Hiperstizio Fabrika abiatuko da euskararen inguruko kontakizunak berritzeko

Badalaben Hiperstizio Fabrika abiatuko dugu, euskararen inguruko kontakizunak berritzeko. Samuel R. Delanyren Babel-17 eleberria eta Oier Etxeberriaren lana abiapuntu hartuta, hizkuntzaren ahalmen eraldatzailea esploratzeko eta euskararen etorkizun berriak irudikatzeko hiru saio egingo dira Donostian, Bilbon eta Gasteizen. 2027Ko udaberrian argitaratuko da, Consonniren eskutik, eleberriaren euskarazko bertsioa.

Zergatik eta zertarako euskara? Zergatik bizi nahi dugu euskaraz, hizkuntza hegemoniko batean errazago uler bagintezke? Euskara altxor bat da? Hizkuntza zahar bat? Hizkuntza klasista eta baztertzailea? Egunero aurkitzen ditugun galdera, baieztapen eta kontraesanen adibide batzuk besterik ez dira. Baina zer kontatzen dugu euskarari buruz? Eta zer kontakizun berri behar ditugu hizkuntzaren biziberritzean?

Galdera horietatik abiatuta, Badalab Hizkuntza Berrikuntzako Laborategian Hiperstizio Fabrika jarriko dugu martxan, euskararen inguruko diskurtsoak, narratibak eta iruditeriak berrikusteko, deseraikitzeko eta berriak sortzeko. Ekimenaren lehen hiru saioak Donostiako San Telmo Museoan, Bilboko Arte Ederren Museoan eta Gasteizko IAKn egingo dira, artea, fikzioa eta esperimentazio kolektiboa uztartuz.

Hizkuntza ez da mundua deskribatzeko tresna soil bat

Eleberriak ideia iradokitzaile bat proposatzen du: hizkuntza ez da komunikatzeko tresna hutsa, pentsatzeko, errealitatea interpretatzeko eta mundua eraldatzeko moduan ere eragiten du.

Ikuspegi horrek bestelako galderak egiteko aukera zabaltzen du. Euskarak iraun dezan zer egin behar dugun galdetzeaz gain, euskararen bidez zer mundu sortu nahi ditugun galdetzea, alegia.

Izan ere, euskararen biziberritzeak hamarkadetan zehar kontakizun indartsuak eraiki ditu, gizartea mobilizatzeko eta hizkuntzarekiko atxikimendua sustatzeko ezinbestekoak izan direnak. Baina gizartea aldatu egin da, eta harekin batera hizkuntzarekiko harremanak, identitateak, motibazioak eta bizitzeko moduak ere bai. Horregatik, gero eta agerikoagoa da egunero erabiltzen ditugun kontakizunak berrikusteko eta zabaltzeko beharra. Ez orain artekoak baztertzeko, baizik eta gaur egungo errealitateekin, galdera berriekin eta etorkizuneko desioekin lotzeko.

Fikzioak errealitate bihurtzeko fabrika

Hiperstizioaren kontzeptuak fikzioaren eta errealitatearen arteko harremana beste modu batean ulertzea proposatzen du: kontakizun, ideia edo mito batek errealitatean eragin dezakeela, pertsonen iruditeriak, erabakiak eta praktikak eraldatuz. Hau da, fikzio batek bere burua errealitate bihurtzeko baldintzak sor ditzakeela.

Horixe da Hiperstizio Fabrikaren proposamena: euskararen inguruko kontakizun berriak sortzea, partekatzea eta esperimentatzea, irudikatutako etorkizun horiek gaurdanik eraikitzen hasteko. Zientzia-fikzioa ez litzateke, beraz, etorkizuna iragartzeko tresna hutsa izango, eraldaketa soziala aktibatzeko baliabidea baizik.

Hiru saio, hiru hiri, esperimentazio kolektibo bat

Eragile ezberdinen arteko ariketa kolektiboa elikatzeko proposamena da hau; euskalgintzaren, artearen, zinearen, literaturaren eta zientzia linguistiko eta poetikoaren arteko bidegurutzean. 2027 urteko udaberrian liburuaren euskarazko bertsioa argitaratu baino lehen, eztabaida eta hausnarketa ezberdinak gizarteratzea izango du helburu hiru saioko ekimen honek. 

Hiru topaketek egitura bera izango dute, baina bakoitzak bere sorkuntza-proposamenak eta lanketa kolektiboak garatuko ditu.

Hiru saioetan proiektatuko da Oier Etxeberria artistak ondutako A, B, C Babel17 film laburra. Bertan,  Donostiako kaleetako irudiak eta haien lurrun idilikoa gerra intergalaktiko baten historia baten eskutik doaz. Hauen gainetik, edo azpitik, hobeki esanda, hizkuntzaren inguruko hausnarketa ezberdinak gurutzatzen dira. Izan ere, trebetasun linguistiko paregabeak dituen protagonista, Rydra Wong poeta, itzultzaile eta neurolinguista da inbaditzaileak geldiarazteko azken itxaropena. 

Wong da  lengoaia hiltzaile hau (Babel-17) deszifratu dezakeen pertsona bakarra, eta, horretarako, euskeratik abiatuko da.  

Proiekzioaren ostean, hiruetan, ere, partehartzaileekin batera hizkuntzaren inguruko kontakizunak, bizipenak eta iruditeriak esploratzeko ariketa kolektiboa gauzatuko da, eta hiruetan edukiko dugu Oier Etxeberriak berak gidatutako elkarrizketa entzuteko aukera.

Ibilbidea Donostiako San Telmo museoan abiatuko da, azaroaren 27an, eta bertan egongo da Itxaro Borda. 2027 urteko urtarrilean, 22an, Bilboko Arte Ederren Museoan Ibai Atutxa izango da eta otsailean, Gasteizko IAKn Arantza Santesteban.

2027ko udaberrian, Consonniren eskutik, Babel17 eleberriaren euskarazko bertsioa kaleratuko da.

Hiperstizio Fabrikarekin, Badalabek hizkuntzaren biziberritzean berriro eraginkorrak izateko bestelako galderak, begiradak eta egiteko moduak esploratu nahi ditu. Euskararen etorkizuna ez baita soilik aurreikusten: kontatu, irudikatu, esperimentatu eta eraiki egiten da.