Dibertsitate linguistiko eta sozialaren topagune

Joxepa Antoni Aranberri, Anitzenea eraikinak dibertsitate linguistiko eta sozialaren topagune izaera hartu nahi du, euskaratik ekarpena eginez herritarren arteko bizikidetzan.

Bertako bizilagunak dira Xenpelar Bertso Eskola, Lau Haizetara Euskaldunon Topagunea, SOS Arrazakeria eta Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategia.

2024 urtean zehar herri kulturak eta hizkuntza aniztasuna ardatz harturik ziklo musikatua antolatu dute elkarlanean eta zikloak hiru geltoki izan ditu.

Uztailean abiatu zuen bidea, Joxepa Antoni Aranberri inspirazio harturik. Joxepa Antoni bertsolaria izan zen, euskararen eragile eta euskalgintzan erreferente. Juan Frantzisko “Xenpelar” zuen osaba. Honen aldean, Joxepa Antoniren ekarpenari lotutako transmisioa oso eskasa izan da.

Horregatik, tradizioaren transmisioa eta transgresioa bilatu nahi izan ziren lehen saio haren bidez, bertsotan jarriz Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus, ‘Balkoitik balkoira’ izendatu zen saioan. Izan ere, horrelaxe aritu ziren, Joxepa Antoni Aranberri anitzeneako balkoitik Xenpelar etxeko balkoira. Iraganaz eta aktualitateaz, umoretik eta esker-onetik aritu ziren biak ala biak.

Irailean, Atlantikaldiaren egitarauan txertatu zen “Bertso saio interkulturala”. Itsasoa eta kultur aniztasuna elkar josten dituen festan, ohiko bertso saioen kodeak jarraituta eta euskal inprobisatzaileekin batera, Galizako Regueifeirak eta  Glosadore katalanak aritu ziren, elkarrizketan. Bertha Llos, Esther Santos, Ferriol Mafip eta Marcel Marimon. Sara Marchena eta Nuria Penas. Iker Goñi eta Haritz Casabal. Hiru kultur-adierazpide. Hiru hizkuntza gutxitu elkar-eraginean, tarteko itzulpenik gabe. Ariketa xumea proposatu zitzaion entzuleari; hizkuntzaren ulermenetik harago, beste komunikazio elementu batzuetan topatzeko heldulekua; gorputz adierazpenean, ahots tonuan, emozioan, musikan edota giro orokorrean. Saiatzeko gorpuzten kultur arteko bizikidetzak eskatzen duen erabat ulertzen ez diren egoeratara egokitzeko zera-hori, elkar-ulertzeko nahi hori. Itsasoa, migrazio-prozesuak, hizkuntza gutxituen arteko komunikazio-ekintzak, estereotipoak… izan ziren mintzagai.

Laburbilduz,  gizarte anitz eta globalean hizkuntza eta komunitate gutxituen arteko bizikidetzan, aliantzen bilaketan eta hizkuntza amankomuna izan daitekeen musikan eta dantzan jarri nahi izan zen begirada.

Azaro amaieran eman zitzaion zikloari itxiera, Euskal Herri luze-zabaleko bertsolari gazteak aritu ziren etorkizunaz eta etorkizunari kantatu nahi izan zion saioa. Emaitz Murua (Errenteria), Aissa Intxausti (Bizkaia), Xabat Illarregi (Nafarroa) eta Aroa Arrizubieta (Araba) aritu ziren bertatik bertara, Haritz Casabalek proposatutako gaien gainean: etxebizitzaz, km 0 erosketez, etorkizuneko euren ikuspegiaz… aritu ziren, baita usainak asmatzera jolastu.

Saio emankor zein dibertigarria izan zen, zeinetan ariketa desberdinetan eta tresna digitalak baliatuz bertaratutako publikoak ere izan zuen gaietan eragiteko aukera.

Publiko orokorrari zuzendutako eta Anitzeneako eragileek elkarlanean antolatutako lehen ekimena izan da hau. Lanean segitzen dugu urte berriarekin batera horrelako gehiago etorriko daitezen.

