Etorkisuneku 01, euskararen agertoki berriak proposatzen dituen erakusketa

  • Etorkisuneku 01 erakusketak etorkizuneko euskararen agertoki berriak irudikatu eta horien inguruan hausnartu ahal izateko hiru artelan eta soinu-instalakuntza bat biltzen ditu.
  • Nora Goyalde, Iraitz Mateo eta Naiara de la Puente artista parte-hartzaileek iaz jaso zuten Etorkisuneku sormen bekarekin sortutako lanen erakusketa da. Dirulaguntzaren helburua zen euskaratik eta euskaraz biziko den hiztun komunitate sortzaile, berdinzale eta justua elikatzeko, gaurtik proposamenak gauzatzen hastea.
  • Erakusketa otsailetik ekainera bitarteko programa publiko batekin osatuko da. Jardunaldiak, Laborategiak eta deialdiak bilduko ditu, etorkizuneko agertoki osagarriak elikatzen jarraitzeko.
  • Etorkisuneku 01 erakusketa urtarrilaren 30etik ekainaren 15a arte irekiko da. Bisitatu ahal izateko, eta bisita gidatuetan parte hartzeko, hitzordua lotu beharko da.

Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategian Etorkisuneku 01 izeneko erakusketa ireki dugu. Etorkisuneku 01 erakusketak etorkizuneko euskararen agertoki berriak irudikatzeko artelanak biltzen ditu. Hizkuntzaren iruditegi kolektiboa berritzen lagundu nahi duten hiru artelan eta soinu-instalazio baten bidez, etorkizuneko euskaradun gizartearen iruditeria aberasteko bokazioa du erakusketak. Sormen piezak prototipo gisa funtzionatzeko sortu dira, hau da, eszenario berriak proposatu eta horien inguruko eztabaida elikatu nahi dute.

Etorkisuneku 01 erakusketa urtarrilan 30etik ekainaren 15a bitarte bisitatu ahalko da, aldez aurretik hitzordua hartuta.

Etorkisuneku sormen bekatik sortutako lanak

Nora Goyalde, Iraitz Mateo eta Naiara de la Puente dira Etorkisuneku 01 erakusketan parte hartu duten sortzaileak eta Etorkisuneku sormen bekaren irabazleak. Nerea Arrien idazlearen “Itzultzeko eskubidea” fabulatik abiatuta, artista parte-hartzaileek metodologia espekulatiboak erabili dituzte eztabaidaren abiapuntu izan daitezkeen sormen prototipoak proposatzeko.

Hiru artelan, performance bat eta soinu-instalazioa

Nerea Arrienen “Itzultzeko eskubidea” fabulak krisi klimatikoak eraginda egungo ur mailatik gora irudikatzen du etorkizuna. Aintzane Gamiz, Marga Altolagirre, Mikele Arizkorreta eta Arkaitz Gartziandia aktoreen laguntzarekin soinu-instalazio gisa egokitu da erakusketarako, Haimar Olaskoaga teknikariaren gidaritzapean. Fabulan, Obabel izeneko hiri bertikalean, euskara mainstream bihurtu da, gailu teknologikoek emozioak murriztu dituzte, eta gazteek hizkuntzak kontrolpean dituzten behin-behineko itzultzaileen kontrako errebolta hasi dute, etorkizun heze, teknokratiko eta itogarriaren erdigunean.

Bide horretatik, Nora Goyalderen “Isiltasun eskubidea” artelanak, hizkuntzaren etorkizuna irudikatzeko, ingurune zalapartatsuan kokatzea proposatzen du. Zarata ardatz, isiltasunaren etorkizun larriari begiratzen dio soinu, eskultura eta interaktibitatearen bitartez. Gizakiek sortzen dituzten soinu-hotsak, musikak eta zaratak aztertzen ditu gorputzarekin duten harremanari so eginda.

Naiara de la Puente eta José Miguel Baenaren “Euskaldun elektronikoekin amets egiten duen akordeoiak” performanceak eta haren arrastoarekin sortutako instalazioak euskararen etorkizunari buruz hausnartzeko musika, dramaturgia eta inprobisazioa erabiltzen ditu. Kultura eta arteak iruditegiak elikatu, aberastu, zabaldu eta hedatzeko duten gaitasunarekin esperimentatu dute, prozesuan sortutako musika idatzien edota aztarna artistikoen bidez galderak eta kezkak islatu ahal izateko.

Iraitz Mateok 2051. urtean kokatutako “Kapsulak” artelanean etorkizuneko egunerokotasunean hizkuntzak izan ditzakeen erabilera anitz posibleak hausnartu ditu. Horretarako, ikuspegi zabal edo makroaren ordez, ohiko eta errutinazko ekintza xumeetan hizkuntza erabilera prototipoak irudikatu ditu.

Etorkisuneku 01: Programa Publikoa
Etorkisuneku 01 erakusketaren markoan ekintzen programa publikoa abiatuko du Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiak. Helburua izango da, zientzia fikzioa ardatz eta erakusketa osatzen duten prototipoen laguntzarekin, euskararen agertoki berrien inguruan hausnartzea; iraganaz, orainaz eta etorkizunaz.

