McKenzie Wark. Maitasuna eta Dirua, Sexua eta Heriotza
McKenzie Wark idazle, aktibista eta ikerlaria da, jatorriz Australiakoa eta egun New York-en bizi dena. 2024ko abenduan Euskal Herrian izan zen gurekin, trans emakume izateko trantsizioaz hizketan. Trantsizio hori eta beste ugari biltzen ditu « Matasuna eta dirua, sexua eta heriotza » (Katakrak, 2024) liburuak, Danele Sarriugartek itzulia eta Jokin Azpiazuren hitzostearekin jantzia. Liburuan gutunak idazten dizkie bere amari, ama hildakoan ama rola hartu zuen ahizpari, maitaleei, gazte trans bati eta “jainkosa bati, guztien amari”. Durangoko Azokan, Tabakaleran eta Katakraken izan zen, transexualitatea, herrigintza eta hizkuntza hizpide, beste euskal idazle eta aktibistekin solasean.
Durangoko Azokan, esaterako, transexualitatea jendea harritzeko aukera bat izan daitekeela nabarmendu zuen eta hizkera propioa sortzeko aldarria ere egin. Warken hausnarketek utzitako lorratzei eutsi eta militantziaz edo euskalgintzaz zituzten ideiak elkarbanatu zituzten ondoren Sugoi Etxarrik, Ibai Atutxak eta Izar Mendigurenek. Euskaldun gisa bizi ditugunak islatzeko hitzen faltaz, desbideratzeaz, harremanez eta komunitatea sortzeaz hitz egin zuten. Tartean, Warken liburutik hartutako aipu baten bueltan aritu ziren:
Wark. « Niretzat, hementxe da politikoa pertsonal. Nire barruan geratzen den borroka honako hau da: mundu bat lortzea non denok elkarrekin eseriko baikara Eskerrak Emateko Egunean, maite ditugun guztiekin, eta non aulki bat utziko baitugu libre, behar duenarentzat”.
Hona hemen bakoitzak egindako ekarpen bana:
Mendiguren. « Nolako mahaiak, nolako aulkiak behar ditugu guztiok tokia izateko? Batzuk hurbilduko dira, besteek ezingo dute… Badagokigu batzuetan batzuen alde egitea, beste batzuk atzera egin eta batzuk aurrera egiteko. Garai berrietara formatu zaharretan egokitu nahian gabiltza. Denon hitzak balio eta toki berdina izateko, asko daukagu arakatzeko gure espazio eta proiektuetan. »
Atutxa. « Gai izan behar gara zapalkuntza eta borroka ezberdinak bakoitzak daukan posiziotik ulertzen eta ahalegindu beharko genuke denok Nik borroken mahai bat egingo nuke, zeinetan inork ez dion inori logika edo bizipena isiltzen, ulertzen dugu fronte komun horretan etsaia konpartitua daukagula. »
Etxarri. « Uste dut mahai horretan gehiagotan elkartu behar garela eta uste dut denen artean prestatu behar dugula bazkaria, ez dela hain garrantzitsua menua, baizik denon artean prestatzea bazkaria. »
Egun horretako kontakizuna osorik irakurtzeko ikusi: https://badalab.eus/m-wark-hizkuntzarekin-jolasteak-gogoa-ematen-dizun-ideal-hori-asmatzeko-aukera-ematen-dizu/
Liburuaren esteka: https://katakrak.net/cas/lib/maitasuna-eta-dirua-sexua-eta-heriotza
Marina Garcés Mascareñas. Denbora bizigarri baterako: ilustrazio erradikal berria eta promesaren denbora
Marina Garcés Mascareñas Kataluniako filosofo, irakasle eta saiakeragilea da. 2025eko abenduan izan genuen gurean, bere bi libururen euskarazko itzulpena aitzaki: « Nueva ilustración radical » (2017) eta « El tiempo de la promesa » (2023). Biekin liburu bakarra osatu genuen « Denbora bizigarri baterako: ilustrazio erradikal berria eta promesaren denbora », Jakinek argitaratuta.