M. Wark: « Hizkuntzarekin jolasteak gogoa ematen dizun ideal hori asmatzeko aukera ematen dizu »

Mckenzie Wark idazle eta ikerlariaren bisita izan dugu abenduaren hasieran Euskal Herrian. Berekin abiatu du Badalabek militantziaz, aktibismoaz eta herrigintzaz egin nahi dugun hausnarketa garaia eta, abiapuntu honetan, Jakin Fundazioa, Euskalgintzaren Kontseilua eta TEKSarea izan ditugu bidelagun. Gogoeta interesgarriak utzi dizkigu.

Ohikoa baino dezente beranduago egin zuen Mckenzie Warkek trans emakume izateko trantsizioa. Eta prozesu horrek bere oroitzapenak aldatu zizkiola azaldu zuen Durangoko Azokaren baitan egindako mahainguruan. Trantsizio hori eta beste ugari biltzen ditu « Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza » (Katakrak, 2024) liburuak, Danele Sarriugartek itzulia eta Jokin Azpiazuren hitzostearekin jantzia. Hiruren arteko elkarrizketan xehetu zituen Warkek nondik norakoak.

« Transok sarritan historiak kontatu behar ditugu. Medikuek erabakitzen dute nor izango garen, justifikatu egin behar izaten dugu, uste dute dena dakitela. Baina guk gure gorputza ezagutzen dugu eta nolabaiteko fikzio bat kontatu behar diegu, asmatu eta ukatu egin behar izaten dugu, bestela ez gara beraien patroietan sartzen. Kategorizatu egiten zaituzte. Nik erabaki nuen ez nuela trantsizioaren narratiba bat egingo, ez nuen eleberri konbentzional bat egin nahi eta gutunen formula erabili nuen. Erabaki nezakeelako nori idatzi, eta harreman bat sortzen duzu idazle eta irakurlearen artean. Horrela erabaki nuen bigarren pertsona erabiltzea eta hori esploratzea ».

Liburuan gutunak idazten dizkie bere amari, ama hildakoan ama rola hartu zuen ahizpari, maitaleei, gazte trans bati eta « jainkosa bati, guztien amari ». “Trantsizio ugari irudikatzen ditut liburuan. Saiatu naiz nire bizitzaren egia hori gorpuzten. Idazketa prozesuaz baliatu gaitezke ikusteko norbera nola eraikitzen den, egoera ulertuz eta gure gorputza editatuz. Genero disforia, disoziazioa eta obsesioa baldin baduzue, baliatu ezazue artelan bat egiteko”.

Transexualitatea jendea harritzeko aukera bat izan daitekeela nabarmendu zuen eta hizkera propioa sortzeko aldarria ere egin zuen. « Asko gustatzen zait hitzak asmatzea. ‘Black lives matter’ garaian idatzi nion liburuko gutun bat Veronicari, trans beltz bat da. Indarkeria polizial handia zegoen, porrot egin genuela sentitzen nuen behin eta berriz, komunismoak porrot egin zuela… Bizitzak fede ekintza bat eskatzen dizu, esan behar diozu zure buruari hau ez den beste mundu bat posible dela. Eta hor asmatu nuen ‘Femmunismo’ termino horretan nolabaiteko ideal hori dago. Komunismoa patriarkala izan da eta ez da hori bilatzen dudan erresistentzia. Asko ez dira ados egongo, baina hautatu egin behar dugu zer nolako feminismoa nahi dugun. Hizkuntzarekin jolasteak gogoa ematen dizun hori asmatzeko aukera ematen dizu ».

Plazerra eta erresistentzia, rave-ak eta askatasuna

« Queer munduan, politika bizirik mantentzea eta elkar laguntzea da, suizidio tasa % 40koa da », laburtu zuen eta erresistentzia horren parte da plazerra. Rave-etara joateak horretan laguntzen dio. « Ez da trantsizioa egin eta alaiago nagoela. Trans disforia sentitzean, konturatzen zara gorputza askatzeko behar hori duzula, besteekin nahasteko beharra, gorputza itxi egiten delako. Musikaren erritmo ozenak beharrezko dituzu. Helburua da izatea leku batzuk non aske sentitzen garen. Festa batera zoaz eta arraro sentitzen dena gizon heteroa da, musikak ez dielako amodioa egiten uzten. Konturatzen zara gizon heteroak ez direla askeak ».

