Irailaren 10ean, ostegunean, Kutxaz Kanpo saio berri bat izango dugu Baionan, Biltxoko Elkartean. Oraingoan, Utopiak & Nostalgiak izenburupean, Iker Gurrutxagarekin (Naiz irratia) eta EHZ Festibalarekin batera, euskararen eta euskal hiztunon etorkizunari buruzko hainbat galderari erantzunak bilatzen saiatuko gara.
Aldaketa garaia da. Jauzi bat behar dugu. Pizkunde berri bat. Baina nora iritsi nahi dugu? Zer da desio duguna? Zer nolako euskara edo euskarak nahi ditugu etorkizunean? Non kokatzen dugu euskara etorkizun horretan?
Eta bidean, agian, atzera ere begiratu beharko dugu: zer ikasi dezakegu orain arte egindakoaz? Eta zer desikasi? Lehen dena hobeto egiten zen? Musikak zer esaten digu horren guztiaren inguruan?
Galdera horiek eta beste asko bildu ditugu Utopiak & Nostalgiak izenburupean: iraganari begiratu, etorkizuna irudikatu eta bien artean euskararen inguruko desio, kontraesan eta aukerez pentsatzeko.
Kutxaz Kanpo Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiaren eta Fikzio Fabrika kolektiboaren arteko lankidetzatik sortutako marko ludiko eta esperientziala da. Mahai-, karta- eta rol-jokoen bidez, pentsatzeko eta hausnartzeko bide berriak sustatu nahi ditu, euskararen eta euskal hiztunon etorkizunak elkarrekin irudikatzeko.
2026an UEUrekin batera hainbat saio antolatu ditugu, saio bakoitzean gai eta galdera ezberdinei heltzeko aukera izango dugu.
Data: Irailak 10, osteguna
Ordua: 10:00–13:30
Lekua: Biltxoko Elkartea, Baiona
Izen-ematea: UEUren webgunean
