Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategian, Hiru Damatxorekin elkarlanean eta EITBren GUAU plataformaren babesarekin, “Nork Nori Noiz?” podcastaren bigarren denboraldia aurkeztu dugu.
“Nork Nori Noiz?” elkarrizketa-formatu ezohiko bat da: bikoteka eta elkarrizketatzailerik gabe, mahai baten bueltan elkartzen diren bi lagunek, karta-jokoek eta bestelako objektuek sortutako giro ludikotik abiatuta, askotariko gaien inguruan hausnartzen dute. Podcastean etorkizuna, jolasa, galdera eta zalantza dira abiapuntu nagusiak.
Badalabeko zuzendari Goiatz Oiartzabalek nabarmendu duenez, proiektuaren helburuetako bat euskararen inguruko iruditeria aberastea eta euskal komunitatearen etorkizuna eraikitzen ari diren ahots eta gorputz anitzak ikusgarri egitea da. “Etorkizuna gaurtik eta egunerokotik eraikitzen dugu; horregatik, beharrezkoa da eraikuntzarako ibilbidea bera zalantzan jartzea”, azaldu du.
Bigarren denboraldia
Hiru Damatxoko Asier Kortabarriak azaldu ditu denboraldi berriaren xehetasunak. Lehen denboraldian Badalaben lan-ildo zehatzak hartu baziren oinarri bikoteak eta gaiak osatzeko, bigarren honetan sorpresa eta ez-ohikotasuna indartu dira. Parte-hartzaile askok ez dute aurrez Badalab ezagutzen, eta hainbat kasutan elkarren artean ere lehen aldiz elkartu dira podcast honetan.
Denboraldi berriko lehen atalean Goiatz Oiartzabal bera eta Mikel Irizar ariko dira solasean. Irizarrek azpimarratu du berrikuntza ezin dela ulertu pertsona berritzaileak eta belaunaldiarteko harremanak kontuan hartu gabe. “Belaunaldi bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta osagarritasun horretan dago indarra”, adierazi du.
Beste ataletan, besteak beste, Onintza Legorburu eta Oier Zuñiga ariko dira euskarak XXI. mendean beharko dituen aliantza eta iruditegi berriez hausnartzen; eta Antton Telleriak eta Olaia Inziartek euskal kulturaren etorkizuneko eszenatokiez hitz egingo dute, umorea eta konplizitatea bidelagun.
Guztira, 10 atal berri izango ditu “Nork Nori Noiz?” podcastaren bigarren denboraldiak.
GUAU plataforma, bozgorailu
EITBko irrati eta audio zuzendari Maite Goñik gogorarazi du GUAU plataformaren helburua euskal komunitatearen eta euskarazko audio eta podcasten bilgune izatea dela, herri plataforma, eta horregatik hartu dutela ilusioz proiektua.
Adierazi du, aldi berean, euskarazko beste proiektu zein produktuei erakus-leiho bat, oihartzuna eta ikusgarritasuna ematea ere badela EITBren erantzukizuna, Nork Nori Noiz? horietako adibide bat delarik
Podcastaren bigarren denboraldiko atalak maiatzaren 14tik aurrera.
IKUSI: https://peertube.eus/a/badalab_eus
ENTZUN: https://baleafunk.eus/@Badalab
