Joxepa Antoni Aranberri, Anitzenea eraikinak dibertsitate linguistiko eta sozialaren topagune izaera hartu nahi du, euskaratik ekarpena eginez herritarren arteko bizikidetzan.
Bertako bizilagunak dira Xenpelar Bertso Eskola, Lau Haizetara Euskaldunon Topagunea, SOS Arrazakeria eta Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategia.
2024 urtean zehar herri kulturak eta hizkuntza aniztasuna ardatz harturik ziklo musikatua antolatu dute elkarlanean eta zikloak hiru geltoki izan ditu.
Uztailean abiatu zuen bidea, Joxepa Antoni Aranberri inspirazio harturik. Joxepa Antoni bertsolaria izan zen, euskararen eragile eta euskalgintzan erreferente. Juan Frantzisko “Xenpelar” zuen osaba. Honen aldean, Joxepa Antoniren ekarpenari lotutako transmisioa oso eskasa izan da.
Horregatik, tradizioaren transmisioa eta transgresioa bilatu nahi izan ziren lehen saio haren bidez, bertsotan jarriz Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus, ‘Balkoitik balkoira’ izendatu zen saioan. Izan ere, horrelaxe aritu ziren, Joxepa Antoni Aranberri anitzeneako balkoitik Xenpelar etxeko balkoira. Iraganaz eta aktualitateaz, umoretik eta esker-onetik aritu ziren biak ala biak.
Irailean, Atlantikaldiaren egitarauan txertatu zen “Bertso saio interkulturala”. Itsasoa eta kultur aniztasuna elkar josten dituen festan, ohiko bertso saioen kodeak jarraituta eta euskal inprobisatzaileekin batera, Galizako Regueifeirak eta Glosadore katalanak aritu ziren, elkarrizketan. Bertha Llos, Esther Santos, Ferriol Mafip eta Marcel Marimon. Sara Marchena eta Nuria Penas. Iker Goñi eta Haritz Casabal. Hiru kultur-adierazpide. Hiru hizkuntza gutxitu elkar-eraginean, tarteko itzulpenik gabe. Ariketa xumea proposatu zitzaion entzuleari; hizkuntzaren ulermenetik harago, beste komunikazio elementu batzuetan topatzeko heldulekua; gorputz adierazpenean, ahots tonuan, emozioan, musikan edota giro orokorrean. Saiatzeko gorpuzten kultur arteko bizikidetzak eskatzen duen erabat ulertzen ez diren egoeratara egokitzeko zera-hori, elkar-ulertzeko nahi hori. Itsasoa, migrazio-prozesuak, hizkuntza gutxituen arteko komunikazio-ekintzak, estereotipoak… izan ziren mintzagai.
Laburbilduz, gizarte anitz eta globalean hizkuntza eta komunitate gutxituen arteko bizikidetzan, aliantzen bilaketan eta hizkuntza amankomuna izan daitekeen musikan eta dantzan jarri nahi izan zen begirada.
Azaro amaieran eman zitzaion zikloari itxiera, Euskal Herri luze-zabaleko bertsolari gazteak aritu ziren etorkizunaz eta etorkizunari kantatu nahi izan zion saioa. Emaitz Murua (Errenteria), Aissa Intxausti (Bizkaia), Xabat Illarregi (Nafarroa) eta Aroa Arrizubieta (Araba) aritu ziren bertatik bertara, Haritz Casabalek proposatutako gaien gainean: etxebizitzaz, km 0 erosketez, etorkizuneko euren ikuspegiaz… aritu ziren, baita usainak asmatzera jolastu.
Saio emankor zein dibertigarria izan zen, zeinetan ariketa desberdinetan eta tresna digitalak baliatuz bertaratutako publikoak ere izan zuen gaietan eragiteko aukera.
Publiko orokorrari zuzendutako eta Anitzeneako eragileek elkarlanean antolatutako lehen ekimena izan da hau. Lanean segitzen dugu urte berriarekin batera horrelako gehiago etorriko daitezen.