[Jardunaldia] Diskurtsoak berritzeko proposamen bat

Datorren martxoaren 14an Badalabera etortzera gonbidatu nahi zaitugu. UEU eta TEKSekin batera eta Etorkisuneku 01 prototipoen instalakuntza erdigunean jarrita, utopiez edo zientzia fikzioaz ariko gara, teorian eta praktikan. Matrikulazioa eta informazio guztia hemen topatuko dituzu. Eman izena!

Etorkisuneku 01. Hizkuntzari eta komunitateari lotutako iruditeria eta diskurtsoak berritzeko proposamen bat.

Zergatik eta zertarako euskara? Zergatik bizi nahi dugu euskaraz, hizkuntza hegemoniko batean errazago uler bagintezke? Euskara altxorra? Euskara hizkuntza zaharra da? Euskara hizkuntza klasista eta baztertzailea da? Hauek egunero topatzen ditugun galderetako batzuk besterik ez dira.

Etorkisuneku 01 ekimenaren bidez ekarpena egin nahi diogu hizkuntzarekin eta hiztun komunitatearekin lotutako diskurtsoen eta narratiben berreraikuntzari, deseraikuntzari, berritzeari.

Horretarako, abian da Etorkisuneku 01 instalakuntza. Prototipoen museo bat da, erdigunean jartzen dituena artefaktu material desberdinak. Honi lotutako programa publikoak balio behar du bestelako iruditeri bat probokatzeko, diskurtsoak elikatzeko, elkarrizketa kolektibo bat sustatzeko.  Proposatzen den jardunaldi honek balio digu horri guztiari markoa jartzeko. Arituko gara utopiez, zientzia fikzioaz, plausibilitateaz. Eszenatoki desberdinak bisitatuko ditugu, eta jolastuko dugu, eta aztarna utziko.

Eguneko egitaraua honakoa izango da:

08:45 – 09:00 Harrera eta dokumentazio banaketa

09:00 – 09:15 Ongietorria eta jardunaldiaren aurkezpena.

  • Goiatz Oiartzabal Lakarra. Badalab.
  • Xabier Landabidea Urresti. UEU.

9:15 – 11:15 Zer nolako ekarpena egin dezake zientzia fikzioak iruditeri berria eraikitzeko bidean eta utopia kolektiboaren eraikitze gaitasunean?

11:15 – 11:45 Atsedenaldia.

11:45 – 12:30 Etorkizunetako teoria praktikatik. Irudimenaren krisia bizi dugu? Edota auzia beste toki batean dago? Nahikoa da irudikatzen hutsarekin?

Elisabeth Roselló – Ane Abarrategi

12:30 – 14:00 Zientzia fikzioaren egoera Euskal Herrian disziplina desberdinen perspektibatik.

  • 12:30 – 13:15 Literaturaren ikuspegitik. Beste garai batzuekin alderatuta, euskal literatura garaikidean zientzia fikziozko errelato eta narratibak gailentzen ari diren honetan, generoak hizkuntzari egin dakiokeen ekarpenaz hausnarketa lau sortzaileekin.
    • Mikel Alvarez – Euskalia.
    • Maite Darceles – Bihotzean daramagun mundua.
    • Mikel Ayllon – Hitzaurrea
    • Garazi Albizua  – Izadia, Geun, Gaizkileen galtzada
  • 13:15 – 14:00 Sorkuntza digitalaren ikuspegitik. Baliabide digital eta teknologikoak unibertso zein iruditeri berrien sorrerarako tresna izan daitezke. Disziplina desberdinetako erreferenteekin unibertso berrien sorrerak euskal iruditeriari eta hizkuntzari egin dakiokeen ekarpenaz hausnarketa.
    • Ulu Media – Holobiontea + Artxipielagoa.
    • Ines Osinaga – AppaMaurizia.
    • Mikel Unamuno- Gaztea

14:00 – 15:00 Bazkaltzeko tartea.

15:00 – 17:00 Plau(y)sible. Partida bat?

Mahai gainean topatuko duguna da jolas bat (objektu fisikoa), prototipo bat! Beste inork baino lehen probatu ahal izango duguna. Zergatik?

  • Ofizial kontsidera ditzakegun etorkizuneko kontakizunetatik at irten nahi dugulako, mundua nolakoa izango den ulertzeko dugun modua eta sinesmenak birplanteatu nahi ditugulako.
  • Ideia eta pentsamolde inspiratzaileak eta konspiratzaileak eskuratu nahi ditugulako, hizkuntzari eta komunitateari lotutako kontakizunak elikatuko dituztenak.
  • Galdera berriak probokatu nahi ditugulako
  • Praxi kolektiboan bestelako balio eta mundua ikuskera batzuk  txertatu nahi dugulako

Etorkizunak pentsatzeko euskaratik, eta euskaraz sortutako tresna bat da bertatik bertara probatzeko aukera izango duguna, egunean zehar jasotako ideia eta elementu desberdinak baliaturik, euskararen agertoki desberdinetan barneratzeko aukera ederra.

