“Kutxaz kanpo” Badalab Hizkuntza Berrikuntzako Laborategia eta Fikzio Fabrika kolektiboaren artean mahai, karta eta rol jokoen bidez pentsamendu eta hausnarketa bide berriak sustatzeko marko ludiko eta esperientziala da, euskararen eta euskal hiztunon etorkizunak elkarrekin pentsatzeko marko moldagarri eta modularra bezala planteatu duguna.
2024 eta 2025ean hainbat saio egin genituen eta 2026 urtean, UEUrekin batera jauzi bat eman nahi izan dugu, Kutxaz Kanpo 2026: Euskararen orainak eta etorkizunak zikloarekin. Gaiaren inguruko esperientzia eta ezagutza duten eragileen hitzartzeekin batera jolas eta joko ezberdinak ekarriko ditugu, ohiko ikastaro formatuetatik haratago hausnarketa, elkarrizketa eta esperientzia kolektibo ludiko eta eraldatzaileak ahalbidetzeko asmoz.
Ziklo honetan Euskal Herriko 5 espazio esanguratsutan hizkuntza eta hiztunen inguruko 5 ideia landuko ditugu: Jabetzea eta ahalduntzea, Hizkuntza-ohiturak, Komunitatea, Utopia eta Nostalgia eta Kontakizunak eta Sorkuntza.
HELBURUAK:
- Gaiaren inguruko esperientzia eta ezagutza duten eragile eta kasuak zuzenean ezagutzea.
- • Euskararen oraina eta etorkizunari buruzko hausnarketa, elkarrizketa eta esperientzia kolektiboak ahalbidetzea.
- • Ohiko ikastaro formatuetatik haratagoko formakuntza markoekin elkarrekin esperimentatzea.
Lehen saioa, hiztunen jabetzea eta ahalduntzeari lotutakoa izan da, maiatzaren 8an, Badalabeko egoitzan, Errenterian. Saio horretan beste esperientzietatik (euskalgintza, feminismoa, antiarrazismoa) ikasi ahal izan dugu, eta ondoren, jolasean aritu gara gerturatutako parte hartzaileak euskal hiztunen jabetze eta ahalduntzean aurrerapausoak nola eman elkarrekin pentsatzeko.
Hizlarien aurkezpenak
- Manex Agirre Arriolabengoa. Bertsolaria eta euskara teknikaria. Hemen
- Malen Aldalur Azpillaga. Azpeitiako Udaleko Parekidetasun saileko teknikaria. Hemen
- Sheila Padrones Gil. Sos Arrazakeriako Etxeko Lanaren arloko teknikaria. Hemen
Hiru ekarpenek hari komun batzuk partekatu zituzten: jabetzea edota ahalduntzea prozesu kolektibo bezala ulertzea (indibiduala eta politikoarekin batera), kontzientzia kritikoa lantzea, espazio seguru eta parte-hartzaileak sortzea, eta subjektu politiko aktiboak eraikitzea.
BigIdeas in a box jokoan oinarritutako dinamika
Saioaren bigarren erdian sartu eta pentsamendu laterala sustatzeko modu bezala “izotz hausle” (ingelesez icebreaker) dinamika txiki bat egin genuen, taldeka, ohiko objektuen (Kristalezko basoa, euritakoa, koilara, eskegitzeko pintza, plastikozko botila eta klipa) bost ezohiko erabilera pentsatu eta besteen aurrean aurkezteko.
Ondoren, eta jada banaka jarrita parte hartzaile bakoitzak euskararekin lotutako duen kezka bat pentsatu, formulatu eta partekatu behar izan du galdera moduan.

Mota askotako galderak entzun ahal izan genituen, hala ere laburtze aldera, gai hauek identifikatu ditugu:
- Boterea eta hizkuntza
- Euskara hizkuntza zapaldua dela aitortu zen, baina aldi berean botere-elementu bihur daitekeela ere bai.
- Hizkuntza-hautua ez dela guztiz “librea” azaleratu zen: testuinguru sozialak, lan-harremanek eta botere-dinamikek baldintzatzen dute.
