(H)Erritmoz: kulturartekotasuna dantzan (Atlantikaldia 2026)

Zer gertatzen da herriko kultura eta dantza desberdinak elkartzen direnean? Eta zer gertatzen da elkargune horietan hizkuntzekin? Eta euskararekin? Galdera horietatik abiatu da (H)Erritmoz, Badalabek Orereta-Errenterian garatutako egitasmoa.

Errenteria kultur aniztasun handiko herria da. Egunerokoan hainbat kultura, hizkuntza eta ibilbide gurutzatzen dira, eta horrek harreman eta elkargune berriak sortzeko aukerak eskaintzen ditu. Testuinguru horretan, bi asmorekin abiatu genuen proiektua: batetik, herrian dagoen kultur aniztasuna ikusaraztea eta kulturarteko harremanak sustatzea; eta, bestetik, harreman horietan euskara erabiltzeko edota euskarari leku gehiago emateko moduak esploratzea.

Baina nola egin?

Galdera horri erantzuteko, dantzara jo dugu. Dantza hizkuntza unibertsala dela esan ohi da; gorputzaren eta mugimenduaren bidez hitzez harago komunikatzeko, elkar ezagutzeko eta harremanak sortzeko beste modu bat eskaintzen du.

Horregatik, dantza abiapuntu interesgarria iruditu zitzaigun: euskarara gerturatzeko eta hizkuntza-aniztasunean harremanak sortzeko beste modu batzuk probatzeko aukera eman zezakeela pentsatu genuelako.

Bost dantza, bi igande eta koreografia bat

(H)Erritmoz hainbat dantza talde, elkarte eta irakasleren arteko elkarlanetik sortu da. Lehenengo igandean, parte-hartzaileek bost dantza tailerretan estilo eta kultura desberdinetako dantzak ezagutu eta pausoak ikasi zituzten.

Ez zen dantzaria izan behar. Parte hartzeko gogoa baino ez.

Bigarren igandean, aurreko tailerretan ikasitako pausoak elkartu eta estilo desberdinak nahasten zituen koreografia sortu eta entseatu genuen. Helburua ez zen dantza bakoitza bere horretan erakustea, baizik eta elkarren artean nahastea, lotzea eta zerbait berria sortzea.

Horrela, proiektuaren hasierako asmoetako bat praktikara eraman genuen: kultura eta dantza desberdinak elkarren ondoan jartzeaz gain, haien arteko nahasketa eta elkarreragina probatzea.

Herriko plazara

Egitasmoak irailaren 17an izan zuen amaiera, Atlantikaldia jaialdiaren barruan. Orduan aurkeztu genuen “(H)Erritmoz, kulturartekotasuna dantzan”, parte-hartzaile guztien artean sortutako ikuskizuna.

Ikuskizunaren konposizio artistikoa Olatz Amalurren esku egon da, eta koreografiaren diseinuan Ereintza Dantza Taldeak, Shyrley Vasquezek, Verónica Espadasek, Olatz Amalurrek, Zuriñe Bretonek eta Carmen Ceperok parte hartu dute. Horretaz gain, hainbat musikarik ere parte hartu zuten ikuskizunean.

Bi igandetan egindako lana herriko plazara eraman genuen: jatorri, ibilbide eta dantza-estilo desberdinetako pertsonak elkarrekin, koreografia berean.

Eta zer zerikusi du honek euskararekin?

Galdera hori hasieratik egon da proiektuaren atzean.

Badalaben Tokiko Laborategiak (edo Errenteria Laborategia) lan-ildoaren barruan, besteak beste, bi asmorekin ari gara lanean: euskaratik urrun dauden pertsonak euskarara eta euskal mundura gerturatzeko bideak esploratzea, aniztasuna balio positibo gisa ulertuz; eta euskararen auzian eragile gehiago eta anitzagoak biltzea.

Horretarako, ordea, tokian tokiko ezaugarriak eta harremanak kontuan hartu behar dira.

Errenterian, Badalab kokatua dagoen egoitza bera hainbat pertsona, elkarte eta egitasmoren elkargune bihurtu da. Bertan elkartzen dira, besteak beste, Lau Haizetara Elkartea, SOS Arrazakeria eta etorri berriei zuzendutako Harrera Bulegoa. Horrez gain, herriko kulturarteko mahaiaren eta kultur aniztasuna balio positibo gisa ikusarazteko lan-taldearen hainbat bilera eta topaketa ere bertan egiten dira.

Elkargune horietan hainbat hizkuntza entzuten dira. Baina denok elkartzen garenean, askotan gaztelaniara jotzen dugu.

Hortik sortzen zaizkigu galderak:

  • Nola sustatu euskararen erabilera kulturarteko harremanetan?
  • Nola sortu euskarara gerturatzeko modu berriak?
  • Zer egin dezakegu beti gaztelaniara jo ez dezagun?
  • Nola komunikatu hizkuntza-aniztasunean?

(H)Erritmoz-ek ez du galdera horietarako erantzun itxirik proposatu nahi izan. Saiakera bat izan da. Dantzaren bidez beste harreman-modu bat probatu nahi izan dugu, eta euskarak ere harreman horietan leku bat edo leku handiago bat izan dezakeen ikusi.

Ezin dugu ziurtatu dantza euskarara gerturatzeko tresna eraginkorra denik. Baina badakigu probatu egin dugula. Eta prozesuan, hainbat pertsona eta talde elkartu gara, elkarrekin dantzatu dugu, estiloak nahastu ditugu eta espazio horretan euskararen presentzia bermatu da.

Agian hor dago proiektu honen ekarpenetako bat: ez erantzun bat aurkitzea, baizik eta beste aukera bat probatzea.

Kulturak nahastu, harremanak sortu eta euskarara gerturatzeko modu berriak probatu.

(H)Erritmoz kulturartekotasuna dantzan  ez dugu soilik kultura desberdinak erakusteko modu gisa ulertu nahi izan, elkarrekin zerbait egiteko aukera bezala baizik.

Eta zerbait gertatu da.

Dantza estilo desberdinak nahastu dira. Talde eta pertsona desberdinak elkartu dira. Elkarrekin sortu eta ikasi dugu. Herriko kultur aniztasunaren zati bat plazara eraman dugu. Eta euskara ere harreman horien parte izan da.