Bertigoa zela usteko zenuen, baina, beharbada, hegan egiteko gogoa baino ez zen.
Piszifaktoria ideien laborategiak, lankidetza zabal batek lagunduta, « Hegan egiteko gogoa da » proiektuaren hurrengo urratsak emango ditu udazken honetan zehar, Badalaben. Bidaia horretan zehar, ikerketa artistiko komunitario baten bidez, etorkizuneko komunikazio-sistema multisentsorial bat aztertu eta proposatu nahi dute: Euskara hedatu bat, ahozkotasuna eta soinutasuna (orality/aurality) oinarri hartuta, beste zentzumenen bidez ere hedatuko dena. Izan ere, etorkizuneko hizkuntzak (baita euskara ere), esateaz eta entzuteaz gain, usaindu, ukitu eta sentitu egingo dira.

Proiektuaren ardatz nagusia instalazio performatibo bat izango da. Euskara hedatu baten bidez, parte-hartzaileek neurodibergentziari buruzko istorio oniriko bat entzun, ukitu, usaindu eta sentitu ahal izango dute. Ezen ez ikusi. Izan ere, esan bezala, argiari (eta, beraz, ikusmenari) uko egingo baitiogu instalazio honetan.
Sormen lan honen sorburua Etxepare Euskal Institutuak Bartzelonako Udalarekin egindako hitzarmen batean dago. Bartzelona Literatur Hiria izeneko deialdian aukeratua izan ostean, 3 asteko egonaldi literarioa egin zuen Mikel Ayllon idazleak 2024 urtean, dramaturgia proiektua lantzeko.
Antzezlanaren eta instalazio artistikoaren arteko hibridazio honek lehen urratsak Gasteizko Nazioarteko antzerki jaialdian eman zituen, eta Badalab du hurrengo geltokia. Hauek dituzu hitzorduak:
- BERTIGOAK TAILERRA: Urriak 22, 19:00 – 20:15. Nola ikusi begiratu beharrik gabe? Nola atxiki inguruko errealitatea begiak horren nekatuta ditugunean? Irudiak gure gizartean daukan hegemoniaren aurrean, praktika artistikoen bidez beste zentzumenak erdigunera ekartzeko tailerra. Begiak itxi nahi dituzu hizkuntza berri bat sortzeko?
- AMETSAK PROTOTIPOA: Azaroak 28. Tailerretik ateratako lorratzek elikatuta, ikuskizunaren entsegu irekia (Gehienez 40 pertsonentzat pase irekia).
- HEGOAK INSTALAZIO PERFORMATIBOA. Abenduak 18 eta 19. Bertigoa zela usteko zenuen, baina, beharbada, hegan egiteko gogoa baino ez zen.