- “Nor da desboteretu behar dena?” edo “zer egin AA hegemonikoak boterea gal dezan?” bezalako galderek erakutsi zuten jabetzeak botere-harremanak birpentsatzea ere eskatzen duela.
- Hizkuntza eta boterea ezin dira banatu. Edozein egoera soziolinguistikora hizkuntza batekin goaz eta hitz egiten dugun moduaren arabera sailkatzen gaituzte.
- Boterea eta zapalkuntzak intersekzionalak dira. Hizkuntzaren ardatza beste kategoria sozial batzuekin gurutzatzen da (generoa, klase soziala, adina, orientazioa, jatorria, gaitasun fisiko eta kognitiboak…) eta, beraz, botere-harremanak beraien konplexutasun osoan aztertu behar dira, ezin dira modu isolatu eta linealean ulertu.
- Eguneroko praktikaren zailtasunak
- Euskaratik gaztelaniara automatikoki salto egitea, baita denak euskaldunak direnean ere.
- Lan-bileretan, aisialdian edo kirolean euskarari eusteko zailtasunak.
- Borondate hutsean oinarritutako militantziaren nekea ere agertu zen.
- Jabetze- eta ahalduntze-eskoletan egunerokotasuneko esperientziak balioan jarri eta ezagutza bihurtzen dituzte. Bizipen subjektibo eta indibidual izatetik haratago, komunitatearentzat balio handikoa den jakintza gisa ulertzen dituzte. Aitortzen da ezagutza ez dela soilik liburuetan eta maila akademikoetan sortzen den zerbait.
- Inklusioa eta irisgarritasuna
- Nola iritsi etorri berriengana, gazteengana edo guraso ez diren pertsonengana. Alegia, dagoeneko sentsibilizatuta ez dauden horietara.
- Euskara ikasteko motibazioa nola sortu euskaraz bizi ez den inguruneetan.
- Bi hizkuntza edo gehiagoren ikasketa-prozesuak dituzten pertsonen egoera nola ulertu eta lagundu.
- Nola neurtu ahalduntzearen inpaktuaren irismena?
- Identitatea eta desiragarritasuna
- Euskal identitatea nola birsortu gaur egun, euskara ardatz izanik modu ireki eta ez baztertzailean.
- Euskarari lotutako desiragarritasun soziala edo “guaytasuna” nola eraiki.
- Gazteek zein hizkuntzatan pentsatzen duten edo txakurrei zergatik euskaraz egiten diegun bezalako galderek hizkuntzaren dimentsio emozional eta inkontzientea mahai gainean jarri zuten.
- Jabetze kolektiborako espazioak
- Espazio digital libre euskaltzaleen beharra aipatu zen.
- Euskarak komunitatean parte hartzeko irekitzen dituen aukerak gehiago ikusarazi behar direla azpimarratu zen.
- Jabetzea ez dela soilik indibiduala, baizik eta komunitarioa eta politikoa ere, behin eta berriz agertu zen.
Jabetze-eskola > Ahalduntze-eskola > Eskola-politikoa
Jabetzea > Ahalduntzea > Politizatzea
Maila indibiduala > Maila kolektiboa > Maila soziopolitikoa
Galdera indibidualak plazaratu ondoren, interesen edo afinitateen arabera hiru talde osatu genituen. Talde bakoitzak galdera bat aukeratu eta honi erantzun behar izan zion, baina baldintza berri batekin: Galdera fikziozko hiru testuinguru edo eszenatokitatik erantzun behar ziren.
- 1. eszenatokia: Gizartea erabat binarioa da: Txuria ala beltza. Aberatsa edo pobrea. Euskalduna edo erdalduna. Ez dago tartekorik gizartean.
- 2. eszenatokia: Ez dago dirurik. Edo egon zen eta desagertu egin da edo inoiz ez da egon dirurik.
- 3. eszenatokia: Ez dakigu zer gertatu den tartean, baina 50 urte barru da: 2076.
