Posible al da 120 ordutan euskara ulertzeko gai izatea?
Erantzuna baiezkoa da. Bai, posible da, Badalaben 2023ko urritik hona martxan jarri dugun metodologia berri bati esker. Uler Saioen bitartez, Errenteria euskarara gerturatzeko metodologia berrien probaleku izan da. Eragile ezberdinen arteko lankidetzari esker, hala nola, Badalab, Soziolinguistika Klusterra, Koldo Kide guraso elkartea, Orereta Ikastola, Sos Arrazakeria, Familia Laguna programa eta Errenteriako Udala, proiektu berritzaile honek zenbait herrikide euskarara gerturatzeko modu berrietan trebatu ditu.
Zehazki 13 herritarrek euskarara gerturatzeko modu berriak garatu dituzte lehenengo promozioan eta orain, beste 15 pertsona ere trebakuntza hori jasotzen ari dira dagoeneko herriko Udal Euskaltegiaren eskutik.
Uler Saioek euskarara gerturatzeko beste modu bat eskaintzen dute, malguagoa, eta erdigunean euskararen ulermen gaitasuna trebatzea kokatzen duena. Horrela, denbora gutxian, 120 ordutan, euskara ulertzeko tresnak eskuratu ditzakete herritarrek, zeinak herri bizitzan parte hartzeko leiho eta aukera berriak zabaltzen dizkien, besteak beste.
Probaldi honetatik ateratako ondorioak hizkuntza-ohituren aldaketa-prozesuak aztergai dituen Soziolinguistika Klusterraren Aldahitz ikerketarako baliatu dituzte.
Parte-hartzaileen profilak
Proba pilotu honetan eta bigarren promozioan guztira 28 pertsonek hartu dute parte. Aipagarria da 28 horietatik 25 emakumezkoak izan direla. Horrez gain, parte-hartzaileen % 64 Euskal Herritik kanpo jaiotako pertsonak izan dira eta % 82ren ama hizkuntza gaztelania da. Guztira 57 pertsonek adierazi dute parte hartzeko interesa, eta horietako askok hiru bloketakoren batean ere parte hartu dute.
Tresna iraunkorrak sortzeko beharra
Proba honek utzitako ondorioak eta irakaspenak kontuan hartuta, Errenteriako Udalak eskaintza hau iraunkor bihurtzeko pausoa eman du. Horretarako Udal Euskaltegian eskaintza hau txertatzeko lanean ari dira dagoeneko eta Uler Saioen bigarren promozioa bertan ari da garatzen. Errenterian euskara hedatzeko neurri estrategikoa izan daitekeela uste du Udalak. Horrela, bide honetan egin bezala eragileak, herritarrak eta erakundeak elkarlanean jarduteko premia nabarmendu dute.
Ulersaioetatik ulerrizketetara
Orain, proban parte hartu duten pertsonek euskararen ulermen maila trebatzen jarraitzeko helburuarekin, Ulerrizketak jarriko ditugu martxan Badalabetik. Uler Saioetan parte hartu duen pertsona bakoitzak bere egunerokoan euskararekin harremanetan jarrai dezan, konfiantzazko pertsona batekin lotzea da helburua. Egunerokotasunean euskaraz arituko zaiona eta horretarako euskara ulerterrezagoa erabiliko duena edota ohiko elkarrizketetan baino lasaiago hitz egingo diona. Mintzatzaileak trebatzeko formakuntza bat ere prestatzen ari gara dagoeneko.
Eskertza
Egin duten ibilbidea aitortu eta eskertza moduan, ekitaldia egin genuen Badalabeko egoitzan eta parte-hartzaile bakoitzak bere diploma jaso zuen.
Hemen aurkituko duzu albistea agerkari digital ezberdinetan jasota:
- Herri bizia: Ulersaioetatik ulerrizketetara, euskarara gerturatzeko modu berrien probaleku bihurtu da Errenteria
- Oarsoaldeko Hitza: Denak behar dituelako euskarak
- Oarsoaldeko Hitza: Bide guztien helmuga izan dadin euskara
- DV: Euskarara gerturatzeko modu berrien probaleku bihurtu da Errenteria









