(Kontra)zirkuituak: Ipar Euskal Herriko euskal eszena musikala programatzeaz solasean

Azaroaren 12an Hazparneko Xuriatean egin zen (Kontra)zirkuituak ekimenaren hirugarren saioa. Ana Jaunarenak (EHZ) gidatutako solasaldian, Eñaut Etxeberriak (Makeako festa komitea), Kattalin Perrierrek (Gaga gaztetxea), Kattina Haran-Razinek (EHZ), François Matonek (Atabal) eta Maia Iribarnek (musikagilea) programazioaren atzean dauden helburuak, irizpideak eta zailtasunak jarri zituzten mahai gainean.

Zein publiko erakarri nahi da? Publikoak zer ikusi nahi du? Publikoaren arabera egiten ote da programazioa? Programazio baten egiteak zein erronka ditu? Zein dira programazioa egiteko irizpideak? Eta zein taula eskaini euskal musika taldeei?

Solasaldia helburuekin abiatu zen. Eszena bakoitzak bere helburuak dituela argitu zuten parte-hartzaileek: herriko bestetan, belaunaldiartekotasuna eta betiko euskal kantak plazan pasaraztea da gakoa, finean euskara plazan entzutea; gaztetxeek, EHZk edo Atabalek bezalako espazioek, berriz, euskal sortzaileei eszena bat eskaini nahi diete, gazteen sorkuntzari bereziki arreta jarriz. Etekin ekonomikoa ez da inon helburu nagusia, baina mahai-inguruan agerian geratu zen guztietan baldintzatzen duela programazioa.

Helburu horietatik abiatuta, irizpideetara egin zuen jauzi eztabaidak. Programazioa osatzean, parekidetasuna bermatzea da ardatzetako bat, bai generoari dagokionez, bai Ipar eta Hegoaldeko taldeen presentziari dagokionez. Estilo anitzak eta belaunaldi ezberdinak nahastea ere bilatzen da, publiko berriak erakartzeko. Eta errezeta errepikatu egiten dela aitortu zuten: txarangek girotu, artista ez hain ezagunek ireki, entzunagoek itxi, eta igande goizak familientzat gorde. 

Programazioaren logika azalduta, artisten ikuspegia ere entzun zen. Maia Iribarnek kontzertu bat onartzerakoan data, baldintza ekonomikoak eta espazioaren balioak begiratzen dituela azaldu zuen. Militantziagatik salbuespenak egiteko beharra ere ikusi duela aitortu zuen, baina ez da edozein tokitan edozein baldintzatan jotzeko prest.

Horrek bitartekarien gaiari bide eman zion. Egoera arras aldatu dela nabarmendu zuten: lehen harremana artistekin zuzena zen; orain, managerrak jartzen ditu baldintzak, eta askotan diru-galerak ekartzen dituzte, edari eta sarreren prezioekin orekatzen ahalegintzen direnak. Horrek musikagintzaren merkantilizazioa dakarrela esan zen. Iribarnek, ordea, kontrapuntua jarri zuen: bitartekaritzak artistaren profesionalizazioan laguntzen du eta prekarizazioa eragozten du, baldintza minimoak bermatuz.

Monopolioaren, makro-ereduaren eta aniztasunaren inguruan ere aritu ziren. Iparraldeko eszena anitza dela esan zuten gehienek, baina kezka bat agertu zen: gehien entzuten diren taldeak izan daitezke gehien programatzen direnak. Makro-ekitaldien norabideaz ere ohartarazi zuten eta mezua argi zen: 60€ko sarrerak gizarteko geruza bat kanpoan uzten du. Lehia badagoela aitortu zuten, halaber: data berean bi festa antolatzen badira, bata bestea zapaltzen saiatzen da.

Azkenik, diagnostikoa eta etorkizunari begirako gogoeta egin zuten. Eszena ertainen beharra nabarmendu zen —gaztetxeez eta areto handiez gain, tarteko guneak falta dira. Taldeak Hegoaldera esportatzea falta dela ere aipatu zen. Frantzian euskal taldeei atea ixten zaiela salatu zuten: “musikaren mamia Parisen egiten da eta gu existitzen ez bagina bezala jarduten dira. Europako beste herrialdeetan jotzea errazagoa da, Parisen baino”. 

Ikusi mahai-inguru osoa:

Solasaldiak galdera bat utzi zuen airean: nola sortu euskal eszena irisgarri, iraunkor eta erakargarria Ipar Euskal Herrian, merkatuak presioa areagotzen duen bitartean? Erantzuna ez da bakarra, baina  elkarlana, eszena ertainak indartzea eta euskaraz programatzearen garrantzia transmititzea dira bide posibleak. Mahai-ingurua bukatuta, Lumi taldeak itxi zuen gaua. Nahia Zubeldia eta Manu Matthyssen bikoteak set elektroniko atmosferiko batekin borobildu zuen ekitaldia, argi- eta proiekzio-diseinu batez lagunduta.