(H)erritmoz. Kulturartekotasuna dantzan.

Dantzaren bitartez herriko kulturak ikusarazi, kulturarteko harremanak sustatu eta euskarara gerturatzeko bide berriak esploratu nahi dituen egitasmoa jarriko dugu martxan irailean Errenterian, Badalaben eta hainbat herriko dantza taldeen eskutik.

Egitasmoaren helburu nagusia herrian dagoen kultur aniztasuna ikusaraztea eta kulturen arteko harremanak sustatzea da. Horretarako, herriko elkarte eta komunitate desberdinetako pertsonak elkartu eta elkar ezagutzeko eta harremanak sortzeko gune bat proposatzen da. Aldi berean, kulturarteko harreman horietan euskarak izan dezakeen presentzia eta egiteko moduak esploratu, eta euskaratik urrun dauden pertsonak hizkuntzara gerturatzea bilatuko da.

Egitasmoaren abiapuntua da dantza tresna bikaina izan daitekeela helburu horiek lortzeko. Dantzak hizkuntza eta kultura desberdinetako pertsonak elkartzeko aukera ematen du, eta gorputzaren eta mugimenduaren bidez komunikatzeko eta beste kultura batzuk ezagutzeko bide bat eskaintzen du. Horrez gain, kulturarteko jarduerak euskaraz ere egin daitezkeela erakutsi nahi da, euskara harremanetarako eta elkarrekin jarduteko hizkuntza gisa kokatuz.

Dantza, elkartzeko eta ezagutzeko tresna

Egitasmoan parte hartzen dutenek hainbat kulturatako dantzak ezagutu eta ikasteko aukera izango dute. Euskal dantzak, dantza afrikarrak, Polinesiar dantzak, flamenkoa eta Peruko dantzak izango dira proposamenaren parte.

Irailaren 6an dantza tailerrak egingo dira, eta irailaren 13an entsegu irekia izango da. Bi jarduerak Niessen Kulturgunean egingo dira, 10:00etatik 13:30era.

Ondoren, ikasitakoa eta elkarrekin sortutakoa herritarrekin partekatzeko aukera izango da: irailaren 17an kulturarteko dantza ikuskizuna egingo da Herriko Plazan, 19:00etan, Atlantikaldiaren programazioaren barruan.

Egitasmoak, beraz, herriko kultur aniztasuna ikusarazi, pertsonen eta elkarteen arteko harremanak sustatu, euskara gerturatu eta elkarrekin ondo pasatzeko aukera eskaini nahi du.

Eta garrantzitsuena: ez da dantzaria izan behar. Dantzatzea gustuko baduzu, beste kultura batzuk ezagutu nahi badituzu eta elkarrekin ondo pasatzeko gogoa baduzu, animatu zaitez!

Izen-emateak eta zalantzak aatxukarro@badalab.eus helbidean