Nola sortzen ditugu istorioak? Zenbateraino da sortzea aurretik dagoena berridaztea? Eta zer gertatuko litzateke orain arte irudikatu ez ditugun aukerak imajinatzera ausartuko bagina? Galdera horietatik abiatu ginen Kutxaz Kanporen bosgarren eta azken jardunaldian. Oraingoan, literaturaren eta jolasaren bidez, euskararen inguruan eraiki ditugun kontakizunei begiratu eta beste iruditeria batzuk sortzeko aukera izan genuen.
Kutxaz Kanpo Badalabek eta Fikzio Fabrikak elkarlanean sustatutako egitasmoa da. Euskararen inguruan ditugun ohiko markoak, diskurtsoak eta iruditeriak zalantzan jarri, eta beste modu batzuetara pentsatzeko eta sortzeko espazioak ireki nahi ditu. Horretarako, sorkuntza eta ludikotasuna baliatzen ditu esperimentaziorako tresna gisa, euskarari buruzko hausnarketa ohiko formatuetatik harago eramateko. 2026an, UEUrekin elkarlanean, euskararen orainak eta etorkizunak lantzeko bost saioko zikloa osatu dugu, Euskal Herriko hainbat espaziotan eta gaiaren inguruko esperientzia eta ezagutza duten eragileekin batera.
Irakurtzea eta idaztea: etengabeko berridazketa
Jardunaldiko lehen gonbidatua Harkaitz Cano idazlea izan zen. Silueta azken liburua abiapuntu hartuta, irakurketaren eta idazketaren arteko harremanaz, sorkuntzaz eta sortzeko prozesuaz aritu zen.
Canoren arabera, irakurtzea eta idaztea ez dira hain urrun dauden jarduerak: irakurtzen dugunean ere berridatzi egiten dugu. Testu batekin topo egitean, gure esperientzien, oroitzapenen eta interpretazioen bidez osatzen dugu irakurritakoa. Idazten dugunean ere, ez gara hutsetik abiatzen; aurretik dagoenarekin egiten dugu lan, tradizioarekin, beste lan batzuekin eta jasotako erreferentziekin.
Ideia horri helduta, ahanzturak eta gaizki-ulertuek sorkuntzan izan dezaketen balioa nabarmendu zuen. Batzuetan, hain zuzen ere, ulertu gabeko horretatik, akatsetik edo ustekabeko desbideratze batetik sortzen da zerbait berria. Sorkuntza, beraz, ez da beti aurrez zehaztutako ideia bat gauzatzea; ustekabeak eta espero ez ditugun interpretazioak ere izan daitezke sortzeko abiapuntu.
Silueta liburuak berak jartzen du hori praktikan: existitzen ez den bahiketa bati buruzko nobela baten ordez, nobela horren inguruko 31 kritika eta iruzkin biltzen ditu. Nobela bera da, nolabait, bahitua. Hutsune horren inguruan eraikitzen dira ahotsak, interpretazioak eta ikuspegiak, eta irakurleari dagokio falta den hori irudikatzea.
Horrela, Canok literaturaren mugak eta egilearen rola probatzen ditu, baita sorkuntzaren, irakurketaren eta berridazketaren arteko harremana ere.
Xantza: iruditeria berriak sustatzeko jolasa
Bigarren zatian, Badalaben sorkuntza beka jaso zuen Xantza jokoa ezagutzeko eta esperimentatzeko aukera izan genuen. Hegoa Álvarezek eta Garazi Albizuak sortutako proposamen honek irudiak eta poesia uztartzen ditu, ohiko erreferentzia bisualak zalantzan jarri eta bestelako kontakizunak sortzeko.
