertzaile gazteentzat, beren ikertzaile-ibilbide profesionalean aritzeko lehen aukera emango baitie. Hori guztia euskaraz, eta euskara komunikazio-tresna nagusi dela.

2023tik hona « Pottoka: Euskal Herriko poniaren jatorri eta ondareari jarraika » ikerketa gauzatu du Oihane Mendizabal Sandonisek (Aranzadi Zientzia Elkartea), Sofia Marcos Basagoitik (EHU) eta Miren Iraeta Orbegozok (Kopenhageko Unibertsitatea) osatutako taldeak.

Deialdi berrirako proposamenak aurkezteko epea irailaren 22ra arte luzatuko da eta ebazpena, berriz, azaroaren 14an jakinaraziko da.

Hemen deialdi berriaren zehaztapenak