Zer nolako komunikazio sistemak beharko ditu euskarak etorkizunean?


Sare sozialak, adimen artifiziala eta emozioak, algoritmoa, marketinga, fake news edo buluak, komunikazioaren kutsadura klimatikoa eta hizkuntza teknologiak hizpide hartuta, euskaratik eta euskaraz etorkizuneko komunikazioaren inguruan hausnartzea izan da Etorkisuneku Komunikazio Laborategiaren helburua.

2023ko urritik 2024ko ekaina bitarte gauzatu den fase hau, hirutik lehenengoa izan da, ondoren etorriko baitira bigarrena -Sormena sustatuz; hausnarketatik esperimentaziora (2024-2025) – eta hirugarrena -Ekosistema artikulatu, ekosistema elikatu (2025 -2026) -. Laster zabalduko dugu bigarren fasean parte hartzeko deialdia.

Zazpi saiotan zehar esperimentazioa izan du ardatz laborategiaren lehen fase honek. Gamifikazioa edo ludikotasuna, ikasketa kooperatiboa eta arazo bati soluzioa ematera bideratuta egon den ariketa espekulatiboa izan dira erabilitako metodologiak. Euskarazko komunikazioaren inguruko hausnarketa burutu ahal izateko saio bakoitzaren edukiak, dinamikak eta ondorioak bildu ditu Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiak.

Ondorio nagusiak

Lehen fase honetan nabarmentzekoa izan da Ikus-Entzunezko Komunikazioak edozein adin eta jatorri akademikoko zein profesionaleko pertsonak biltzeko gaitasuna daukala. Saioetan behin eta berriz azaldu legez, indibiduoen bizitzan etengabeko eragina duelako. Ez-jakintasuna handia da, kuriositatea ere bai, eta teknologia berriekiko erakarpen maila altua da, nahiz eta, sormen digitalarekiko salto handiaren falta nabarmena den: adimen artifiziala, esaterako, etengabe dute ahotan, nola erabili jakin gabe.

Ondorioz, eta hizkuntzara etorrita, hizkuntza teknologiekiko distantzia handia igertzen da, ezjakintasuna eta ezagutza faltagatik. Haatik, erabiltzeko potentzial handia dagoela agerikoa da.

Bestalde, ikusi da komunikazioaren inguruko definizioaren akotazioa belaunaldiekin aldatu egiten dela: Z belaunaldiak irudia oso present duen bitartean, gainerakoentzat hitzak eta hedabideak dira zentroa. Hala ere, guztiek dute arazo handia, adibidez, bideojokoek, esate baterako, irekitzen dituzten mundu berriak komunikazioaren esparrutik ulertzeko edota komunikazioa aldaketa klimatikoarekin lotzeko.

Gazteek etorkizuna irudikatzeko ahalmen handiagoa izango zutela uste arren, trebatu behar izan ditugu etorkizuna abstraktuki irudikatzen has daitezen. Hortaz, irudimena lantzeko beharra ezinbestekoa dela berretsi dugu; irudimenik gabe nekez sortuko dute etorkizuneko iruditeria, edota etorkizunaren gogoa.