Gazteek digitalizazioaz dituzten irudikapen sozialak: Euskal Herriko ikasleen kasua

[Amaitua]

LABURPENA

Badalabek 2023/2024 gauzatutako ikerketa da, Leire Lison Nicuesa ikaslearen Gradu Amaierako Lan gisa. Mondragon Unibertsitateko Humanitate Digital Globalak Graduaren baitan egin da. Belaunaldi gazteenei digitalizazioa nabigatzeko berezko gaitasunak eta jakintzak egozten zaizkie. Txikitatik teknologiarekin harremanetan egoteagatik trebeak eta orojakitun direla onartzen da. Baina berrikuntza teknologikoa merkatuaren logiken menpe utzi den aro teknozientifiko honetan, digitalizazioak hartu duen dimentsioak mugikorra edo ordenagailuaren erabilera soiletik haratago doa. Zein da Euskal herriko gazteek digitalizazioaz duten pertzepzioa? Gai al dira digitalizazioa giza-testuinguru batean kokatzeko? Galdera horiei erantzutea helburu duen ikerketa honetan, 6 eskolekin elkarlanean aritu da, Euskal Herriko 5 hiritan: Bilbo, Gasteiz, Errenteria, Baiona eta Iruña. Irudikapen sozialen teorian oinarritutako metodologia berri baten bidez, digitalizazioak zeharkatzen dituen bost arlo landu dira: ekonomia digitala, pribatutasuna eta segurtasuna, hizkuntza teknologiak, jasangarritasuna eta arrakala digitala. Garatu diren 25 saioetan, 12- 16 urteko 136 ikasleren irudikapenak gertutik ezagutzeko aukera egon da. Emaitzek erakusten dute gazteek digitalizazioa ikus-entzunezko edukien kontsumo hutsetik irudikatzen dutela. Kontziente dira horrek dakarren arriskuez, hala nola, adikzioa eta datu pertsonalen lapurreta. Alabaina, ez dute beste alternatibarik imajinatzen. Era berean, ez dakite espazio digitalean euskaraz bizi ahal denik, digitalizazioaren fisikotasunean pentsatzea kosta zaie eta arrakala digitala beraientzat arrotza da.

  1. Zeintzuk dira Euskal Herriko Bigarren Hezkuntzako ikasle gazteek digitalizazioaz dituzten irudikapen sozialak?
  2. Ikastetxeetan soilik gaitasun praktikoak lantzen badira eta, gainera, gizartean nagusitzen den digitalizazio eredua pribatiboa baldin bada, gai al dira euskal gazteak digitalizazioa giza-testuinguru batean ulertzeko?

METODOLOGIA

Metodologia dinamiko bezain plurala erabili da, Irudikapen Sozialen Teorian oinarrituta. Horren arabera, objektu baten inguruko irudikapenak subjektuen arteko komunikazioan sortu eta hedatzen dira. Fokua horretan jarrita, ikasleen arteko komunikazioa eta elkarreraginak lehenesten dituen metodologia berria garatu da. 5 saioetan, 5 gai ezberdin lantzen dituzten dinamikak sortu dira: ekonomia digitala, pribatutasuna eta segurtasuna, hizkuntza teknologiak, jasangarritasuna eta arrakala digitala. Saioak ordubetekoak izan dira eta material fisiko propioa garatu da. Parte-hartzaileak taldeka egon dira eta beraien arteko elkarrizketak sustatu dira. Horretaz gain, ikasle, irakasle eta familiei galdetegiak pasa zaizkiek, ikaslearen testuinguru sozialak eurengan dituzten irudikapenak aztertzeko.

ONDORIOAK

  1. Probintzia eta eskola edozein direla ere, gazteen irudikapenak berdinak dira.
  2. Gazteek badakite egungo ekonomia digitala euren datu pertsonalen salerosketan oinarritzen dela, baina ez dute alternatibarik imajinatzen.
  3. Sare sozialei buruz duten diskurtsoa plataformak sortu ziren garai berdinekoa da, 2005-2010 urteen bueltakoa. Ez du bat egiten beraien egungo praktikekin.
  4. Irakasleek kezka adierazten dute, edukiek ikasleen jokabidean izaten ari diren eragina dela eta: arreta eza, influencer delakoen ereduak, emozioen eta harremanen kudeaketa…
  5. Adikzioa da gehien aipatu duten arriskua.
  6. Ez dakite beraiek babesteko legeak daudela.
  7. Ingurune digitalean ez dira euskaraz bizi eta ez dakite nola egin dezaketen. Ezta ere ez dute interes handirik erakusten.
  8. Digitalizazioaren fisikotasuna irudikatzea kostatzen zaie. Dena hodeian dago.
  9. Ez dakite zer den arrakala digitala.

HURRENGO URRATSAK

Ikerketatik ateratako ondorioekin, Wikikasi Proiektuaren barnean, Erronka Digitalak izeneko ikas-egoera sortu dugu.

Ikusi hemen: https://badalab.eus/proiektuak/wikikasierronkadigitalak/

Horretaz gain, UEUko Euskara eta Digitalitatea graduondoan ematen dugun ikasgaiaren diseinurako oinarri teoriko gisa baliatu dugu.

Ikusi hemen: https://badalab.eus/proiektuak/euskara-eta-digitalitatea-graduondokoa/