Jolasaren abiapuntua galdera bat da: nondik elikatzen da gure irudimena? Inguratzen gaituzten irudiek, erreferentziek eta eredu estetikoek eragina dute mundua ikusteko, sentitzeko eta irudikatzeko dugun moduan. Askotan, oharkabean barneratzen ditugu eredu horiek, eta gure desioak, emozioak edo etorkizun posibleak irudikatzeko erabiltzen ditugu. Baina gure iruditeria zabal dezakegu? Beste erreferentzia batzuetatik abiatu eta orain arte imajinatu ez ditugun errealitateak sor ditzakegu?
Horretarako, Xantzak irudiak eta poemak erabiltzen ditu. Jolasean, pertsona batek narratzailearen rola hartzen du, eta gainerakoek protagonistarena. Narratzaileak kontakizun baten abiapuntua edo premisa proposatzen du, eta protagonistek, dituzten irudi edo poemetako bat aukeratuta, kontakizun horretan txertatzeko istorio propioa sortu behar dute. Horrela, bakoitzak bere irudimenetik eta interpretaziotik abiatuta egiten dio ekarpena istorio komun bati.
Xantzak, beraz, ez du istorio bakar eta itxi bat proposatzen. Irudien, poesiaren, ahozko narrazioen eta elkarreraginaren bidez, kontakizun ugari sortzeko eta horien arteko loturak eraikitzeko aukera ematen du. Jolasa sorkuntza-prozesu bihurtzen da, eta emaitza ez da soilik istorioen batura: elkarrekin eraikitako iruditeria berri bat ere bada.

Beste modu batzuetara pentsatzeko eta irudikatzeko
Bi proposamenek abiapuntu desberdinak izan zituzten, baina elkargune argi bat ere bai: sorkuntza ez dela hutsetik sortzea, baizik eta aurretik dagoenarekin beste harreman batzuk eraikitzea. Irakurtzea berridaztea izan daitekeen bezala, jolastea ere mundua beste modu batera irudikatzeko ariketa izan daiteke. Biek erakusten digute ustekabeak, interpretazio desberdinek eta besteen ekarpenek aukera berriak irekitzen dituztela.
Kutxaz Kanpon, euskararen inguruan ere horrelako galderak egin nahi ditugu. Zein kontakizun eraikitzen ditugu euskararen inguruan? Zein irudi eta erreferentzia ditugu barneratuta? Nork sortzen ditu kontakizun horiek, eta zein ahots geratzen dira kanpoan? Zer istorio kontatzen ditugu, eta zein geratzen dira oraindik kontatu edo irudikatu gabe? Eta, batez ere, zer beste aukera sor ditzakegu?
Honekin, bost gai osatu ditugu: jabetzea eta ahalduntzea, hizkuntza-ohiturak, komunitatea, utopia eta nostalgia, eta kontakizunak eta sorkuntza. Hainbat esperientzia, begirada eta praktika ezagutzeko aukera izan dugu, eta horietatik abiatuta euskararen oraina eta etorkizuna elkarrekin pentsatu dugu. Saioek agerian utzi dute hizkuntzaren inguruko hausnarketak hainbat dimentsio gurutzatzen dituela, eta horiei heltzeko bestelako espazioak eta metodologiak behar ditugula.
Ez dugu erantzun itxirik bilatzen. Galdera berriak egiteko, ohiko markoak mugitzeko eta euskararen inguruan beste kontakizun batzuk sortzeko esperimentazio-guneak ireki nahi ditugu. Izan ere, irudikatzen dugunak eragina du posible ikusten dugun horretan ere. Horregatik, euskararen etorkizuna pentsatzeko, ezinbestekoa iruditzen zaigu etorkizun hori beste modu batera irudikatzeko gai izatea.
Horixe da Kutxaz Kanporen proposamena: euskarari buruz ez bakarrik hitz egitea, baizik eta euskaratik eta euskararekin aukera berriak irudikatzea, praktika ludikoetatik abiatuta. Kasu honetan eskuak, begiak, belarriak, ahotsak, irudiak poemak eta koloretako errotulagailuak erabiliz.
