Zaila izaten da gure egunerokoan gelditu eta pentsatzea. Are zailago gelditu eta jolasean hastea. Baina ludikotasunak bideratu ditzake hainbat hausnarketa eta lagun dezake bestela helduko ez ginatekeen egoeratara iristen.
Fikzio Fabrika kolektiboak eta Badalab Hizkuntza Berrikuntzarako Laborategiak Kutxaz Kanpo zikloa antolatu genuen 2024an zehar mahai, karta eta rol jokoen bidez euskararen eta euskal hiztunen etorkizunak landu eta pentsamendu eta hausnarketa bide berriak sustatzeko.
Eta bide horretatik, pasa den urriaren 3an Kutxaz Kanpo proposamena egun osoko ahalduntze ludikorako saio bihurtu genuen Eibarko Markeskoa jauregian, euskalgintzaren ertz eta bektore ezberdinetako eragileekin batera maizter eskola* moduko bat antolatzeko. Asmoa parte-hartzaileei mahai jokoak erabiliz marko ludiko eta esperientzial eraldatzaileak sortzeko formakuntza eskaintzea zen. Izan ere, Euskal Herriko eragile ezberdinei tresnak eta heldulekuak eskaini nahi dizkiegu ludikotasunetik euskararen eta euskal hiztunen etorkizun egingarri, desegingarri, desiragarri eta arbuiagarrien gaineko espekulazio estrategikoak burutu, diseinatu eta martxan jartzeko, nork bere errealitatetik abiatuta.
* Maizter deitzen dio Atopia rol jokoak jokoaren gidari, zuzendari edo narratzailearen ardura hartzen duen pertsonari. Maizter eskola deitzen diogu jolas eta jokoen gidaritzarako formakuntza saioei.
Saioak bi helburu nagusi zituen:
- Kutxaz Kanporen esperientzia teoriko eta praktikoa ezagutzera ematea euskalgintzako eragileei.
- Euskalgintzen kokapen anitzetan “kutxaz kanpo” berriak sor daitezen baldintzak sortzea.
Baina, batez ere, ondo pasatzea.
Konplizitateak sortzeko eta sinergia berriak lortzeko aukera eman ziguten jolasek. Aurrez ezagutzen ez ginenen artean problematika berriei erantzuteko modu berriak eta ordura arte ezezagunak zitzaizkigunak bilatu genituen. Gure roletatik atera eta ume bilakatu ginen, eta bandido, artzain, robot, sasijakintsu, exoeskeletodun gerlari…
Bi jolasetan aritu ginen goizean:
- ZEINUA: “Sign” jokoaren moldaketa bat erabili genuen, Nicaragauako ume gor talde baten esperientzia oinarri hartuta, hizkuntza konpartiturik ez duen (eta sortuko duen) giza talde bat bihurtzeko. Hitzez komunikatu ezinak zeinuen hizkuntza berri bat sortzeko beharra ekarri zigun eta konturatu ginen posible dela. Kode partekatu bat sortu genuen eta jerarkiak desagertzeko balio izan zuen.
- URTE LASAIA (“A quiet year”): Komunitate baten etorkizuna irudikatu, marraztu, negoziatu eta esperimentatu genuen fikzio kolaboratiboaren bidez. Mapak marraztuz, istorio bat kontatu, komunitate bat eta gure burua imajinatu…
Joku hauek sarean eskuratu ditzakezue:
- Sign arauak.
- Sign kartak.
- The Quiet Year – Orakulua.
- The Quiet Year – Jokoa erosteko.
Bazkal ostean, mahai joko mordo bat eskaini zitzaizkien parte-hartzaileei, haien kezka, itxaropen eta arduretatik abiatuta kutxaz kanpo saio berri bat diseinatu zezaten taldean. Talde bakoitzak bere proposamena eskaini zion besteari, eta balio izan zigun estres egoeretan erabaki kolaboratiboak hartzeko, kooperatiben baloreetan sakontzeko eta gure aurreiritzien inguruko hausnarketa bat egiteko ere.
Argazkietan (Badass) ikus daiteke zeinen ondo pasa genuen.




















