2024 urtea emankorra izan da Badalab hizkuntza berrikuntza laborategiarentzat. Ekimen ugari abiatu ditugu aliatu askotarikoekin elkarlanean. Komunikazioari, euskarara gerturatzeko metodoei, komunitategintzari, herrigintzari, sorkuntzari… lotutakoak izan dira, besteak beste, eta horiek eta haietatik eratorritako ikasketak izango dira abiapuntuko osagaiak abiatu berri dugun 2025 urterako.
“TRANSmisioa, TRANSsizioa, TRANSgresioa. Irtenbidea KOLEKTIBOA da”
Horixe 2025 urteko jarduna gidatuko duen lema.
- TRANSmisioa. Batetik, nora goazen irudikatzeko, nondik gatozen eta non gauden kolektiboki eraikitzeko eta kontatzeko ekintzari dagokiona. Bestetik, sare kolektiboetan nodo desberdinen arteko energia fluxuari edota harremanari dagokiona.
- TRANSizioa. Hor gaudelako. Ez han ez hemen. Zaharraren amiltzean, berria jaio nahian. Hizkuntza ohituren aldaketak edota hizkuntza ikasketa prozesuak horixe direlako, prozesuak, eta horiei begiratuko diegulako, horietan eragin nahi dugulako. Komunitate askotarikoen eraikuntza denborak ere horixe direlako, bideak.
- TRANSgresioa. Laborategiaren izaerari, desbideraketari eta irudimenari estuki lotuta. Ohiko bideetatik irteteko edota ohiko egiteko moduak arrakalatzeko sortu zelako Badalab.
- Irtenbidea KOLEKTIBOA da. Guztiaren oinarrian kolektibotasuna, ez-ohiko lankidetzak eta komunitategintza ditugulako.
Gure 2025eko jarduna, beraz, ardatz horietan mugituko da.
Etorkisuneku 01. Hizkuntzari eta hiztun komunitateari lotutako kontakizunak, diskurtsoak berritzeko eta ez-baian jartzeko beharrari ekarpena egin nahi dion instalakuntza batekin abiatuko dugu urtea. Etorkizuneko euskararen agertoki berriak iradoki nahi dituzten prototipo artistikoak bilduko ditugu bertan, lagungarri direlakoan oraina arrakalatzeko, egiteko, egoteko eta gure burua kontatzeko moduak eraldatzeko. Instalakuntza bera programa publiko zabal batek osatuko du.
Errenteria laborategiak herri mailako euskararen ekosistema artikulatzeko ekarpena egiten jarraitu nahi du. Nola hurbildu euskara, gaur eta hemen, herrian, hizkuntzatik urrunago dauden gorputz haietara? Nola egin euskarak balio dezan bizikidetzan urrats esanguratsua emateko tresna gisa? Hizkuntza eta komunitategintza ditugu jopuntuan.
Eta nahi ditugun komunitateak sortzeko eta elikatzeko, sareetan gure espazio propioak sortzeko, iaz abiatutako Komunikazio libreago baterantz trantsizioan jarraituko dugu, urrats berriak emanez.
Herrigintza, aktibismoa, militantziak 02 izango da gure beste ardatzetako bat, 2024 urtean abiatutako bidean jasotako ekarpenei jarraipen zuzena emanez. Zer nolako herrigintza, militantzia edota aktibismoa behar dugu, egun, euskarak eta euskal hiztun komunitateak aurrera egin dezan?
Ludikotasunean sakontzen ere segi nahi dugu Kutxaz Kanpo ekimenarekin, hizkuntza ohituren aldaketa laguntzeko, hizkuntza kontzientzia pizteko eta enpatia lantzeko jolasak erabiliz.
Oraindik konta ezin daitezkeenak ere baditugu burutan… eta eskuartean. Joango gatzaizue kontatzen!