Urriaren 15ean egin genuen (Kontra)zirkuituak ekimenaren lehen saioa, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan. Jon Urzelai Urbietak gidatutako mahai-inguruan, Iker Arroniz, Juantxo Arakama, Iratxe Perez, Mateo Zikuta eta Miren Narbaizak musikaren sektorearen egituraz, finantzaketaz eta egungo euskal musikagintzaren norabideaz jardun zuten.
Nola finantzatu artea merkatuaren logiketatik harago? Zer leku dute autogestioak eta dirulaguntza publikoek? Zer ulertzen dugu musikaren profesionalizazioaz? Eta zer gertatzen da musikaren funtzio politiko eta kontrakulturala espektakuluaren eta merkantilizazioaren aurrean?
Mahai-inguruan agerian geratu zen ez dagoela erantzun bakarrik. Autogestioak askatasuna eta kontrola eskaintzen ditu, baina prekarietatea ere badakar. Finantzaketa publikoak, berriz, bestelako sorkuntza-moduak ahalbidetu ditzake, baldin eta merkatuaren irizpideetara mugatzen ez bada. Horrez gain, komunikabide publikoen zeregina, ikusgarritasunaren eta arrakastaren neurriak, eta euskal musikaren hedapen-eredua ere jarri ziren mahai gainean.
Eztabaidak galdera bat utzi zuen airean: zer baldintza behar ditu musikak bestelako ereduak sortzeko eta komunitatearen eskura egoteko? Horretarako, sorkuntza artistikoa sustatzeaz gain, hura posible egiten duten baldintza materialak bermatu behar direla nabarmendu zen.
Ikusi lehen mahai ingurua:
Hurrengo hitzordua: zirkuitua eta espazio herrigileak
Urriaren 29an egingo dugu (Kontra)zirkuituak 02 saioa, Bilboko Bira Kultur Gunean, Zirkuitua, espazio herrigileak izenburupean.
Non hasten dira gaur egun euskal musikagileak?
Nork zaintzen ditu zirkuitu txikiak?, Tamainak axola du?
Zer gertatuko litzateke espazio herrigile hauek desagertuko balira?
Posible al da profesionalizazioa militantziarik gabe?
Egungo musika eszenak oinarria indartzen du ala ahuldu?
Zertarako behar ditugu kultur arnasguneak?
EGITARAUA:
- Kortozirkuitua.
Testu literarioa: Leire Vargas, bertsolaria, idazlea eta itzultzailea - Solasaldia.
Parte-hartzaileak:
- Jule Goikoetxea, irakaslea, filosofo politikoa eta aktibista feminista
- Fermin Muguruza, musikaria
- Segidilla.
Bertso-solasa: Jon Maia, bertsolaria eta idazlea - Kontzertua – Ines Osinaga