Gipuzkoa arigune izateko gaurtik eragiten

Argazkia: Taupa

Etorkizuneko eszenatokietan eragiteko bokazioa du Badalabek eta edonork, edonorekin eta edonoiz euskaraz eroso egingo duen, eta euskara gizarte kohesionatuago bat lortzeko bide izango den Gipuzkoa arigune egitasmoan murgilduta gabiltza lankidetzan, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Taupa euskaltzaleen mugimenduarekin, eta Soziolinguistika Klusterrarekin batera.

Proiektu honekin, irudikatzen dugu, besteak beste, gipuzkoar gehien-gehienak euskara ulertzeko gai izango direla, eta jendartean euskal hiztunek euskaraz egitearen aldeko kultura eta adostasuna nagusituko direla.

Datuen arabera, euskara ulertzeko gai da 16 urtetik gorako hamar gipuzkoarretik zazpi. Gazteen artean dago zabalduen euskararen ezagutza: 24 urtetik beherakoen artean ulermena praktikoki unibertsala da, beraz, orain arteko joera mantentzen bada, eta bertara bizitzera etorriko direnei ere ikasteko bitartekoak bermatzen badizkiegu, 2050ean, 50 urtetik beherako gipuzkoar gehien-gehienak euskara ulertzeko gai izango dira. Baikortasunez begiratzeko eszenatokia da.

Egitasmo honen bidez, hiztun bakoitza, norbere gaitasunetik abiatuta, urrats bat egitera animatu nahi dugu: euskara gutxienez ulertzera iristeko beharra eta gogoa sorrarazi nahi dugu oraingoz ulertzen ez duten horiengan, eta horretarako aukera berriak eskaini; eta ulermena oinarri gisa hartuz, jarrera eta praktika linguistiko berriak aktibarazi nahi ditugu.

Momentuz, Aian, Antzuolan eta Añorgan abiatu ditugu proba pilotuak. Azpimarratzekoa da egitasmoa antolatuko duen foroa askotarikoa izateko ahalegin berezi bat egiten dela: Udala, udalbatzarra osatzen duten alderdi politikoak, euskalgintza eta herritarrak ordezkatzen dituen talde txiki bat biltzen da eta, mapeo bat egin ondoren, jendea aurkezpenera banan-banan gonbidatzeko ardura hartzen du. Gertuko harremanei garrantzia handia ematen zaie, orain arte euskararen aldeko ekimenetan ibili izan ez den jendearengana ere iritsi ahal izateko.

Ondoren, tokian tokiko komunitateak berak aztertzen eta adosten du eraldaketa bultzatzeko non eta nola eragin behar den. Udalerriko erronka eta aukerei erreparatzen zaie, bai euskararen ezagutza eta erabilerari dagokienez, baita hizkuntzatik haragoko bestelako aldagaiei begira ere.

Behin azterketa komunitarioa eginda, dinamika gune antolatuetan abiatzen da, alegia, herri edo auzoko talde eta elkarteetan. Hizkuntzen gaia mahai-gaineratu, eta euskararen erabileran aurrerapausoak emateko modua adosten da, betiere, kide guztien ulermena bermatzeko bitartekoak jarriz.

Gune antolatutako lanketaren ondoren zabaltzen da dinamika herrira, eta azterketa komunitarioan identifikatutako beharrei erantzuteko ekintza plan bat adostu eta garatzen da. Ulermena eta erabilera jartzen dira jomugan, hiztunen prestakuntza eta ahalduntzeari begirako tresnen bidez edota hizkuntza ohiturak aldatzera bideratutako dinamiken eskutik. Esan bezala, Aldahitz metodologiak oinarri garrantzitsu bat izango dira, baina mota askotako tresna eta dinamikak izan litezke; kasu askotan, dagoeneko abian direnak. Adibidez, herri batean dagoeneko egiten den zerbait beste herri batera eraman liteke.

Eta azkenik, dispositiboak antolatzen dira jendearen pasabide naturaletan, alegia, ahalik eta herritar gehien ibiliko den egitura publiko eta sozialetan. Horrela, abian jarritako tresna eta dinamikak sistematizatzeko eta iraunkortzeko modua bilatzen da. Gure hipotesia da, horrela lor litekeela egitasmoa denboran zehar ahalik eta modu autonomoenean mantentzea eta jende gehiagorengana iristea.