Bira Kulturgunearen 10. urteurreneko ospakizunen baitan, eta (Kontra)zirkuituak ekimenaren bigarren saioan, Jule Goikoetxeak eta Fermin Muguruzak espazio herrigileen garrantziaz, kultur burujabetzaz eta musikak komunitategintzan duen egitekoaz hausnartu zuten. Leire Vargasen irakurraldiak ireki zuen saioa, Jon Maiaren bertsoek eta Ines Osinagaren musikak borobildu zutena.
Zer da musika herrigilea? Nola sortzen dute komunitatea kultur espazioek? Eta nola sortzen ditu komunitateak berak espazio horiek, herriak iraun dezan? Galdera horien inguruan aritu ziren urriaren 29an Bilboko Bira kulturgunean, Badalabek sustatutako (Kontra)zirkuituak ekimenaren bigarren saioan. Oraingoan, musikaren eta herrigintzaren arteko harremanak jarri zituzten erdigunean, autogestioaren, kultur burujabetzaren eta komunitategintzaren ikuspegitik.
Dena antolatuta dagoen mundu batean, zer da komunitatea?
Leire Vargasek eman zion hasiera saioari, etorkizun distopiko batean kokatutako testu literario baten irakurraldiarekin. Mundu hartan dena dago antolatuta: kultura, aisia, zaintza, etxebizitza eta eguneroko bizitza. Ez dago arriskurik, ezta, itxuraz, gabeziarik ere. Baina dena da soila, hutsa, emoziorik eta aldaketarik gabea. Autogestiorako tarterik ez duen mundu bat da.
Iraganeko gizartearen aztarnekin topo egitean, ordea, galderak sortzen zaizkio protagonistari. Eta, azkenean, funtsezko zalantza bat: «Zer da komunitate deritzodan hori?»

Galdera horretatik abiatu zuten solasaldia Jule Goikoetxeak eta Fermin Muguruzak. Lehenak, herrigintzaren eta komunitatearen inguruko marko eta gogoeta orokorrak mahai gainean jarriz; bigarrenak, hamarkadetako musika ibilbidean bizitako esperientzia zehatzetatik abiatuta.
Herriak espazioak sortzen ditu, eta espazioek herria
Solasaldian zehar ideia batek hartu zuen indarra: kultur espazioak ez dira jarduerak antolatzeko edo musika kontsumitzeko leku hutsak. Bertan gertatzen diren praktikek, harremanek eta sorkuntza prozesuek komunitatea eraikitzen dute. Eta, alderantziz, komunitateek espazio propioak behar dituzte beren burua antolatzeko, sortzeko eta irauteko.
Zer da, beraz, musika herrigilea? Eta zeren aurrean definitzen dugu herrigile izaera hori? Goikoetxeak garai bateko Olentzero eta gaur egungoa alderatzeko jolasa proposatu zion publikoari. Ariketa horretatik abiatuta, estetika zaindua, garbitasuna, distira eta homogeneizazioa bezalako kontzeptuak agertu ziren, herri kulturaren eraldaketei buruzko eztabaida zabaltzeko.
Muguruzak, berriz, Kortaturen hastapenetara eraman zituen bertaratutakoak. 1984 inguruan, beste talde batek utzitako instrumentuekin eman zuten lehen kontzertua. Lehen maketaren zabalkundea ere lagun baten ekimenari esker egin zuten: etxean zuen grabagailuarekin kopiak egin, eta Bilboko txosnetan banatu zituen. Hala, herriko jaietan Kortaturen musika entzuten hasi zen.
Pasadizo horren bidez, Muguruzak nabarmendu zuen musika mugimenduak ulertzeko ezinbestekoa dela haiek sortu ziren testuinguru politiko eta sozialari erreparatzea. Gaztetxeak, herriko jaiak, jai batzordeak, fanzineak eta irrati libreak ez ziren elementu isolatuak: elkar elikatzen zuten sare baten parte ziren. Musikariek mugimendu hori elikatu zuten, baina mugimenduak berak ere egin zuen posible musikari horiek sortzea eta zabaltzea.
Kultur burujabetza, homogeneizazioaren aurrean
Musikaren egungo joera homogeneizatzaileak ere izan zituzten hizpide. Kontsumo ereduak, kultur espazioen merkantilizazioa, bitartekarien eta managerren egitekoa edota musikaren gero eta antzekotasun handiagoa jarri zituzten eztabaidagai.
Logika horien aurrean, komunitateak kontrolatutako espazioen garrantzia azpimarratu zuten: herri jabetzako guneak, autogestioa, kultur burujabetza eta kultur autodefentsa. Kultur larrialdiaren ideia ere agertu zen solasaldian, komunitateek beren sorkuntza eta adierazpen moduak garatzeko dituzten baldintzei buruz hausnartzeko.
Eztabaidak agerian utzi zuen kulturaren inguruko galdera ez dela soilik zer sortzen edo programatzen den, baizik eta nork, nola, norentzat eta zein harreman sozialen bidez egiten den. Izan ere, musikak komunitatea sortzeko duen gaitasuna ezin da bereizi hura posible egiten duten espazio, sare eta antolaketa moduetatik.
Hitzetatik bertsoetara, eta bertsoetatik musikara
Solasaldian zehar jasotako ideia eta hitzetatik abiatuta, Jon Maia Soriak bertso bidez josi zuen entzundakoaren laburpena. Herrigintza, musika, komunitatea eta burujabetza elkartu zituen, saioan zehar zabaldutako galderei beste adierazpide bat emanez.

Ines Osinagak eman zion amaiera topaketari, bere musikaren eta hitzen bidez.
Ikusi zati bat:
Bilboko saioak (Kontra)zirkuituak ekimenaren muinean dagoen tentsioetako bat azaleratu zuen: kultura kontsumitzeko espazioen eta kultura elkarrekin sortzeko espazioen artekoa. Eta, horrekin batera, galdera bat utzi zuen zabalik: nola indartu herria egiten duten kultur espazioak, komunitateak bere burua sortzeko eta eraldatzeko gaitasuna gal ez dezan?
Hurrengo saioa: Euskal musikaren programazioaren panorama Ipar Euskal Herrian
EGITARAUA:
- Solasaldia.
Parte-hartzaileak:- Eñaut Echeverria (Makeako pesta komitea)
- Kattalin Perrier (Gaga gaztetxea)
- Mattin Olzomendi (EHZ)
- Francois Maton (Atabal)
- Maia Iribarne (artista
- Kontzertua:
- Lumi taldea


Azaroak 12 / Xuriatea / Hazparne