Agertu ziren galderak hauek izan ziren:
- Nola gerturatu euskal hiztunak eta migratuak elkarren artean hizkuntzaren ikuspegitik?
- Nola lortu euskara borondatearen esku gera ez dadin?
- Nola bihurtu euskara guay?
Errealak, are, sinesgarriak ere ez diren testuinguruak irudikatzeak erronka bati erantzuteko desberdin pentsatzera behartzen gaitu. 3 eszenatokiek parte-hartzaileak ezohiko soluzioak bilatzera eraman zituzten halabeharrez, onargarria eta posiblea denetik urruntzeko baimena emanez haien buruari. Denbora mugak direla eta – hurrengo Kutxaz Kanpoko saiorako denbora gehiago eskaintzea proposatzen dugu- dinamika ludikoari landutako erantzunak modu eskematikoan aurkeztu ziren, eta argi gelditu zen taldeek asti gehiagorekin emaitza landuagoak eta artikulatuagoak sortuko zituztela. Hala ere nahikoa izan zen zenbait ideia azpimarratzeko: Saioan ateratako kezketan oso argi ikusten da euskararen inguruko jabetzea ez dela soilik hizkuntza ikastearen edo erabiltzeko gaitasunaren auzia; boterea, identitatea, harremanak, desiragarritasuna, kolektibotasuna eta eguneroko praktikak gurutzatzen dituen prozesu politiko eta soziala dela. Hiru hizlarien ekarpenekin lotura zuzena duten kezka asko agertu ziren.
Ateratako ideiak hainbat ardatzetan antolatu daitezke:
Ondorio nagusi batzuk
- Euskararen auzia boterearen auzia ere bada
Saioan behin eta berriz azaldu zen hizkuntzaren erabilera ez dela hautu neutro edo indibiduala soilik; egitura sozialek, inertziek eta botere-harremanek baldintzatzen dute. - Jabetzeak dimentsio kolektiboa behar du
Hiru aurkezpenetan bezala, dinamikan ere nabarmendu zen kontzientzia hartzea ez dela nahikoa: espazio kolektiboak, praktikak eta harreman-sareak behar dira. Hein berean, jabetze indibidualak, gertatzen denean, balio eraldatzailea izan daitekeela azpimarratu zen. - Kontraesanak eta tentsioak agerian daude
Euskara aldi berean zapaldutako hizkuntza eta botere-markatzaile izan daitekeela ikusi zen. Horrek begirada konplexuagoak eta intersekzionalak eskatzen ditu. Euskararen auzia ez da monodimentsionala, eta ez dago gatazketatik at. - Desiragarritasuna eta afektuak zentralak dira
Euskararen erabilera ez da soilik diskurtso politikoarekin lotzen; lotura emozionalak, harreman-afektiboak eta eguneroko ohiturak funtsezkoak dira. Afektua eta ezagutza ez daude deskonektatuta. - Euskararen inguruko jabetzeak praktika konkretuak behar ditu
Ezagutza teorikoaz gain, eguneroko egoeretan euskarari eusteko tresnak eta dinamikak behar direla azaleratu zen: lan-bileretan, aisialdian, harreman berrietan edo espazio digitalean. Aitzakiak garrantzitsuak, are, funtsezkoak izan daitezke (kafe bat, tailer bat, irakur-talde bat…) - Galdera gehiago ireki ziren erantzun itxiak baino
Saioak ez zuen formula bakarrik eman; aitzitik, euskararen inguruko jabetzea kolektiboki pentsatzen jarraitzeko beharra indartu zuen. Puntu komunak aipatu ziren hizlarien eta dinamikako taldeen artean, eta elkarren esperientzia eta kasuetatik ikasteko aukera eta beharra azpimarratu ziren.

Aurrera begira, uste dugu euskaldunen jabetze eta ahalduntze prozesuak ezin direla hizkuntzaren ikuspegi huts eta isolatutik soilik ulertu. Hizkuntzaren esperientzia desberdina da pertsonen jatorriaren, generoaren, klase sozialaren edo bizi-baldintzen arabera. Horregatik, bereziki interesgarritzat jotzen dugu intersekzionalitatearen ikuspegia txertatzen jarraitzea, euskararen inguruko jabetzea modu konplexuago eta inklusiboago batean lantzeko.
