Badalabek (Kontra)zirkuituak aurkeztu du

Euskal Herriko hainbat kultur espaziok 2027ko ekainera arteko elkarrizketa-zirkuituaren gaiak eta galderak aurkeztu dituzte. Nando Cruz musika-kazetari eta kritikariak kultur burujabetzaz eta musika eszenaren erronka garaikideez hitz egin du aurkezpen ekitaldian.

Errenteria, 2026ko irailaren 11. Badalabek gaur aurkeztu du (Kontra)zirkuituak. Euskal musikagintzaren tentsioak, distentsioz, Euskal Herriko hainbat kultur espaziotan barrena egingo den hausnarketa- eta esperimentazio-prozesua. Ekimenak euskal musikagintzaren egungo tentsioak azaleratu eta etorkizunari buruzko elkarrizketa kolektiboa sustatuko du, galderak, kontraes tokiko espazioak eta esperientzia artistikoak uztartuz.

Aurkezpenari hasiera emateko, Goiatz Oiartzabal Badalabeko zuzendariak harrera egin die bertaratutakoei eta proiektuaren abiapuntua kokatu du. Ondoren, Nando Cruz musika-kazetari eta kritikariak kultur burujabetza eta autodefentsa kulturala izan ditu hizpide. Cruzek ohartarazi du musikaren kontsumoa gero eta gehiago ari dela plataforma handien, algoritmoen eta makrojaialdien inguruan kontzentratzen, eta tokiko kultur ehuna urte osoan lantzeko beharra azpimarratu du.

Hitzartzearen ondoren, zirkuituan parte hartuko duten espazioetako ordezkariek mahai-ingurua egin dute. Ibilbidearen nondik norakoak, saioen gaiak eta prozesuak zabaldu nahi dituen galderak partekatu dituzte. Aurkezpena ez da egitarau baten berri emateko saio hutsa izan, datozen hilabeteetan espazioz espazio garatuko den elkarrizketaren lehen urratsa baizik.

Musikak komunitatean uzten duen arrastoaz

Zirkuituak galdera nagusi bat proposatzen du: komunitate batek egiten du musika, ala musikak egiten du komunitatea? Hortik abiatuta, egungo musika-eszenak euskararen transmisioari eta euskalzaletasunari egiten dion ekarpena, azken hamarkadako ohitura-aldaketak eta etorkizuneko eszena desiragarria izango ditu aztergai.

Nando Cruzek beste galdera bat jarri du mahai gainean: amaitu ondoren, zer uzten du musika-topaketa batek komunitatean? Ekimenak kulturaren balioa ez du eragin ekonomikoaren arabera soilik neurtu nahi. Musikak komunitatea sendotzeko, euskara transmititzeko, pentsamendu kritikoa sustatzeko eta etorkizun berriak irudikatzeko duen gaitasuna ere aztertuko du. Horretarako, ekitaldi handien eredua eta tokiko kultur espazioek urte osoan egiten duten lana alderatu eta eztabaidatuko dira.

Zortzi gai eta hainbat kultur arnasgune

Ibilbidea 2026ko urrian hasi eta 2027ko ekainera arte luzatuko da. Saio bakoitzak gai bat eta hura lantzeko historia eta izaera egokia duen kultur espazio bat lotuko ditu. Jimmy Jazzen jaialdi handien eragina eta finantzaketa publikoa aztertuko dira; Biran, zirkuitu txikiak eta espazio herrigileak; Aiaraldea Ekintzen Faktorian, euskaraz sortzearen zentzua eta potentziala; Astran, entzuleen eta kultur kontsumoaren eraldaketa; Sanagustin Kulturgunean, lan-baldintzak eta antolaketa-ereduak; Laban, sareak, plataformak eta algoritmoak; eta Xaia ostatuan, jabetza, sormena eta adimen artifiziala. Beste gai eta espazioren bat gehitzeko aukera ere izango da.

Goiatz Oiartzabal zuzendariak adierazi duen moduan, espazioak hautatzeko garaian, hainbat ezaugarri hartu dituzte kontutan: egunerokoan musika programazioa egiten duten espazioak dira eta euskara eta herrigintza ardatz garrantzitsuak dira. Aldi berean, izaeraz desberdinak dira. Euren kokapena ere garrantzitsua izan da.

Zirkuituaren protagonista nagusiak eztabaida gaiak eta espazioak beraiek direnez, bakoitzak autonomia osoz prestatu ahal izan du egitaraua.

Zirkuituaren azken geltokia Agiñako Eliza Zaharrean izango da, 2027ko ekainaren 12an. Bertan, prozesuan pentsatutakoa partekatu, elkarrizketa ospakizun bihurtu eta zabaldutako galderak etorkizunera proiektatuko dira.

Zirkuituaren lehen geltokiak

Urriak 15 · Jimmy Jazz: Jaialdi handiak, makrofestibalak, eskala eta dirulaguntza publikoak. Jon Urzelaik gidatuta, mahai-ingurua osatuko dute Iker Arronizek, Juantxo Arakamak, Sara Zozayak, Mateo Zikutak, Maia Iribarnek eta Miren Narbaizak. Luntxaren ostean Borla taldearen kontzertuaz gozatu ahal izango dute bertaratutakoek.

Urriak 29 · Bira: Zirkuitu txikiak eta espazio herrigileak. Formatuz aurrekoarekiko apur bat desberdina izanik, taulagainean izango diraLeire Vargas, Jule Goikoetxea, Fermin Muguruza eta Jon Maia. Ines Osinagaren kontzertuak emango dio amaiera saio honi.

Denak ostegunez eta arratsaldez gertatuko dira.