63 urterekin, goiz erretiratzen da ohera eta goizeko 4ak aldera joaten da festara. « Mozkortuta daudenak dagoeneko joan dira etxera, ligatu nahi zutenak ere bai. Geratzen gara musikaren festa horrekin ondo pasa nahi dugunak ».

Eta, Euskal Herrian zer?

Warken hausnarketek utzitako lorratzei eutsi eta militantziaz edo euskalgintzaz zituzten ideiak elkarbanatu zituzten ondoren Sugoi Etxarrik, Ibai Atutxak eta Izar Mendigurenek. « Uste dut falta zaizkigula hitzak euskaldun bezala bizitzen ditugunak islatzeko. Hitz batzuk pentsatzeak sortzen du errealitatea aldatzeko aukera », esan zuen Etxarrik.

Horren inguruan, Warken bere ekarpena egin zuen: « Baliabideak eskaintzen dizkigute hizkuntzek, komunikazioa ahalbidetzen digute, testura eta kolore ezberdinak dituzte. Hizkuntza dominante bat erabiltzeak badu bere desabantaila, hizkuntza hori ez dela inorena. Baina uste dut euskaldunek zuen beharretara egokitutako hizkuntza sortzea lizitoa dela. Transok ere gure hizkuntza sortzen dugu. Brasilgo trans emakumeek, adibidez, badituzte italieratik hitz asko, handik etorri direlako sexu langile asko ».

Atutxak okupazio mugimenduan militatzen du eta Warken liburuan aipatzen den desbideratzeari heldu zion. « Inoiz espazio okupatuetara desbideratu bazara, eta bertan militatu baduzu, erdigunera itzultzean ez duzu berdin ikusiko, sortuko dizkizu ezinegon batzuk. Kultura kontrahegemoniko bat eraikitzen dugu, popularra eta kritikoa dena aldi berean. Eta ez naiz ari utopiaz, eta ezta ere erresistentziaz bakarrik, sormenaz eta eraikuntzaz ari naiz. Mundu berri bat gure espazioetan eraikitzen dugulako. Horregatik da posible denaren astinaldia ».

Harremanez aritu ziren, komunitateak sortzeko sare horiek sortzearen beharraz. Mendigurenek nabarmendu zuen behar batetik sortzen direla aukerak, komunitateak, proiektuak… « Baina autozaintza eta elkarzaintza barik ez dago ez norbanako ez talde osasuntsurik. Harremanak denaren erdigunean jarri behar ditugu, baina zaintzarik ez badago ez da harreman sanorik egongo ».

« Niretzat, hementxe da politikoa pertsonal. Nire barruan geratzen den borroka honako hau da: mundu bat lortzea non denok elkarrekin eseriko baikara Eskerrak Emateko Egunean, maite ditugun guztiekin, eta non aulki bat utziko baitugu libre, behar duenarentzat ».

Bukatzeko, Mckenziek liburuan egiten duen aurreko aipu horri heldu zioten. « Nolako mahaiak, nolako aulkiak behar ditugu guztiok tokia izateko? Batzuk hurbilduko dira, besteek ezingo dute… Badagokigu batzuetan batzuen alde egitea, beste batzuk atzera egin eta batzuk aurrera egiteko. Garai berrietara formatu zaharretan egokitu nahian gabiltza. Denon hitzak balio eta toki berdina izateko, asko daukagu arakatzeko gure espazio eta proiektuetan », esan zuen Mendigurenek.

Atutxaren esanetan, « gai izan behar gara zapalkuntza eta borroka ezberdinak bakoitzak daukan posiziotik ulertzen eta ahalegindu beharko genuke denok mahai berean elkartzen. Nik borroken mahai bat egingo nuke, zeinetan inork ez dion inori logika edo bizipena isiltzen, ulertzen dugu fronte komun horretan etsaia konpartitua daukagula ».

