Gazteek digitalizazioaz dituzten irudikapen sozialak: Euskal Herriko ikasleen kasua

[Amaitua]

LABURPENA

Badalabek 2023/2024 gauzatutako ikerketa da, Leire Lison Nicuesa ikaslearen Gradu Amaierako Lan gisa. Mondragon Unibertsitateko Humanitate Digital Globalak Graduaren baitan egin da. Belaunaldi gazteenei digitalizazioa nabigatzeko berezko gaitasunak eta jakintzak egozten zaizkie. Txikitatik teknologiarekin harremanetan egoteagatik trebeak eta orojakitun direla onartzen da. Baina berrikuntza teknologikoa merkatuaren logiken menpe utzi den aro teknozientifiko honetan, digitalizazioak hartu duen dimentsioak mugikorra edo ordenagailuaren erabilera soiletik haratago doa. Zein da Euskal herriko gazteek digitalizazioaz duten pertzepzioa? Gai al dira digitalizazioa giza-testuinguru batean kokatzeko? Galdera horiei erantzutea helburu duen ikerketa honetan, 6 eskolekin elkarlanean aritu da, Euskal Herriko 5 hiritan: Bilbo, Gasteiz, Errenteria, Baiona eta Iruña. Irudikapen sozialen teorian oinarritutako metodologia berri baten bidez, digitalizazioak zeharkatzen dituen bost arlo landu dira: ekonomia digitala, pribatutasuna eta segurtasuna, hizkuntza teknologiak, jasangarritasuna eta arrakala digitala. Garatu diren 25 saioetan, 12- 16 urteko 136 ikasleren irudikapenak gertutik ezagutzeko aukera egon da. Emaitzek erakusten dute gazteek digitalizazioa ikus-entzunezko edukien kontsumo hutsetik irudikatzen dutela. Kontziente dira horrek dakarren arriskuez, hala nola, adikzioa eta datu pertsonalen lapurreta. Alabaina, ez dute beste alternatibarik imajinatzen. Era berean, ez dakite espazio digitalean euskaraz bizi ahal denik, digitalizazioaren fisikotasunean pentsatzea kosta zaie eta arrakala digitala beraientzat arrotza da.

Euskararen eta euskal gizartearen erronkez eta beharrez hitz egin, irakurri, entzun eta eztabaidatzera ohituta gaude, sarriegi aldez aurretik ezarritako mugen baitan. Jolasek eta jokoek ohiko parametroetatik kanpo kokatu eta ludikotasunaren praktika eta esperientziaren bidez bestelako ikuspegi, prozesu eta dinamika batzuetan murgildu eta hausnarketarako baliabide garrantzitsuak eskaintzen dizkigute. Proiektuak ludikotasunaren potentziala hausnarketa indibidual eta kolektiboaren zerbitzura jartzea proposatzen du.

BALIABIDEAK