Mugikorraren osagaiak eta bidaiak: ikasgelarako material didaktikoa eraikitzeko tailerra

Pasa den maiatzaren 13an hezkuntza-komunitateko irakasleei zuzendutako tailer bat antolatu genuen, Talaiosekin elkarlanean. Bertan, teknologiaren inpaktu ekologikoa ikasleekin lantzeko material didaktikoa sortzen aritu ginen. Hain zuzen ere, egurrezko mugikor bat, zeinetan geruza ezberdinak baliatuz, mugikorrak nondik sortu eta non amaitzen duten hausnartzen den. Euskarri honekin gaiaren inguruko informazioa modu bisual eta fisiko batean ematen da. Hiru geruza banatzen dira: lehena, aplikazioak eta euren kontsumo-energetikoa; bigarrena, mugikorren osagai fisikoak eta berau konposatzen dituzten mineralak; hirugarrena, zabor-teknologikoaren auzia.

Egurrezko mugikorra 2023-2024 iakasturtean Badalabek egindako “Gazteen irudikapen sozialak: Euskal Herriko ikasleen kasua” ikerketan erabilitako baliabideetako bat da. Otsailean Torrekuan ospatu genuen euskal hezkuntzagintza libreari buruzko jardunaldian erakutsi genuen eta irakasleek interesa adierazi zutenez, mugikorra nola eraiki erakusteko tailerra antolatzea erabaki genuen.

Tailerraren lehenengo zatian, irakasleei materialak erraztu genizkien eta, jarraibideak emanez, zein bere mugikorra eraiki zuen. Hau Torrekuan izan zen, Ekonomia Sozial Eraldatzaileari eta Teknologia Libreei dedikatutako espazioan, bertan baitaude Talaioseko kideak.

Saioaren bigarren atala Badalabeko egoitzan gertatu zen eta euskarri hau Wikikasi proiektuko Erronka Digitalak ikas-egoerarekin nola uztar daitekeen esploratu genuen. DBHko ikasleentzat diseinatutako proposamen didaktikoak dira ikas-egoera hauek, Wikipedia eta Wikimediako euskarazko eduki libreak sortu eta baliatzera bideratuta daudenak. Guztira 9 dira, Talaios eta Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak diseinatuak. Badalabek Erronka Digitalak ikas-egoeraren sorkuntzaren parte izan da. 

Goizaren emaitza gisa, irakasleek teknologiaren inpaktu ekologikoa ikasgelan lantzeko euskarri fisiko nahiz eduki teoriko-praktikoak eskuratu zituzten, euren eskoletan martxan jartzeko asmoz.