« Uste dut mahai horretan gehiagotan elkartu behar garela », esan zuen Etxarrik, « eta uste dut denen artean prestatu behar dugula bazkaria, ez dela hain garrantzitsua menua, baizik denon artean prestatzea bazkaria ».

McKenzie Wark Euskal Herrian

Zein militantzia eredu behar ditugu? Herrigintza, aktibismoa… Nola artikulatu nahi ditugu?

Badalabetik hausnarketa garai bat abiatzera goaz, eragile eta militante ezberdinekin egin nahi dugun ibilbide bat, eta ilusio handia egiten digu bide hori abiatzeko McKenzie Wark idazle eta ikerlari australiar-estatubatuarra gure artean izateak. Militantziaz, aktibismoaz eta herrigintzaz eztabaidatzeko aukera izango dugu berarekin, euskaraz argitaratu berri den bere « Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza » (Katakrak, 2024) liburuaren abiapuntu hartuta.

Lehenengo geltokia Durangon egingo dugu, bidelagun ezin hobeekin: Jakin Fundazioa, Euskalgintzaren Kontseilua eta TEKSarearekin elkarlanean, eta Durangoko Azokaren eta Katakraken babesarekin, bertako Museoan elkartuko gara.

Idazlearekin batera arituko dira Danele Sarriugarte liburuaren itzultzailea eta Jokin Azpiazu, hitzostea egin diona. Ondoren, saioa osatzeko, mahaingurua egingo dugu Izar Mendiguren, Sugoi Etxarri eta Ibai Atutxarekin.

Donostian eta Iruñean, hitzordu bana

Durangoko aurkezpenaren ondoren, Donostian eta Iruñean ere izango da McKenzie Wark. Abenduaren 7an, Tabakalerako Z aretoan, « Herrigintza, militantzia, aktibismoa. Intersekzioetan nabigatuz » izenburupean, mahai-ingurua egingo dugu. Bertan parte hartuko dute Kuir artxibo biziak eta Kay Subijanak, Danele Sarriugartek dinamizatuta.

Bukatzeko, Iruñeko Katakraken izango da Wark abenduaren 9an, 19:00etan, bere « Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza » liburua aurkezten.

Nahi ditugun komunitateak sortzeko, sareetan ere gure espazio propioak sortu behar ditugu


Elkarrekin pentsatu nahi dugu eta estrategia bateratuak osatu nahi ditugu. Zentzu horretan, pasa den ostegunean UEU eta TEKSarearekin batera antolatu genuen « Komunikazio libreago baterantz trantsizioa » jardunaldiak balio izan digu bide horretan hainbat aukera badaudela ezagutzeko eta horietan sakontzeko gogoa dagoela berresteko.

Osteguneko saioetatik, ondorio garbi bat atera genuen: Gure espazio propioak sortzera goaz. Galdera ez da Twitter-etik atera eta gero zer. Gure buruei galdetu behar diegu ea zer nolako espazioak sortu nahi ditugun, zer nolako komunitateak eraiki nahi ditugun.

Bide horretarako lagungarri izan ziren jardunaldian parte hartu zuten hizlarien esperientzia eta ezagutzak. Rita Barrachina, Shine McShine, Marcel Costa eta Marta G. Franco izan genituen gonbidatu. (Testuaren amaieran dituzu hizlarien sareetarako eta erabilitako materialetarako loturak).

Torrekuan egin genuen goizeko tailerrean, Rita Barrachinak digitalizazio eutopikoaz hitz egin zuen, hau da, egingarria denaz. Lau pausotan banatu zuen tailerra: hausnartu, sortu, lizentziatu eta hedatu. Tresna libreak identifikatzeko jarraibideak eman zituen, fedibertsoaren funtzionamendua azaldu…

Lizentzia mota ezberdinen kasuan, elkarrenganako lizentziak erabiltzeko aldarrikatu zuen, betiereko obra libreak sortzeko eta hedapenari dagokionean, jungla digitala minimizatzeko, RAP neurriak proposatu zituen:

  • Erabili promozionatu gabe: eduki zure espazioa eta horra bideratu eta ez eraman bueltan sare pribatuetara.
  • Eduki esklusiboa ekidin: eta hala eginez gero, sare libreetan izan dadila.
  • Diruz laguntzea ekidin: ez oparitu dirurik sare pribatuei.

