Euskara eta Digitalitatea Graduondokoa

[Jardunean]

LABURPENA

UEUren Euskara eta Digitalitatea Graduondoan irakasgai baten arduradunak gara: “Gazteen eta aisialdiaren ikuspegia”.
Testuinguru digitalean euskara sustatuko duten aditu eta arituen beharra dugu askotariko alorretan, eta horretarako prestakuntza eskaini nahi du online graduondoko honek. Eskuragarri dauzkagun tresna eta baliabide digitalak ezagutarazteaz gain, gogoeta piztea eta euskararen zaintza eta sustapen teknologikorako estrategiak lantzea da helburua. Gure irakasgaian, zehazki, gazteen aisialdiari erreparatzen zaio. Hizkuntza-ohituren aldaketarako estrategikoak izan daitezkeen palankak identifikatu eta horietan eragiteko proposamenak lantzen dira.

Graduondoan Badalabek eskaintzen duen ikasgaiaren oinarria “Gazteek digitalizazioaz dituzten irudikapen sozialak” ikerketan aurki daiteke, 2023-2024ean burutua.

Ikerketaren esteka webgunean (proiektua): https://badalab.eus/proiektuak/gazteen-irudikapen-sozialak/

Gazteak “natibo digital” gisa ikusten ditugu, baina zer esan nahi du horrek eta zenbateraino deskribatzen du errealitatea? Ikerketaren emaitzek erakutsi zuten gazteek digitalizazioa ikus-entzunezko edukien kontsumo hutsetik irudikatzen dutela. Kontziente dira horrek dakarren arriskuez, hala nola, adikzioa eta datu pertsonalen lapurreta. Alabaina, ez dute beste alternatibarik imajinatzen. Era berean, ez dakite espazio digitalean euskaraz bizi ahal denik edo nola egin, digitalizazioaren fisikotasunean pentsatzea kosta zaie eta arrakala digitala beraientzat arrotza da.

Horrek beste galdera batzuk piztu zizkigun: Gazteen aisialdia ze digitalizazio-eredurekin lotzen da? Digitalizazioak mundu-ikuskera aldatu badu, nola eragin du euskal hizkuntza eta euskal komunitatea ulertzeko eran? Nola baliatu aisialdia eta digitalizazioa gazteen euskararekiko atxikimendua, gaitasuna eta erabilera bultzatzeko?

Irakasgaian zehar hurrengo tesiaren bueltan hausnartzen eta eztabaidatzen aritzen gara, informazio-iturri anitzez baliatuta:

Aisialdiaren (eta bizitzaren) digitalizazioa euskararen biziberritze prozesuaren bidegurutzean dago. Gazteen konpetentzia digitalak lantzeak pentsamendu kritikoa garatzen laguntzen du, hegemonikoak diren espazio eta tresna digitalak problematizatzen dituelako. Horrek eragin zuzena du hizkuntza ideologian, eta beraz, hizkuntza-aktibazioan.

Alegia, egungo gazteek eremu formal nahiz informaletan darabilten digitalizazioa eredu pribatibo bati lotuta dago, neurri handi batean. Esaterako, erabiltzen dituzten sare sozialak enpresa teknologiko oso handi eta atzerritarrek sortutakoak dira, zeinetan tokiko hizkuntza eta kultura lehentasunezkoak ez diren. Gauza bera euren gailu digitaletan dituzten sistema eragile, aplikazio eta bestelako plataformekin.

Horren aurrean, badago teknologia libre eta euskaltzaleetan oinarritutako bestelako digitalizazio-eredua, euskal komunitatetik eta komunitatearentzat sortua dena. Konpetentzia digitalak eredu horretan ardaztuko bagenitu, euskararen biziberritze prozesuan eragingo genuke, tokiko teknologia-garapena sustatzeaz gain.