Hiru hizlarien ekarpenek norabide hori indartu zuten. Jabetze feministarako eskoletatik ikusi genuen zapalkuntzak gurutzatu egiten direla eta ahalduntze kolektiboak espazio seguruak, kontzientzia kritikoa eta aliantzak behar dituela. Etxeko langileen eskola politikoaren esperientziak erakutsi zuen identitatea, bidegabekeriaren kontzientzia eta ekintza kolektiboa elkar lotuta daudela, eta subjektu politiko berriak eraikitzeko prozesuek bizipenetik abiatu behar dutela. Gasteizko hiztunen jabetze eskolaren ekarpenetik, berriz, azpimarratu zen jabetzea ez dela teoria hutsa: kokatua izan behar duela, praktikara eramana eta joan-etorriko prozesu kolektibo gisa ulertua.
Dinamikan ateratako galderek ere norabide hori berretsi zuten: nola iritsi etorri berrietara, nola ulertu euskararen eta boterearen arteko harremana, nola saihestu hizkuntza-hautua “borondate indibidual” huts gisa ulertzea edo nola egin euskara erakargarri eta partekagarri. Kezka horiek guztiek erakusten dute euskararen inguruko jabetzeak ezinbestean gurutzatu behar dituela hizkuntza, generoa, jatorria, adina eta klasea besteak beste.
Ondorio gisa, saioak ideia bat indartu zuen bereziki: euskararen inguruko ahalduntzea ez dela soilik gehiago erabiltzea edo gehiago jakitea, baizik eta norbere eta kolektiboaren lekua ulertzea, botere-harremanak identifikatzea eta komunitatearen bidez bestelako harremanak eraikitzeko gaitasuna garatzea. Intersekzionalitatearen ikuspegiak bide ematen du euskaldunen jabetzea irekiagoa, errealitate anitzetara konektatuagoa eta sozialki eraldatzaileagoa izan dadin.
Planteatutako metodologia ludikoak erakutsi digu hausnarketarako espazio konpartitu eta ezohikoak eskertu egiten direla, baina aldi berean ahalegina eskatzen dutela parte-hartzaileen aldetik, eta baldintzak zaindu behar direla (espazio egokia, denbora nahikoa, hurbiltasuna, segurtasuna, konfiantza…).
Erabilitako Big ideas in a box jokoaren aldaera egokia izan da jatorri, interes, jarduera esparru eta kezka ezberdinetatik zetozen pertsonak jabetze eta ahalduntzearen ideien inguruan elkarrekin lanen jartzeko, baina dinamikak denbora eskatzen du, eta hurrengo saioei begira dinamikarako bi orduko tartea erreserbatzea gomendatzen dugu.
Hurrengo pausoak:
Saioak agerian utzi du hiztunen jabetze eta ahalduntzeari lotutako kezka ugari eta partekatuak ditugula, baita hiztunen ahalduntzeaz hitz egin nahi badugu ezin dugula hizkuntzaz soilik hitz egin eta horretarako, ikuspegi intersekzionalak gaia konplexutasunean lantzeko aukera eskaintzen digula. Aldi berean, ahalduntzea prozesu kokatu bat izan behar duela ikasi dugu, norbere lekutik eta bizipenetatik abiatua, baina ahalduntze indibidualetik haratago joan behar dugula ahalduntze kolektiboa sustatuz, eragin politikoa izango duen ahalduntze kolektiboa. Hori lortu nahi badugu elkarrizketarako espazio egoki eta seguruak sortu behar ditugu.
Horregatik guztiagatik, Badalabetik euskalgintzako lurralde ezberdinetako hainbat eragilerekin eta ikuspegi intersekzionala txertatzen lagundu dezaketen beste eragilerekin batera hiztunen ahalduntzean eragiteko bideak elkarrekin marrazten jarraitu nahi dugu.
ELKARREKIN EGINGO DUGU?
