ETORKISUNEKU 01
Laburpena
Laburpena
Etorkisuneku 01 erakusketak etorkizuneko euskararen agertoki berriak irudikatzeko prototipo artistikoak biltzen ditu. Hizkuntzaren iruditegi kolektiboa berritzen lagundu nahi duten hiru artelan eta soinu-instalazio baten bidez, etorkizuneko euskaradun gizartearen iruditeria aberasteko bokazioa du instalazioak.
Nere Arrien idazlearen Itzultzeko eskubidea fabulatik abiatuta, artista parte-hartzaileek metodologia espekulatiboak erabili dituzte eztabaidaren abiapuntu izan daitezkeen sormen prototipoak proposatzeko.
Erakusketarako soinu instalazio batean egokitutako Arrienen fabulak, krisi klimatikoarengatik ur maila igotako etorkizuna irudikatzen du. Obabel izeneko hiri bertikalean, euskara mainstream bihurtu, automatizazioek emozioak murriztu, eta gazteek hizkuntzak kontrolpean dituzten behin-behineko itzultzaileen kontrako errebolta hasi dute etorkizun heze, teknokratiko eta itogarriaren erdigunean.
Beste aldetik, Nora Goyalderen lanak isiltasunaren etorkizun larriari begiratzen dio soinu, eskultura eta interaktibitatearen bitartez. Gizakiek sortzen dituzten soinu-hotsak, musikak eta zaratak aztertzen ditu gorputzarekin daukaten erlaziotik tiraka. Horrela, “Isiltasun eskubidea” artelanak hizkuntzaren etorkizuna irudikatzeko, ingurune zalapartatsuan kokatzea proposatzen du.
Aldi berean, Naiara de la Puente eta José Miguel Baenaren “Euskaldun elektronikoekin amets egiten duen akordeoiak” performance-ak eta bere arrastoaren instalazioak, euskararen etorkizunari buruz hausnartzeko musika, dramaturgia eta inprobisazioa hartzen dituzte ardatz. Kultura eta arteak iruditegiak zabaldu eta hedatzeko duten gaitasunarekin esperimentatzen dute prozesu horretan sortzen diren idatzi eta bestelako aztarnen bidez galderak eta kezkak islatu ahal izateko.
Azkenik, Iraitz Mateok 2051.urtean kokatutako “Kapsulak” artelanean, etorkizuneko hizkuntzaren eguneroko erabilera anitzak hausnartzen ditu. Ikuspegi zabal edo makroaren ordez, egunerokotasunean eta errutinazko ekintza xumeetan hizkuntza bizirik mantentzea posible ote den irudikatzea proposatu nahi du.
Oro har, Etorkisuneko 0.1 erakusketak euskararen etorkizunari lotutako iruditegia berritzeko bokazioa duten hainbat agertoki eskaintzen ditu.