Nola pentsatu esperantza, promesa; nola pentsatu bestela, moderniaren ilustrazio unibertsalaren eta etenik gabeko garapenaren iruzurraren tranpak azpian harrapatu eta etsipenean utzi gaituenean. Geure desobedientzia epistemikoa armatzeko gramatika erradikal baten hainbat zantzu pentsagarri eta gauzagarri ekartzen dizkigu Garcesek.
Euskal Herrian egindako bisitan, Durangoko Azokan, Tabakaleran eta Kaxildan eman zituen hitzaldiak, komunikabide ezberdinetan elkarrizketak eskaintzeaz gain. Komunitateaz, denboraz, promesez, militantziaz, ilustrazioaz, filosofiaz eta hizkuntzaz aritu ginen berarekin, besteak beste.
Durangoko solasaldian, Olatz Mitxelena liburuaren itzultzailea, Jakineko Lorea Agirre eta Badalabeko Goiatz Oiartzabalekin elkarrizketan aritu zen. Marinak garrantzi berezia eman zion bere lanak euskarara itzuliak izanari. Bere ustez, hizkuntza ezberdinen arteko pentsamendu-elkartukeak anizkoitzen du bakoitzak testuekin eduki ditzakeen harremana eta erabilera. Liburuaren itzulpena, argitalpen-aukera huts bat izatetik urrun, aukera intelektual, politiko, kultural eta linguistiko gisa ikusi du.
Bestalde, Loreak galdera bakarrean ondo laburtu zuen liburuaren edukiak: zer egin multikrisia ezaugarri duen gizartean? Horren aurrean, Marinak argi dauka pentsatzearen ariketa ekitea dela eta guztiok egin dezakegun zerbait da, komunala. Horretarako filosofiak pentsatzera gonbidatzen du mundu guztia.
Elkarrizketara batu ziren Jakineko Haritz Azurmendi eta Badalabeko Leire Lison, Marinaren pentsamendua gazte-militantzia garaikideen inguruan hausnartzeko. Askotan zalantzan jartzen da gazteen konpromisoa herrigintzarekin; euskara gaurdaino ekarri duen lan-bolondresak indarra galtzen ari dela. Era berean, gazteen artean bada etorkizunarekiko kezka eta ikuspegi ezkorra. Horren aurrean Marinak argi adierazten du, etorkizuna egon badagoela eta iraganeko ideia eta borroka emantzipatzaileak ez direla galdutzak eman behar. Are, horietako baten batek gaur egun indargabetuta geratu bada, galdetu beharra dago zein pentsamendu-eredutan oinarrituta zeuden etorkizun posible horiek. Denbora ez da modu lineal batean ulertu behar, ez dago kronologia bakarra, eta iragan bezala ikusten ditugun etorkizun desiragarri eta ez-desiragarri horiek egun ere eztabaidatzen eta auzitan jartzen ahal ditugu, bide batez, gure etorkizunarekiko promesak elikatzeko.
Garcés. « Podem destituir el futur [no desitjable] de la pròpia condició de futurible per a obrir-nos a altres experiències del temps per venir.«
Durangoko Azokako elkarrizketa (Bideoa, Peertube): https://peertube.eus/w/n8GjiXjuycLp7ALxaL6xQD
Tabakalerako elkarrizketa (Bideoa, Vimeo): https://www.tabakalera.eus/eu/ikusi-irakurri-entzun/edukiak/istripuaren-aldian-denbora-bizigarri-baterako-ekologia-bat-marina/
Berriako elkarrizketa (testua): https://www.berria.eus/kultura/pultsio-erreakzionarioak-berriz-aktibatzen-ditu-iragan-idealizatuak-eta-pribilegioen-inguruko-loturak_2151298_102.html
Argiako elkarrizketa (testua): https://www.argia.eus/argia-astekaria/2947/marina-garces-filosofia-bizimodu
Gaur8ko elkarrizketa (testua): https://www.naiz.eus/eu/hemeroteca/gaur8/editions/gaur8_2026-01-17-06-00/hemeroteca_articles/norantz-galderatik-noiz-arte-galderara-pasa-gara