Zer nolako ekarpena egin dezake zientzia fikzioak iruditegi berria elikatzeko bidean eta utopia kolektiboaren eraikitze gaitasunean? Nahikoa al da irudikatzearekin? Galderaz hausnartu nahi duen jardunaldia egingo da martxoan, hitzaldi eta tailer formatuetan. Horrekin batera, denboraren ardatza oinarrian izango duten laborategiek osatuko dituzte bestelako proposamenetako batzuk. Zein dira etorkizuna “iragartzeko” euskal metodologia anzestralak? Galderaren bueltan laborategia jarriko da martxan, eta itzulpenarekin esperimentatzeko aukera ireki nahi du laborategiak ere. Bisita gidatuak egongo dira komisariotza eta artista taldearen eskutik. Erakusketa bisitatu zein bisitetan parte hartzeko izen-ematea laster irekiko da.

Proposamenak, orokorrean, publiko orokorrari zuzenduak izango dira, eta zehaztasunak webgune honetan argitaratuko ditugu. Era berean, Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiak, haren esperimentazio izaerari jarraiki, gonbidapena luzatu nahi du programaren baitan txerta daitezkeen proposamenak egiteko; helburu argi batekin, kolektiboan eraikitzea euskarari eta hizkuntza komunitateari lotutako kontakizunak, sinesmenak edota diskurtsoak elikatzeko bidea.

TRANSmisioa, TRANSizioa, TRANSgresioa. Irtenbidea kolektiboa da

2024 urtea emankorra izan da Badalab hizkuntza berrikuntza laborategiarentzat. Ekimen ugari abiatu ditugu aliatu askotarikoekin elkarlanean. Komunikazioari, euskarara gerturatzeko metodoei, komunitategintzari, herrigintzari, sorkuntzari… lotutakoak izan dira, besteak beste, eta horiek eta haietatik eratorritako ikasketak izango dira abiapuntuko osagaiak abiatu berri dugun 2025 urterako.

“TRANSmisioa, TRANSsizioa, TRANSgresioa. Irtenbidea KOLEKTIBOA da”
Horixe 2025 urteko jarduna gidatuko duen lema.

  • TRANSmisioa. Batetik, nora goazen irudikatzeko, nondik gatozen eta non gauden kolektiboki eraikitzeko eta kontatzeko ekintzari dagokiona. Bestetik, sare kolektiboetan nodo desberdinen arteko energia fluxuari edota harremanari dagokiona.
  • TRANSizioa. Hor gaudelako. Ez han ez hemen. Zaharraren amiltzean, berria jaio nahian. Hizkuntza ohituren aldaketak edota hizkuntza ikasketa prozesuak horixe direlako, prozesuak, eta horiei begiratuko diegulako, horietan eragin nahi dugulako. Komunitate askotarikoen eraikuntza denborak ere horixe direlako, bideak.
  • TRANSgresioa. Laborategiaren izaerari, desbideraketari eta irudimenari estuki lotuta. Ohiko bideetatik irteteko edota ohiko egiteko moduak arrakalatzeko sortu zelako Badalab.
  • Irtenbidea KOLEKTIBOA da. Guztiaren oinarrian kolektibotasuna, ez-ohiko lankidetzak eta komunitategintza ditugulako.

Gure 2025eko jarduna, beraz, ardatz horietan mugituko da.

Etorkisuneku 01. Hizkuntzari eta hiztun komunitateari lotutako kontakizunak, diskurtsoak berritzeko eta ez-baian jartzeko beharrari ekarpena egin nahi dion instalakuntza batekin abiatuko dugu urtea. Etorkizuneko euskararen agertoki berriak iradoki nahi dituzten prototipo artistikoak bilduko ditugu bertan, lagungarri direlakoan oraina arrakalatzeko, egiteko, egoteko eta gure burua kontatzeko moduak eraldatzeko. Instalakuntza bera programa publiko zabal batek osatuko du.

Errenteria laborategiak herri mailako euskararen ekosistema artikulatzeko ekarpena egiten jarraitu nahi du. Nola hurbildu euskara, gaur eta hemen, herrian, hizkuntzatik urrunago dauden gorputz haietara? Nola egin euskarak balio dezan bizikidetzan urrats esanguratsua emateko tresna gisa? Hizkuntza eta komunitategintza ditugu jopuntuan.

Eta nahi ditugun komunitateak sortzeko eta elikatzeko, sareetan gure espazio propioak sortzeko, iaz abiatutako Komunikazio libreago baterantz trantsizioan jarraituko dugu, urrats berriak emanez.

Herrigintza, aktibismoa, militantziak 02 izango da gure beste ardatzetako bat, 2024 urtean abiatutako bidean jasotako ekarpenei jarraipen zuzena emanez. Zer nolako herrigintza, militantzia edota aktibismoa behar dugu, egun, euskarak eta euskal hiztun komunitateak aurrera egin dezan?

Ludikotasunean sakontzen ere segi nahi dugu Kutxaz Kanpo ekimenarekin, hizkuntza ohituren aldaketa laguntzeko, hizkuntza kontzientzia pizteko eta enpatia lantzeko jolasak erabiliz.

Oraindik konta ezin daitezkeenak ere baditugu burutan… eta eskuartean. Joango gatzaizue kontatzen!