Euskal musikagintzaren tentsioei buruzko elkarrizketa-prozesua aurkeztuko du Badalabek irailaren 11n. Nando Cruz musika-kazetari eta kritikariak eta zirkuitua hartuko duten espazioetako ordezkariek parte hartuko dute lehen saioan.
Komunitate batek egiten du musika, ala musikak egiten du komunitatea? Zer ekarpen egiten dio egungo musika-eszenak euskararen transmisioari eta euskalzaletasunari? Zer aldatu da azken hamarkadan, eta zer ari zaigu ihes egiten?
Galdera horietatik abiatuko da «Zirkuituak eta kontra-zirkuituak. Euskal musikagintzaren tentsioak, distentsioz», Badalabek sustatutako elkarrizketa- eta esperimentazio-prozesua. Ekimenaren aurkezpen-saioa irailaren 11n egingo da, Badalaben, Nando Cruz musika-kazetari eta kritikariaren eta ibilbidea osatuko duten espazioetako ordezkarien parte-hartzearekin.
Ekitaldian zehar ekimenaren nondik norakoa aurkeztuko da, datozen hilabeteetan jorratuko diren galderak zabalduko ditu eta zirkuituaren parte izango diren leku, gai eta komunitateak elkarrizketan jarriko ditu. Ez da, beraz, egitarau baten aurkezpen hutsa izango: prozesu kolektibo baten lehen saioa baizik.
Galderen bidez, euskal musikagintzaren kontraesanetan barrena
Azken hamarkadetan sakon aldatu dira euskal musikaren izaera, funtzioak eta antolaketa. Komunitate baten adierazpen eta transmisio-tresna izan dena industria sortzailearen eta merkatu globalaren logiketan ere txertatu da; erresistentziarako espazio izan denak ikusgarritasunaren, profesionalizazioaren eta kontsumoaren arauekin egiten du topo; eta belaunaldi berriek harreman berriak eraiki dituzte hizkuntzarekin, tradizioarekin, identitatearekin eta aurreko belaunaldien iruditeriarekin.
Euskal musikak inoiz baino presentzia, aniztasun eta ikusgarritasun handiagoa du. Baina zer komunitate mota eraikitzen laguntzen du? Zein espaziotan? Zein lan-baldintzatan? Nork erabakitzen du zer entzuten dugun? Eta zein leku dute euskarak eta tokiko kultur sareek plataformen, algoritmoen eta makrojaialdien garaian?
«Zirkuituak eta kontra-zirkuituak» ez da diagnosi itxi bat eskaintzera datorren hitzaldi- edo mahai-inguru sorta. Euskal musikagintzaren tentsioak eta desplazamenduak elkarrekin ulertzeko ariketa da. Erantzun bakarren bila ibili beharrean, eztabaidetan falta diren galderak identifikatu eta ikuspegi desberdinen arteko elkarrizketa sustatu nahi du.
Zehaztasun gehiago ezagutu nahi badituzu, zatoz, irailaren 11ean, goizeko 10etatik 13etara, Errenteriako Badalaben egoitzara.
