Etorkisuneku 01: Prototipoen museoa, iruditeria eta kontakizuna elikatzeko ekimena

Etorkisuneku 01 ekimenak aukera eman du etorkizuneko agertoki posibleen inguruan hausnartzeko. Artelan prototipoek eta haiei lotutako programa publikoak irudimena eta eztabaida sustatu dituzte pentsamendu jardunaldien, laborategien eta emanaldi performatiboen bidez.

Etorkisuneku lan ildoak 2023an hasi zuen bidea. Helburua argia da: Interakzio sistema desberdinetan euskararen erabilera bermatzeko ekarpena egitea. Horretarako, iragana ezagutu, oraina esploratu eta etorkizuna irudikatzeko grina uztartu izan ditu. Euskararen biziraupena eta etorkizuneko gizarte iruditeria elikatzea ditu xede, komunitatearekin batera etorkizuneko agertoki posibleak asmatuz.

Etorkisuneku 01en oinarrian “Itzultzeko Eskubidea” fabula dago, Euskal Herriko gazteekin diseinu espekulatiboa baliatuz sortua eta Nerea Arrienek letretara ekarria. Hazi horretatik abiatu dira Etorkisuneku sormen bekak. Hauek hiru prototipo ekarri dituzte: Nora Goialdek isiltasunaren lekua aztertu du hizkuntzen etorkizuneko aniztasunean; Iraitz Mateok etorkizuneko eguneroko bizitzaren agertokiak eraiki ditu; eta Naiara de la Puentek hizkuntzen arteko sonoritatearen irakurketa performatiboa proposatu du. Horiekin batera, “Itzultzeko Eskubidea” fabularen instalazio sonoroak osatu du Jon Uriartek komisariatutako erakusketa.

Lau hilabetez, Badalabek programa publikoa antolatu du erakusketari jarraipena emanez. Helburua izan da prototipoen museoak hizkuntzari lotutako narratibetan eragiteko gaitasuna aztertzea.

Horretarako, programa publikoak Kataluniako eta Euskal Herriko pentsalari, sortzaile eta ikerlari ugari bildu ditu: Helen Torres, Alba Garmendia, Arrate Hidalgo, Elisabet Roselló, Aitzpea Leizaola, Maite Darceles, Mikel Alvarez, Ines Osinaga, Mikel Ayllon, Oier Arantzabal, Garazi Albizua, Jon Juarez, Katixa Agirre eta Iban Urizar (Amorante), besteak beste.

Horretaz gain, Scavengers Reign HBOko zientzia fikziozko telesailaren Europako estreinaldia ekarri du. Eta etorkizuneko agertokiekin esperimentatzeko aukera ere eman du, Play(u)sible edo Kutxaz Kanpo bezalako eredu ludikoen bidez. Proiektuak hainbat bidelagun izan ditu, esaterako: TEKS elkartea, IES Koldo Mitxelena, Herri Arte Eskola, UEU, Kutxa Fundazioa.

Ikusi hemen itxiera egunean Badass-ek egindako argazkiak: