Nahi ditugun komunitateak sortzeko, sareetan ere gure espazio propioak sortu behar ditugu


Elkarrekin pentsatu nahi dugu eta estrategia bateratuak osatu nahi ditugu. Zentzu horretan, pasa den ostegunean UEU eta TEKSarearekin batera antolatu genuen “Komunikazio libreago baterantz trantsizioa” jardunaldiak balio izan digu bide horretan hainbat aukera badaudela ezagutzeko eta horietan sakontzeko gogoa dagoela berresteko.

Osteguneko saioetatik, ondorio garbi bat atera genuen: Gure espazio propioak sortzera goaz. Galdera ez da Twitter-etik atera eta gero zer. Gure buruei galdetu behar diegu ea zer nolako espazioak sortu nahi ditugun, zer nolako komunitateak eraiki nahi ditugun.

Bide horretarako lagungarri izan ziren jardunaldian parte hartu zuten hizlarien esperientzia eta ezagutzak. Rita Barrachina, Shine McShine, Marcel Costa eta Marta G. Franco izan genituen gonbidatu. (Testuaren amaieran dituzu hizlarien sareetarako eta erabilitako materialetarako loturak).

Torrekuan egin genuen goizeko tailerrean, Rita Barrachinak digitalizazio eutopikoaz hitz egin zuen, hau da, egingarria denaz. Lau pausotan banatu zuen tailerra: hausnartu, sortu, lizentziatu eta hedatu. Tresna libreak identifikatzeko jarraibideak eman zituen, fedibertsoaren funtzionamendua azaldu…

Lizentzia mota ezberdinen kasuan, elkarrenganako lizentziak erabiltzeko aldarrikatu zuen, betiereko obra libreak sortzeko eta hedapenari dagokionean, jungla digitala minimizatzeko, RAP neurriak proposatu zituen:

  • Erabili promozionatu gabe: eduki zure espazioa eta horra bideratu eta ez eraman bueltan sare pribatuetara.
  • Eduki esklusiboa ekidin: eta hala eginez gero, sare libreetan izan dadila.
  • Diruz laguntzea ekidin: ez oparitu dirurik sare pribatuei.

Egoak, metrikak eta gobernantza konpartituak

Arratsaldean, hasteko Shine McShine-en esperientzia ezagutu genuen. “Nola trantsitatu komunikazio askeago baterantz?” galderari erantzuteko, berak emandako pausoak azaldu zituen. Irakasle eta dibulgatzaile bat dago goitizen horren atzean eta Twitterren hastapenetatik egon zen sare horretan. “Hasieran aktibismorako tresna bat zen, baina gero nazien eremu bihurtu da. Nik Historia dibulgazioa egiten nuen, kontzientziazio sozialaren pizteko argazki historiko hariak zabaltzen nituen…”.

Bere kontua 173.000 jarraitzaile izatera iritsi zen, baina erantzukizunez eta bere egoaren kontra, Twitter-eko kontua ixtea erabaki zuen eta Mastodonera pasatu zen. Berak argi dauka erreferentzialtasuna galdu duela prozesu honetan, baina aktibismorako beste eremu batzuk deskubritu ditu.

Marcel Costak sareetako metrikak birpentsatzeko gonbita luzatu zigun. “Erabilienak: jarraitzaile kopurua, bisualizazio kopurua, like kopurua, retweet kopurua, erantzun kopurua… Oso sinplistak dira eta komunikazio mota bat indartzen dute. Jende askok azaltzen du elkarrizketak aberatsagoak direla sare sozial libreetan. Nola objetibizatu dezakegu hori? Kalitatea eta kantitatea ez datoz beti eskutik”.

Goizean tailerra eskaini zuen Rita Barrachinak arratsaldean hizkuntzaren kudeaketari heldu zion, berak FediBabel deituko hitzartzean: Hizkuntzaren kudeaketa fedibertsoan, estrategiak, tresnak eta neutraltasun linguistikoa. “Fedibertsoaren fragmentazioaren onena da izaera lokala mantentzen duela, baina globalarekin elkarbizitzan”. Besteak beste, Esperantoaren aldeko aldarria egin zuen: “interneten neutraltasuna estimatzen dugunez eta Fedibertsoari esker protokolo soziodigitalak ditugunez, zergatik ez dugu kontuan hartu behar Esperantoa bezalako hizkuntza lagungarriak eskaintzen dituzten protokolo soziolinguistikoen neutraltasuna?”.

Hemen aurkituko duzue hizlariak berak egindako laburpena.

Azkenik, Marta G. Francok Twitter osteko komunikazio estrategiei heldu zien. Lau baieztapen egin nahi izan zituen: “Gerra kulturala ez da sareetan (soilik) egiten, birala denak ez digu komunikatzeko balio, komunitatea su bajuan kozinatzeko espazioak behar ditugu eta fedibertsoaren gobernantza ireki beharra dago, etika demokratikoarengatik eta indartzeko. Adituak ez garenok ere gure sentitzeko”. Eta proposamen bat luzatu zuen, denon artean fedibertsoaren gobernantzaren inguruan hausnartzeko sareak eraikitzea.

Berria egunkariak elkarrizketa egin dio Martari.

Hizlariak eta erabilitako dokumentazioa:

Eskerrak eman behar dizkiegu parte-hartzaile guztiei eta euren eskuzabaltasunagatik. Euren erabilitako material guztia hemen duzue eskuragarri: