Errenteria laborategi lan-ildoaren baitan, Badalabek bere ekarpena egin nahi du Atlantikaldia jaialdian, herrian eragile eta pertsona ezberdinen arteko sareak sortzen. Horretarako, Los Voluble musika taldearen kontzertu bat eskainiko dugu eta herritarrak musika taldearen bereizgarri diren ikus-entzunezkoen sorrera prozesuaren parte izan daitezen nahi dugu!
Gauzak honela, MUGAK eta identiTARTEAK sormen tailer gidatuak eskainiko ditugu nahi duten herritarrek beraien ekarpenak egin ditzaten. 3 sormen saio izango dira, eta bi gai nagusiren baitan arituko gara: mugak eta identitateak. Zeintzuk dira zeharkatzen gaituzten mugak? Fisikoak al dira, geografikoak? Sinbolikoak, ikusezinak? Nola eragiten dute gure identitateetan?
Hainbat ariketa artistikoren bitartez, irudimena askatu eta hausnarketa kolektiboa egingo dugu; Errenteriako aniztasunaren erakusleihoa izan nahi duen komunitatean geure ikuspuntuak elkarbanatuz.
Nori zuzendua: Errenteriako herriarekin nolabaiteko harremana duen eta identitateen eta mugen inguruan hausnartzeko, baina batez ere ongi pasatzeko gogoa duen edonori. Umeek ere parte har dezakete.
Zientzia Fikzioa, usadio zaharrak eta hitz sormena
Zientzia Fikziozko «Scavengers Reign» (HBO) animaziozko telesaila estreinatuko da lehendabizikoz Europan eta estreinaldi hori euskaraz izango da, Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiaren eskutik. Kutxa Fundazioaren Hitzetatik Ekintzetara egitasmoarekin elkarlanean, Etorkizuneko naturaren izendegia ekintza antolatu dugu maiatzaren 21ean, arratsaldeko 17:30ean, Donostiako Aquariumean. Emanaldi berezian, «Scavengers Reign» telesailaren sortzaileetako batek, Jon Juarez artistak, parte hartuko du. Berarekin batera, Katixa Agirre idazleak ere zientzia fikzioaren sormen prozesuaz eta generoak hizkuntzarekin duen harremanaz arituko da.
Scavengers Reign animaziozko telesail laudatua lehenengo aldiz proiektatuko da Europan, Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategia eta Kutxa Fundazioaren eskutik
Jarduna amaitzeko, Jon Juarezek berariaz sortutako maparekin izendegia sortuko dute bertaratutakoek. Mapak bilduko ditu etorkizuneko geografiak eta elementu naturalak, hala nola, mendiak, ibaiak, landareak edota animaliak. Irudimena erabiliz, euskarazko hitz zaharrak berreskuratu eta berriak sortuko dira euskarari ekarpena egingo dion ekintza kolektiboan.
Euskal usadio zaharrek, tarotak, naturak eta ludikotasunak, zer diote etorkizunaz?
Natura eta etorkizuna bitasunari jarraiki, bestelako zita proposatzen du Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiak, egun batzuk aurretik, maiatzaren 17an, egun osoko jardunaldian. Larunbatarekin bat bilduko dira Aitzpea Leizaiola Antropologian doktorea, Garazi Arano astrologoa eta Xabier Landabidea Euskal Gaien Institutuko ikerlari eta irakaslea. Iragana, oraina eta etorkizuna ardatz, denboraren hiru parametroei so egingo diete parte-hartzaileek.
Euskal Herrian, uzta ondo joateko, goseterik ez pairatzeko, osasuna bermatzeko, edota haurrak ekartzeko zein horiek bizirauteko, adibidez, jarraitu izan dira erritualak. Guztiak dira etorkizuna ezagutzeko, edota etorkizuna kontrolagarria dela antzemateko ohiturak eta usadio zaharrak. Gaur egun ere badira xede bertsuko metodologia zientifikoak eta ez zientifikoak. Laborategi izaera duen jardunaldi honetan, ohitura anzestralak eta modernoak ezagutuko dira etorkizuna irudikatzeko.
Horiekin batera, ludikotasuna ere esploratuko da jardunaldiaren bigarren zatian. Kutxaz kanpo mahai, karta eta rol jokoen bidez pentsamendu eta hausnarketa bide berriak sustatzeko marko ludiko eta esperientziala da. Etorkisuneku 01 erakusketaren markoan, eta “Itzultzeko eskubidea” fabula abiapuntu, sormena baliatuko dugu zientzia fikziozko narrazio kolektibo bat sortzeko.
Nolakoa izango da etorkizuneko euskal gizartea?
Nola erabil daiteke jolasa sormen prozesuak aberasteko?
Hizkuntzari eta komunitateari lotutako iruditeria eta diskurtsoak berritzeko proposamen bat osatzen aritu ginen Badalaben, UEU eta TEKSekin batera antolatutako jardunaldian. «Etorkisuneku 01. Hizkuntzari eta komunitateari lotutako iruditeria eta diskurtsoak berritzeko proposamen bat» izena jarri genion eta aritu ginen utopiez, zientzia fikzioaz, plausibilitateaz, euskararen etorkizunez…
Jardunaldi hori Etorkisuneku 01 erakusketaren baitan antolatu dugun programa publikoaren barruan kokatzen da. Hizkuntzari eta hiztun komunitate minorizatu bati lotutako diskurtsoetan ekarpena egin nahi dugu eta jardunaldi honekin helburua izan da zientzia fikzioaz pentsatzea, fantasiaz, errealismo magikoaz… Eta, sorkuntzaren bitartez, tresna gisa erabiltzea errelato berriak sortzeko, euskaratik eta euskaraz.
Bideo honetan jaso dugu jardunaldiak eman zuenaren laburpen bat.
Abiadura handiko aro globalizatuan etengabe ari gara eduki digitala kontsumitzen. Eszenario horretan, web diseinua eta sormena uztartuta bestelako Internet bat irudikatu eta eraikitzen hasteko lantegia proposatu nahi du Badalabek Etorkisuneku 01 programa publikoaren baitan; HTML Poesia Lantegia.
Apirilaren 12an, larunbatarekin, goizeko 9:00etatik arratsaldeko 19:00ak bitartean, Badalaben egoitzan egingo den lantegiak euskarazko sormen digitala sustatu nahi du eta, modu horretan, kontsumitzaile digitalak izatetik, sortzaile digitalak izateko tresnak eskaini nahi ditu.
Lantegiak Hackatoiaren formula erabiliko du eta helburua euskarazko web orri poetikoak eraikitzen ikastea izango da. Programazio jakintza mailaren araberako taldeak osatuko dira, horregatik, ez da beharrezkoa izango web orriak egiten jakitea edota programazio lengoaien inguruko jakintza zabala izatea ere. Martxan jartzeko, dagoeneko existitzen diren web poetikoen adibideak ezagutuko ditugu. Esate baterako, webguneak diseinatzeko HTML, CSS eta Javascript tresna erraz eta sinpleek nola funtzionatzen duten ezagutuko dugu. Horren ondoren, parte-hartzaile bakoitzak, irakasleen laguntzarekin, ikusitako gaiak praktikan jarri ahalko ditu proposatuko diren ariketen bidez web orri poetiko propioa sortzeko. Prozesua gidatua izango da eta sorkuntza zein ikasketa kolektiboan ardaztuko da.
Beraz, literatura eta sormen digitala atsegin badituzu, zuretzat egina da HTML lantegia. Parte hartzeko ordenagailua ekarri behar da. Nahi izanez gero, gai poetikoak eta ideia estetikoak ere ekar daitezke. Baina, ideia zehatzik izan ezean, lasai, beharrezkoak izango diren baliabideak Badalabek eskainiko ditu-eta, hala nola, webgune ereduak, plantillak edota euskarazko literatura eta poesiaren corpusak.
Data: Apirilaren 12a, larunbata. Lekua: Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiaren egoitza, Errenteria. Ordutegia: 9:00 -19:00.
,.-~´¨¯¨*·~-.¸-(_EGITARAUA_)-,.-~*´¨¯¨·~-.¸ 9:00 – 9:15 Harrera 9:15 – 10:45 html poesiari sarrera 10:45 – 11:15 Atsedenaldia 11:15 – 12:30 Html / CSS/ Javascript tresnei sarrera 12:30 – 14:00 Webguneen aurrelanketa egiteko ariketak 14:00 – 15:00 Bazkaria 15:00 – 18:15 Web orrien garapena irakasleen laguntzarekin. 18:15 – 19:00 Landutako web orrien aurkezpena eta aurrera begirako gakoak
,.-~´¨¯¨*·~-.¸-(_Nola har dezaket parte?_)-,.-~*´¨¯¨·~-.¸
Html, CSS edota Javascript ezagutza izatea ez da beharrezkoa izango. Ezagutza mailaren araberako taldeak egingo dira.
Euskarazko edukien tresna kutxa bat sortu dugu hainbat euskal corpus elkartuta ideiarik gabe geratu ez geratzeko.
Ordenagailua ekarri behar da.
Ikasteko gogoa ekartzearekin aski da: gai poetikoak ekar daitezke, baita ideia estetikoak ere. Baina horrelakorik ez baduzu ekartzen, lantegian corpus poetikoak partekatuko dira, baita ideiak eta eredu estetikoak ere.
,.-~´¨¯¨*·~-.¸-(_Norentzat da ikastaroa?_)-,.-~*´¨¯¨·~-.¸
Irakasleentzat.
Poesian eta literaturan oro har interesa dutenentzat.
Argitaratu da Badalaben jarduna gidatuko duen lemari ekarpena egingo dioten eta bere programa publikoa zabaldu eta aberastuko duten sormen eta mediazio bekak emateko 2025 urteko deialdia.
Deialdi honek, zehazki, “Transmisioa, Transizioa, Transgresioa. Irtenbidea kolektiboa da” lemari ekarpena egin nahi dioten disziplina anitzeko egitasmo esperimentalak laguntzeko helburua du.
Hautatuko diren ekimenei aurreikusten zaie 2073 urtean euskaratik eta euskaraz bizitzeko hautua egingo duen komunitatea egon dadin, oraina arrakalatzeko potentziala. Ohiko moldeetatik irteten diren proposamenak bilatzen ditugu, aldi berean, Badalaben programa publikoa aberastuko dutenak.
Hiru beka independiente dira, bakoitzak 10.000€ jasoko dituelarik.
Proposamenak bidaltzeko epea zabalik egongo da maiatzaren 9a bitarte.
Posible al da 120 ordutan euskara ulertzeko gai izatea?
Erantzuna baiezkoa da. Bai, posible da, Badalaben 2023ko urritik hona martxan jarri dugun metodologia berri bati esker. Uler Saioen bitartez, Errenteria euskarara gerturatzeko metodologia berrien probaleku izan da. Eragile ezberdinen arteko lankidetzari esker, hala nola, Badalab, Soziolinguistika Klusterra, Koldo Kide guraso elkartea, Orereta Ikastola, Sos Arrazakeria, Familia Laguna programa eta Errenteriako Udala, proiektu berritzaile honek zenbait herrikide euskarara gerturatzeko modu berrietan trebatu ditu.
Zehazki 13 herritarrek euskarara gerturatzeko modu berriak garatu dituzte lehenengo promozioan eta orain, beste 15 pertsona ere trebakuntza hori jasotzen ari dira dagoeneko herriko Udal Euskaltegiaren eskutik.
Uler Saioek euskarara gerturatzeko beste modu bat eskaintzen dute, malguagoa, eta erdigunean euskararen ulermen gaitasuna trebatzea kokatzen duena. Horrela, denbora gutxian, 120 ordutan, euskara ulertzeko tresnak eskuratu ditzakete herritarrek, zeinak herri bizitzan parte hartzeko leiho eta aukera berriak zabaltzen dizkien, besteak beste.
Probaldi honetatik ateratako ondorioak hizkuntza-ohituren aldaketa-prozesuak aztergai dituen Soziolinguistika Klusterraren Aldahitz ikerketarako baliatu dituzte.
Parte-hartzaileen profilak
Proba pilotu honetan eta bigarren promozioan guztira 28 pertsonek hartu dute parte. Aipagarria da 28 horietatik 25 emakumezkoak izan direla. Horrez gain, parte-hartzaileen % 64 Euskal Herritik kanpo jaiotako pertsonak izan dira eta % 82ren ama hizkuntza gaztelania da. Guztira 57 pertsonek adierazi dute parte hartzeko interesa, eta horietako askok hiru bloketakoren batean ere parte hartu dute.
Tresna iraunkorrak sortzeko beharra
Proba honek utzitako ondorioak eta irakaspenak kontuan hartuta, Errenteriako Udalak eskaintza hau iraunkor bihurtzeko pausoa eman du. Horretarako Udal Euskaltegian eskaintza hau txertatzeko lanean ari dira dagoeneko eta Uler Saioen bigarren promozioa bertan ari da garatzen. Errenterian euskara hedatzeko neurri estrategikoa izan daitekeela uste du Udalak. Horrela, bide honetan egin bezala eragileak, herritarrak eta erakundeak elkarlanean jarduteko premia nabarmendu dute.
Ulersaioetatik ulerrizketetara
Orain, proban parte hartu duten pertsonek euskararen ulermen maila trebatzen jarraitzeko helburuarekin, Ulerrizketak jarriko ditugu martxan Badalabetik. Uler Saioetan parte hartu duen pertsona bakoitzak bere egunerokoan euskararekin harremanetan jarrai dezan, konfiantzazko pertsona batekin lotzea da helburua. Egunerokotasunean euskaraz arituko zaiona eta horretarako euskara ulerterrezagoa erabiliko duena edota ohiko elkarrizketetan baino lasaiago hitz egingo diona. Mintzatzaileak trebatzeko formakuntza bat ere prestatzen ari gara dagoeneko.
Eskertza
Egin duten ibilbidea aitortu eta eskertza moduan, ekitaldia egin genuen Badalabeko egoitzan eta parte-hartzaile bakoitzak bere diploma jaso zuen.
Hemen aurkituko duzu albistea agerkari digital ezberdinetan jasota:
Datorren martxoaren 14an Badalabera etortzera gonbidatu nahi zaitugu. UEU eta TEKSekin batera eta Etorkisuneku 01 prototipoen instalakuntza erdigunean jarrita, utopiez edo zientzia fikzioaz ariko gara, teorian eta praktikan. Matrikulazioa eta informazio guztia hemen topatuko dituzu. Eman izena!
Etorkisuneku 01. Hizkuntzari eta komunitateari lotutako iruditeria eta diskurtsoak berritzeko proposamen bat.
Zergatik eta zertarako euskara? Zergatik bizi nahi dugu euskaraz, hizkuntza hegemoniko batean errazago uler bagintezke? Euskara altxorra? Euskara hizkuntza zaharra da? Euskara hizkuntza klasista eta baztertzailea da? Hauek egunero topatzen ditugun galderetako batzuk besterik ez dira.
Etorkisuneku 01 ekimenaren bidez ekarpena egin nahi diogu hizkuntzarekin eta hiztun komunitatearekin lotutako diskurtsoen eta narratiben berreraikuntzari, deseraikuntzari, berritzeari.
Horretarako, abian da Etorkisuneku 01 instalakuntza. Prototipoen museo bat da, erdigunean jartzen dituena artefaktu material desberdinak. Honi lotutako programa publikoak balio behar du bestelako iruditeri bat probokatzeko, diskurtsoak elikatzeko, elkarrizketa kolektibo bat sustatzeko. Proposatzen den jardunaldi honek balio digu horri guztiari markoa jartzeko. Arituko gara utopiez, zientzia fikzioaz, plausibilitateaz. Eszenatoki desberdinak bisitatuko ditugu, eta jolastuko dugu, eta aztarna utziko.
Eguneko egitaraua honakoa izango da:
08:45 – 09:00 Harrera eta dokumentazio banaketa
09:00 – 09:15Ongietorria eta jardunaldiaren aurkezpena.
Goiatz Oiartzabal Lakarra. Badalab.
Xabier Landabidea Urresti. UEU.
9:15 – 11:15 Zer nolako ekarpena egin dezake zientzia fikzioak iruditeri berria eraikitzeko bidean eta utopia kolektiboaren eraikitze gaitasunean?
9:15 – 10:15 Alba Garmendia – «Euskal» utopia, apalategi bat ez, liburutegi osoa da
11:45 – 12:30 Etorkizunetako teoria praktikatik. Irudimenaren krisia bizi dugu? Edota auzia beste toki batean dago? Nahikoa da irudikatzen hutsarekin?
Elisabeth Roselló – Ane Abarrategi
12:30 – 14:00 Zientzia fikzioaren egoera Euskal Herrian disziplina desberdinen perspektibatik.
12:30 – 13:15 Literaturaren ikuspegitik. Beste garai batzuekin alderatuta, euskal literatura garaikidean zientzia fikziozko errelato eta narratibak gailentzen ari diren honetan, generoak hizkuntzari egin dakiokeen ekarpenaz hausnarketa lau sortzaileekin.
13:15 – 14:00 Sorkuntza digitalaren ikuspegitik. Baliabide digital eta teknologikoak unibertso zein iruditeri berrien sorrerarako tresna izan daitezke. Disziplina desberdinetako erreferenteekin unibertso berrien sorrerak euskal iruditeriari eta hizkuntzari egin dakiokeen ekarpenaz hausnarketa.
Ulu Media – Holobiontea + Artxipielagoa.
Ines Osinaga – AppaMaurizia.
Mikel Unamuno- Gaztea
14:00 – 15:00 Bazkaltzeko tartea.
15:00 – 17:00 Plau(y)sible. Partida bat?
Mahai gainean topatuko duguna da jolas bat (objektu fisikoa), prototipo bat! Beste inork baino lehen probatu ahal izango duguna. Zergatik?
Ofizial kontsidera ditzakegun etorkizuneko kontakizunetatik at irten nahi dugulako, mundua nolakoa izango den ulertzeko dugun modua eta sinesmenak birplanteatu nahi ditugulako.
Ideia eta pentsamolde inspiratzaileak eta konspiratzaileak eskuratu nahi ditugulako, hizkuntzari eta komunitateari lotutako kontakizunak elikatuko dituztenak.
Galdera berriak probokatu nahi ditugulako
Praxi kolektiboan bestelako balio eta mundua ikuskera batzuk txertatu nahi dugulako
Etorkizunak pentsatzeko euskaratik, eta euskaraz sortutako tresna bat da bertatik bertara probatzeko aukera izango duguna, egunean zehar jasotako ideia eta elementu desberdinak baliaturik, euskararen agertoki desberdinetan barneratzeko aukera ederra.
Etorkizuneko eszenatokietan eragiteko bokazioa du Badalabek eta edonork, edonorekin eta edonoiz euskaraz eroso egingo duen, eta euskara gizarte kohesionatuago bat lortzeko bide izango den Gipuzkoa arigune egitasmoan murgilduta gabiltza lankidetzan, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Taupa euskaltzaleen mugimenduarekin, eta Soziolinguistika Klusterrarekin batera.
Proiektu honekin, irudikatzen dugu, besteak beste, gipuzkoar gehien-gehienak euskara ulertzeko gai izango direla, eta jendartean euskal hiztunek euskaraz egitearen aldeko kultura eta adostasuna nagusituko direla.
Datuen arabera, euskara ulertzeko gai da 16 urtetik gorako hamar gipuzkoarretik zazpi. Gazteen artean dago zabalduen euskararen ezagutza: 24 urtetik beherakoen artean ulermena praktikoki unibertsala da, beraz, orain arteko joera mantentzen bada, eta bertara bizitzera etorriko direnei ere ikasteko bitartekoak bermatzen badizkiegu, 2050ean, 50 urtetik beherako gipuzkoar gehien-gehienak euskara ulertzeko gai izango dira. Baikortasunez begiratzeko eszenatokia da.
Egitasmo honen bidez, hiztun bakoitza, norbere gaitasunetik abiatuta, urrats bat egitera animatu nahi dugu: euskara gutxienez ulertzera iristeko beharra eta gogoa sorrarazi nahi dugu oraingoz ulertzen ez duten horiengan, eta horretarako aukera berriak eskaini; eta ulermena oinarri gisa hartuz, jarrera eta praktika linguistiko berriak aktibarazi nahi ditugu.
Momentuz, Aian, Antzuolan eta Añorgan abiatu ditugu proba pilotuak. Azpimarratzekoa da egitasmoa antolatuko duen foroa askotarikoa izateko ahalegin berezi bat egiten dela: Udala, udalbatzarra osatzen duten alderdi politikoak, euskalgintza eta herritarrak ordezkatzen dituen talde txiki bat biltzen da eta, mapeo bat egin ondoren, jendea aurkezpenera banan-banan gonbidatzeko ardura hartzen du. Gertuko harremanei garrantzia handia ematen zaie, orain arte euskararen aldeko ekimenetan ibili izan ez den jendearengana ere iritsi ahal izateko.
Ondoren, tokian tokiko komunitateak berak aztertzen eta adosten du eraldaketa bultzatzeko non eta nola eragin behar den. Udalerriko erronka eta aukerei erreparatzen zaie, bai euskararen ezagutza eta erabilerari dagokienez, baita hizkuntzatik haragoko bestelako aldagaiei begira ere.
Behin azterketa komunitarioa eginda, dinamika gune antolatuetan abiatzen da, alegia, herri edo auzoko talde eta elkarteetan. Hizkuntzen gaia mahai-gaineratu, eta euskararen erabileran aurrerapausoak emateko modua adosten da, betiere, kide guztien ulermena bermatzeko bitartekoak jarriz.
Gune antolatutako lanketaren ondoren zabaltzen da dinamika herrira, eta azterketa komunitarioan identifikatutako beharrei erantzuteko ekintza plan bat adostu eta garatzen da. Ulermena eta erabilera jartzen dira jomugan, hiztunen prestakuntza eta ahalduntzeari begirako tresnen bidez edota hizkuntza ohiturak aldatzera bideratutako dinamiken eskutik. Esan bezala, Aldahitz metodologiak oinarri garrantzitsu bat izango dira, baina mota askotako tresna eta dinamikak izan litezke; kasu askotan, dagoeneko abian direnak. Adibidez, herri batean dagoeneko egiten den zerbait beste herri batera eraman liteke.
Eta azkenik, dispositiboak antolatzen dira jendearen pasabide naturaletan, alegia, ahalik eta herritar gehien ibiliko den egitura publiko eta sozialetan. Horrela, abian jarritako tresna eta dinamikak sistematizatzeko eta iraunkortzeko modua bilatzen da. Gure hipotesia da, horrela lor litekeela egitasmoa denboran zehar ahalik eta modu autonomoenean mantentzea eta jende gehiagorengana iristea.
Etorkisuneku 01, euskararen agertoki berriak proposatzen dituen erakusketa
Etorkisuneku 01 erakusketak etorkizuneko euskararen agertoki berriak irudikatu eta horien inguruan hausnartu ahal izateko hiru artelan eta soinu-instalakuntza bat biltzen ditu.
Nora Goyalde, Iraitz Mateo eta Naiara de la Puente artista parte-hartzaileek iaz jaso zuten Etorkisuneku sormen bekarekin sortutako lanen erakusketa da. Dirulaguntzaren helburua zen euskaratik eta euskaraz biziko den hiztun komunitate sortzaile, berdinzale eta justua elikatzeko, gaurtik proposamenak gauzatzen hastea.
Erakusketa otsailetik ekainera bitarteko programa publiko batekin osatuko da. Jardunaldiak, Laborategiak eta deialdiak bilduko ditu, etorkizuneko agertoki osagarriak elikatzen jarraitzeko.
Etorkisuneku 01 erakusketa urtarrilaren 30etik ekainaren 15a arte irekiko da. Bisitatu ahal izateko, eta bisita gidatuetan parte hartzeko, hitzordua lotu beharko da.
Argazkiak: Badass
Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategian Etorkisuneku 01 izeneko erakusketa ireki dugu. Etorkisuneku 01 erakusketak etorkizuneko euskararen agertoki berriak irudikatzeko artelanak biltzen ditu. Hizkuntzaren iruditegi kolektiboa berritzen lagundu nahi duten hiru artelan eta soinu-instalazio baten bidez, etorkizuneko euskaradun gizartearen iruditeria aberasteko bokazioa du erakusketak. Sormen piezak prototipo gisa funtzionatzeko sortu dira, hau da, eszenario berriak proposatu eta horien inguruko eztabaida elikatu nahi dute.
Etorkisuneku 01 erakusketa urtarrilan 30etik ekainaren 15a bitarte bisitatu ahalko da, aldez aurretik hitzordua hartuta.
Etorkisuneku sormen bekatik sortutako lanak
Nora Goyalde, Iraitz Mateo eta Naiara de la Puente dira Etorkisuneku 01 erakusketan parte hartu duten sortzaileak eta Etorkisuneku sormen bekaren irabazleak. Nerea Arrien idazlearen “Itzultzeko eskubidea” fabulatik abiatuta, artista parte-hartzaileek metodologia espekulatiboak erabili dituzte eztabaidaren abiapuntu izan daitezkeen sormen prototipoak proposatzeko.
Hiru artelan, performance bat eta soinu-instalazioa
Nerea Arrienen “Itzultzeko eskubidea” fabulak krisi klimatikoak eraginda egungo ur mailatik gora irudikatzen du etorkizuna. Aintzane Gamiz, Marga Altolagirre, Mikele Arizkorreta eta Arkaitz Gartziandia aktoreen laguntzarekin soinu-instalazio gisa egokitu da erakusketarako, Haimar Olaskoaga teknikariaren gidaritzapean. Fabulan, Obabel izeneko hiri bertikalean, euskara mainstream bihurtu da, gailu teknologikoek emozioak murriztu dituzte, eta gazteek hizkuntzak kontrolpean dituzten behin-behineko itzultzaileen kontrako errebolta hasi dute, etorkizun heze, teknokratiko eta itogarriaren erdigunean.
Bide horretatik, Nora Goyalderen“Isiltasun eskubidea” artelanak, hizkuntzaren etorkizuna irudikatzeko, ingurune zalapartatsuan kokatzea proposatzen du. Zarata ardatz, isiltasunaren etorkizun larriari begiratzen dio soinu, eskultura eta interaktibitatearen bitartez. Gizakiek sortzen dituzten soinu-hotsak, musikak eta zaratak aztertzen ditu gorputzarekin duten harremanari so eginda.
Naiara de la Puente eta José Miguel Baenaren “Euskaldun elektronikoekin amets egiten duen akordeoiak” performanceak eta haren arrastoarekin sortutako instalazioak euskararen etorkizunari buruz hausnartzeko musika, dramaturgia eta inprobisazioa erabiltzen ditu. Kultura eta arteak iruditegiak elikatu, aberastu, zabaldu eta hedatzeko duten gaitasunarekin esperimentatu dute, prozesuan sortutako musika idatzien edota aztarna artistikoen bidez galderak eta kezkak islatu ahal izateko.
Iraitz Mateok 2051. urtean kokatutako “Kapsulak” artelanean etorkizuneko egunerokotasunean hizkuntzak izan ditzakeen erabilera anitz posibleak hausnartu ditu. Horretarako, ikuspegi zabal edo makroaren ordez, ohiko eta errutinazko ekintza xumeetan hizkuntza erabilera prototipoak irudikatu ditu.
Etorkisuneku 01: Programa Publikoa Etorkisuneku 01 erakusketaren markoan ekintzen programa publikoa abiatuko du Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiak. Helburua izango da, zientzia fikzioa ardatz eta erakusketa osatzen duten prototipoen laguntzarekin, euskararen agertoki berrien inguruan hausnartzea; iraganaz, orainaz eta etorkizunaz.
Zer nolako ekarpena egin dezake zientzia fikzioak iruditegi berria elikatzeko bidean eta utopia kolektiboaren eraikitze gaitasunean? Nahikoa al da irudikatzearekin? Galderaz hausnartu nahi duen jardunaldia egingo da martxoan, hitzaldi eta tailer formatuetan. Horrekin batera, denboraren ardatza oinarrian izango duten laborategiek osatuko dituzte bestelako proposamenetako batzuk. Zein dira etorkizuna “iragartzeko” euskal metodologia anzestralak? Galderaren bueltan laborategia jarriko da martxan, eta itzulpenarekin esperimentatzeko aukera ireki nahi du laborategiak ere. Bisita gidatuak egongo dira komisariotza eta artista taldearen eskutik. Erakusketa bisitatu zein bisitetan parte hartzeko izen-ematea laster irekiko da.
Proposamenak, orokorrean, publiko orokorrari zuzenduak izango dira, eta zehaztasunak webgune honetan argitaratuko ditugu. Era berean, Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiak, haren esperimentazio izaerari jarraiki, gonbidapena luzatu nahi du programaren baitan txerta daitezkeen proposamenak egiteko; helburu argi batekin, kolektiboan eraikitzea euskarari eta hizkuntza komunitateari lotutako kontakizunak, sinesmenak edota diskurtsoak elikatzeko bidea.
TRANSmisioa, TRANSizioa, TRANSgresioa. Irtenbidea kolektiboa da
2024 urtea emankorra izan da Badalab hizkuntza berrikuntza laborategiarentzat. Ekimen ugari abiatu ditugu aliatu askotarikoekin elkarlanean. Komunikazioari, euskarara gerturatzeko metodoei, komunitategintzari, herrigintzari, sorkuntzari… lotutakoak izan dira, besteak beste, eta horiek eta haietatik eratorritako ikasketak izango dira abiapuntuko osagaiak abiatu berri dugun 2025 urterako.
“TRANSmisioa, TRANSsizioa, TRANSgresioa. Irtenbidea KOLEKTIBOA da” Horixe 2025 urteko jarduna gidatuko duen lema.
TRANSmisioa. Batetik, nora goazen irudikatzeko, nondik gatozen eta non gauden kolektiboki eraikitzeko eta kontatzeko ekintzari dagokiona. Bestetik, sare kolektiboetan nodo desberdinen arteko energia fluxuari edota harremanari dagokiona.
TRANSizioa. Hor gaudelako. Ez han ez hemen. Zaharraren amiltzean, berria jaio nahian. Hizkuntza ohituren aldaketak edota hizkuntza ikasketa prozesuak horixe direlako, prozesuak, eta horiei begiratuko diegulako, horietan eragin nahi dugulako. Komunitate askotarikoen eraikuntza denborak ere horixe direlako, bideak.
TRANSgresioa. Laborategiaren izaerari, desbideraketari eta irudimenari estuki lotuta. Ohiko bideetatik irteteko edota ohiko egiteko moduak arrakalatzeko sortu zelako Badalab.
Irtenbidea KOLEKTIBOA da. Guztiaren oinarrian kolektibotasuna, ez-ohiko lankidetzak eta komunitategintza ditugulako.
Gure 2025eko jarduna, beraz, ardatz horietan mugituko da.
Etorkisuneku 01. Hizkuntzari eta hiztun komunitateari lotutako kontakizunak, diskurtsoak berritzeko eta ez-baian jartzeko beharrari ekarpena egin nahi dion instalakuntza batekin abiatuko dugu urtea. Etorkizuneko euskararen agertoki berriak iradoki nahi dituzten prototipo artistikoak bilduko ditugu bertan, lagungarri direlakoan oraina arrakalatzeko, egiteko, egoteko eta gure burua kontatzeko moduak eraldatzeko. Instalakuntza bera programa publiko zabal batek osatuko du.
Errenteria laborategiak herri mailako euskararen ekosistema artikulatzeko ekarpena egiten jarraitu nahi du. Nola hurbildu euskara, gaur eta hemen, herrian, hizkuntzatik urrunago dauden gorputz haietara? Nola egin euskarak balio dezan bizikidetzan urrats esanguratsua emateko tresna gisa? Hizkuntza eta komunitategintza ditugu jopuntuan.
Eta nahi ditugun komunitateak sortzeko eta elikatzeko, sareetan gure espazio propioak sortzeko, iaz abiatutako Komunikazio libreago baterantz trantsizioan jarraituko dugu, urrats berriak emanez.
Herrigintza, aktibismoa, militantziak 02 izango da gure beste ardatzetako bat, 2024 urtean abiatutako bidean jasotako ekarpenei jarraipen zuzena emanez. Zer nolako herrigintza, militantzia edota aktibismoa behar dugu, egun, euskarak eta euskal hiztun komunitateak aurrera egin dezan?
Ludikotasunean sakontzen ere segi nahi dugu Kutxaz Kanpo ekimenarekin, hizkuntza ohituren aldaketa laguntzeko, hizkuntza kontzientzia pizteko eta enpatia lantzeko jolasak erabiliz.
Oraindik konta ezin daitezkeenak ere baditugu burutan… eta eskuartean. Joango gatzaizue kontatzen!