McKenzie Wark Euskal Herrian

Zein militantzia eredu behar ditugu? Herrigintza, aktibismoa… Nola artikulatu nahi ditugu?

Badalabetik hausnarketa garai bat abiatzera goaz, eragile eta militante ezberdinekin egin nahi dugun ibilbide bat, eta ilusio handia egiten digu bide hori abiatzeko McKenzie Wark idazle eta ikerlari australiar-estatubatuarra gure artean izateak. Militantziaz, aktibismoaz eta herrigintzaz eztabaidatzeko aukera izango dugu berarekin, euskaraz argitaratu berri den bere «Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza» (Katakrak, 2024) liburuaren abiapuntu hartuta.

Lehenengo geltokia Durangon egingo dugu, bidelagun ezin hobeekin: Jakin Fundazioa, Euskalgintzaren Kontseilua eta TEKSarearekin elkarlanean, eta Durangoko Azokaren eta Katakraken babesarekin, bertako Museoan elkartuko gara.

Idazlearekin batera arituko dira Danele Sarriugarte liburuaren itzultzailea eta Jokin Azpiazu, hitzostea egin diona. Ondoren, saioa osatzeko, mahaingurua egingo dugu Izar Mendiguren, Sugoi Etxarri eta Ibai Atutxarekin.

Donostian eta Iruñean, hitzordu bana

Durangoko aurkezpenaren ondoren, Donostian eta Iruñean ere izango da McKenzie Wark. Abenduaren 7an, Tabakalerako Z aretoan, «Herrigintza, militantzia, aktibismoa. Intersekzioetan nabigatuz» izenburupean, mahai-ingurua egingo dugu. Bertan parte hartuko dute Kuir artxibo biziak eta Kay Subijanak, Danele Sarriugartek dinamizatuta.

Bukatzeko, Iruñeko Katakraken izango da Wark abenduaren 9an, 19:00etan, bere «Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza» liburua aurkezten.