Egoak, metrikak eta gobernantza konpartituak

Arratsaldean, hasteko Shine McShine-en esperientzia ezagutu genuen. « Nola trantsitatu komunikazio askeago baterantz? » galderari erantzuteko, berak emandako pausoak azaldu zituen. Irakasle eta dibulgatzaile bat dago goitizen horren atzean eta Twitterren hastapenetatik egon zen sare horretan. « Hasieran aktibismorako tresna bat zen, baina gero nazien eremu bihurtu da. Nik Historia dibulgazioa egiten nuen, kontzientziazio sozialaren pizteko argazki historiko hariak zabaltzen nituen… ».

Bere kontua 173.000 jarraitzaile izatera iritsi zen, baina erantzukizunez eta bere egoaren kontra, Twitter-eko kontua ixtea erabaki zuen eta Mastodonera pasatu zen. Berak argi dauka erreferentzialtasuna galdu duela prozesu honetan, baina aktibismorako beste eremu batzuk deskubritu ditu.

Marcel Costak sareetako metrikak birpentsatzeko gonbita luzatu zigun. « Erabilienak: jarraitzaile kopurua, bisualizazio kopurua, like kopurua, retweet kopurua, erantzun kopurua… Oso sinplistak dira eta komunikazio mota bat indartzen dute. Jende askok azaltzen du elkarrizketak aberatsagoak direla sare sozial libreetan. Nola objetibizatu dezakegu hori? Kalitatea eta kantitatea ez datoz beti eskutik ».

Goizean tailerra eskaini zuen Rita Barrachinak arratsaldean hizkuntzaren kudeaketari heldu zion, berak FediBabel deituko hitzartzean: Hizkuntzaren kudeaketa fedibertsoan, estrategiak, tresnak eta neutraltasun linguistikoa. « Fedibertsoaren fragmentazioaren onena da izaera lokala mantentzen duela, baina globalarekin elkarbizitzan ». Besteak beste, Esperantoaren aldeko aldarria egin zuen: « interneten neutraltasuna estimatzen dugunez eta Fedibertsoari esker protokolo soziodigitalak ditugunez, zergatik ez dugu kontuan hartu behar Esperantoa bezalako hizkuntza lagungarriak eskaintzen dituzten protokolo soziolinguistikoen neutraltasuna? ».

Hemen aurkituko duzue hizlariak berak egindako laburpena.

Azkenik, Marta G. Francok Twitter osteko komunikazio estrategiei heldu zien. Lau baieztapen egin nahi izan zituen: « Gerra kulturala ez da sareetan (soilik) egiten, birala denak ez digu komunikatzeko balio, komunitatea su bajuan kozinatzeko espazioak behar ditugu eta fedibertsoaren gobernantza ireki beharra dago, etika demokratikoarengatik eta indartzeko. Adituak ez garenok ere gure sentitzeko ». Eta proposamen bat luzatu zuen, denon artean fedibertsoaren gobernantzaren inguruan hausnartzeko sareak eraikitzea.

Berria egunkariak elkarrizketa egin dio Martari.

Hizlariak eta erabilitako dokumentazioa:

Eskerrak eman behar dizkiegu parte-hartzaile guztiei eta euren eskuzabaltasunagatik. Euren erabilitako material guztia hemen duzue eskuragarri:

Aldi baterako kontratazio prozesua abian

Badalab hizkuntza berrikuntza partzuergoak aldi baterako kontratazio bat gauzatzeko prozesua abiatu du.

Dokumentu honetan ikus daiteke Batzorde Betearazleak hartutako erabakia: Onartutakoen behin betiko zerrenda, hautaketa prozedura, bibliografia lagungarria, merezimenduen balorazioa, azterketa egunak…

Komunikazio libreago baterantz trantsizioan

Euskal fedibertsoaren lehenengo topaketa egin genuen iaz Badalaben. Aurten, UEU eta TEKS elkartearekin batera indarrak batu eta jardunaldia antolatu dugu azaroaren 21erako.

Sareetako komunikazio librean sakontzeko, estrategiak partekatzeko zein bateratzeko eta euskal komunitateak fedibertsoan* izan dezakeen paperaz hitz egiteko elkartuko gara Errenterian. Horretarako zenbait esperientzia inspiragarri ezagutu eta beraiekin gertutik hitz egiteko aukera izango dugu.

Egunean zehar espazio eta formatu desberdinetan gertatuko da ekimena. Antolakuntza egoki baterako, garrantzitsua da izen ematea hemen edo komunikazioa@badalab.eus helbidean.

* Federazio eta Unibertso hitzen elkarketatik dator Fedibertsoa, alegia, modu federatuan eta irekian edukiak partekatzen dituzten webgune multzoa.

EGITARAUA:

Torrekuan

10:30-14:00. Kultura libre digitalarekin komunikatzeko tailerra. Rita Barrachina

Ibilbide honetan, kultura libre digitala duten proiektuak nola komunikatu ikasiko dugu, ideia bat izaten denetik zabaltzen den arte. Gaur egungo digitalizazioari buruz hausnartuko dugu, ondasun komun digitalak nola sortu eta lizentziatu ikasiko dugu, eta gure proiektuak inkoherentziarik gabe zabaltzeko neurriak eta bitartekoak ezagutuko ditugu.

14:00-16:00: Bazkaria.

Hitzaldiak. Badalaben.

Gidaritza: HDGunea (Xabier Landabidea).

16:30-17: 00: Sare sozialen metrikak birpentsatzen. Marcel Costa

Sare sozialen erabileraren hazkundearen eta haien interakzioaren monetarizatzearen ondorioz, metrika zehatz batzuk finkatu dira sare horietan duten eragina aztertzeko. Hala ere, metrika horiek oso sinplistak dira, eta askotan ez dute elkarrekintzaren kalitatea islatzen, ezta parte hartzen den komunitatearen izaera ere. Metrika berriak imajinatu behar ditugu, interakzio horiek hobeto baloratzeko eta nahi ditugun giza sareetara jotzeko.

17:00-17: 30: Hizkuntzaren kudeaketa fedibertsoan, estrategiak, tresnak eta neutraltasun linguistikoa. Rita Barrachina

Fedibertsoko hizkuntza-aniztasunaren kudeaketa behin eta berriz errepikatzen den gaia da, eta hainbat modutan jorratu izan da: bizikidetza-akordioak, tresnaren funtzionaltasunak edo zerbitzariko konfigurazioak. Hitz egin dezagun neutraltasunaz, tresnez eta hizkuntza-aniztasunerako estrategiez Fedibertsoan.

17:30-18: 00 (Online): Nola transitatu komunikazio askeago baterantz. Shine McShine

18:00: Twitter osteko komunikazio estrategiak. Marta G. Franco

X-ren azken jitoa da sare sozial komertzialen ‘enshitifikazioaren’ ebidentziarik argiena, baina ez bakarra. Argi dago ezin garela plataforma pribatiboen mende egon informatzeko, komunikatzeko edo politikoki online antolatzeko, baina egin al dezakegu sare sozial libreetan? Argudioak, taktikak eta tresnak partekatzen ditugu jokaleku horretan aurrera egiteko.

18:30 Itxiera eta ondorioak. Xabier Landabidea

Erronka digitalak bueltan

Ikusgelarekin batera, Badalabetik berriro heldu diogu Erronka digitalen gaiari eta bigarren bideo sorta bat jarri dugu martxan. Zortzi bideo berri argitaratuko ditugu abendura bitartean.

Erronka digitalak biltzen dituzten azalpen bideo sortak helburu bikoitza du: alde batetik, gai bakoitza ulertzeko tresnak eskaintzea eta, bestetik, hizkuntzaren aldagaiak gai hauek zeharkatzerakoan sortzen dituen kezka, aukera eta galderak elikatzea.

Lehenengo atalean, nortasun edo identitate digitalaren gaiari heldu diogu. Nor gara sarean? Nor izan gaitezke? Gaur egun gure identitatearen zati bat digitala da. Guk geuk eraikitzen dugu gure irudia sarean egiten eta esaten dugunarekin. Eta nor garen hautatu ere egin dezakegu. Horren guztiaren inguruan, zer pentsatua emango digu bideo honek.

Bideoekin batera, bakoitzaren inguruko eduki osagarria topatuko duzu wikipedian, hauxe lehenengoari dagokiona.

Zer nolako komunikazio sistemak beharko ditu euskarak etorkizunean?


Sare sozialak, adimen artifiziala eta emozioak, algoritmoa, marketinga, fake news edo buluak, komunikazioaren kutsadura klimatikoa eta hizkuntza teknologiak hizpide hartuta, euskaratik eta euskaraz etorkizuneko komunikazioaren inguruan hausnartzea izan da Etorkisuneku Komunikazio Laborategiaren helburua.

2023ko urritik 2024ko ekaina bitarte gauzatu den fase hau, hirutik lehenengoa izan da, ondoren etorriko baitira bigarrena -Sormena sustatuz; hausnarketatik esperimentaziora (2024-2025) – eta hirugarrena -Ekosistema artikulatu, ekosistema elikatu (2025 -2026) -. Laster zabalduko dugu bigarren fasean parte hartzeko deialdia.

Zazpi saiotan zehar esperimentazioa izan du ardatz laborategiaren lehen fase honek. Gamifikazioa edo ludikotasuna, ikasketa kooperatiboa eta arazo bati soluzioa ematera bideratuta egon den ariketa espekulatiboa izan dira erabilitako metodologiak. Euskarazko komunikazioaren inguruko hausnarketa burutu ahal izateko saio bakoitzaren edukiak, dinamikak eta ondorioak bildu ditu Badalab Hizkuntza Berrikuntza Laborategiak.

Ondorio nagusiak

Lehen fase honetan nabarmentzekoa izan da Ikus-Entzunezko Komunikazioak edozein adin eta jatorri akademikoko zein profesionaleko pertsonak biltzeko gaitasuna daukala. Saioetan behin eta berriz azaldu legez, indibiduoen bizitzan etengabeko eragina duelako. Ez-jakintasuna handia da, kuriositatea ere bai, eta teknologia berriekiko erakarpen maila altua da, nahiz eta, sormen digitalarekiko salto handiaren falta nabarmena den: adimen artifiziala, esaterako, etengabe dute ahotan, nola erabili jakin gabe.

Ondorioz, eta hizkuntzara etorrita, hizkuntza teknologiekiko distantzia handia igertzen da, ezjakintasuna eta ezagutza faltagatik. Haatik, erabiltzeko potentzial handia dagoela agerikoa da.

Bestalde, ikusi da komunikazioaren inguruko definizioaren akotazioa belaunaldiekin aldatu egiten dela: Z belaunaldiak irudia oso present duen bitartean, gainerakoentzat hitzak eta hedabideak dira zentroa. Hala ere, guztiek dute arazo handia, adibidez, bideojokoek, esate baterako, irekitzen dituzten mundu berriak komunikazioaren esparrutik ulertzeko edota komunikazioa aldaketa klimatikoarekin lotzeko.

Gazteek etorkizuna irudikatzeko ahalmen handiagoa izango zutela uste arren, trebatu behar izan ditugu etorkizuna abstraktuki irudikatzen has daitezen. Hortaz, irudimena lantzeko beharra ezinbestekoa dela berretsi dugu; irudimenik gabe nekez sortuko dute etorkizuneko iruditeria, edota etorkizunaren gogoa.